2023ko azaroaren 15a: Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoaren Mundu Eguna

0

Biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa batez ere tabakismoak eragiten du, eta 40 eta 80 urte bitarteko pertsonen % 10i eragiten die. Azken urteetan, gaixotasun hau duten emakumeen kopurua handitu egin da. Nolanahi ere, nolabait prebenitu egin daiteke bronkioei eta birikei eragiten dien gaixotasun kroniko hau tabakismoa saihestuz gero eta egonkortu egin daiteke tabakoa erretzeari utziz gero.

 Funtsezkoa da diagnostiko goiztiarra, ondorio garrantzitsuak izan baititzake gaixotasun honek; esaterako, nekea ahalegin txikiak egitean eta bizi-kalitate mugatua. Diagnostiko goiztiarra, bada, erraz egiten da, espirometria baten bidez. Proba azkar eta erraza da, anbulatorioetan eta ospitaleetan egiten dena.

Hainbat ikerketak erakusten duenez, gaixotasun hori daukaten pertsonen % 50 eta % 75 inguruk ez dakite daukatela, dela gaixotasuna hasierako fasean dagoelako, dela pazienteak sintomak gutxietsi egiten dituelako (eztula, karkaxak, katarroak sarri harrapatzea eta, kasu batzuetan, arnasa hartzeko zailtasunak).

Gainera, BGBK ez da arnas aparatura mugatzen; aitzitik, agerpen sistemikoak ditu –eta beste organo batzuei eragiten die–, bai eta lotutako beste komorbilitate batzuk ere (adibidez, kardiopatia, hipertentsioa, osteoporosia, depresioa eta miopatia).

Osakidetzak telemedikuntza txertatu du diagnostikoan, hainbat patologiaren segimendua eta zainketa egiteko. Telemedikuntzako programa aitzindarietako bat teleespirometriarena da; BGBKren plan estrategiko nazionalak saritu du jardunbide egoki gisa. Helburua zera da: espirometriaren kalitatea hobetzea lehen mailako arretan. 2015az geroztik Osakidetzan ezarritako beste telemonitorizazioko programa bat TelEPOC da: osasun-langileek etxean kontrola ditzakete maiz gaixoberritzen diren eta ospitaleko ingresuak behar dituzten BGBK duten paziente larrienak. Pazienteak bere bizi-konstanteak eta galdetegi labur baten erantzunak bidaltzen dizkio berari dagokion ospitaleko erizaintzako profesionalari, smartphone batetik. Datuok aztertu ostean, eta beharrezko jotzen bada, osasun-zentroko medikuarengana bidaliko dute, edo pneumologiako espezialistarengana, edota larrialdietako zerbitzura, ospitaleratu behar izan gabe. Arnas gaixotasuna duen paziente kronikoak, ospitalean sartzen denean, narriadura klinikoa du, eta haren bizi-kalitateak ere okerrera egin du. Ahal denean, pazientea bere etxean kontrolatzen eta tratatzen saiatu behar gara; baina, zainketak erraztu behar ditugu, eta laguntza maila guztietatik lagundu: lehen mailako arreta, ospitaleratzea, praktika aurreratuko erizainak, laguntza psikosoziala. Kalitatezko pneumologia-laguntza emateko ezinbestekoa dira arnas zainketetako etxeko programak, dimentsio anitzekoak eta koordinatuak, hain zuzen ere, etxeko arreta eta ospitaleratzea uztartzen dituztenak, baita arnas terapietako enpresak ere.

Gaixotasun honen oraingo erronkak dira jarduera fisikoa sustatzea, arnas errehabilitazioko programak garatzea eta, logikoa denez, neurririk efikazena tabakorik ez erretzea dela azpimarratzea. Hain zuzen ere azken hori dela eta, tabako-desohitzea nahitaezkoa da BGBK duten pazienteentzat.

BGBKren etorkizuneko lerroa, ikuspegi farmakologikotik, sortzen ari diren medikamentuen (tartean, agente antiinflamatorio berriak eta antigorputz monoklonalak) rol potentziala da. Alderdi nabarmena da, eta gogo handiz ikusten da. Hain zuzen ere, BGBKren etorkizuneko tratamendu farmakologikoko aukeren artean, esku hartzeko estrategia berriak egon daitezke, bai eta inhalazio-terapia berriak ere –maneiuaren bizkarrezurra izan dira azken 20 urteetan–. Biocruces Bizkaian, pneumologia-taldeen lehentasunezko ikerketa-ildoa da biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa.

Azken urteetako beste mugarri garrantzitsu bat, telemedikuntza txertatzeaz gain, ASBIEPOC (BGBK duten Bizkaiko gaixoei laguntzeko elkartea) sortzea izan da.  Elkartearen helburuak honako hauek dira: pazienteei eta haien senideei arnas gaixotasunei buruzko informazioa ematea, pazienteentzako eta pazienteekin jarduerak egitea, arnas gaixotasun kronikoa duten pazienteen tratamenduan inplikatutako profesionalen sareak sortzea, eta gizarteari BGBKri buruzko informazioa ematea. ASBIEPOC pazienteen elkartea prestatu egin da aurten biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoaren eguna ospatzeko; hain zuzen ere, ekitaldi bat egingo dute Bilbon (Barrainkua kalea, 5), 17:30ean, BGBKren egungo agertokian ezinbestekoak diren alderdiak jorratzeko:

  • «BGBKren ibilbidea sortzeko prozesua». Barrualde-Galdakaoko ESIaren esperientzia.
  • Arnas errehabilitazioaren garrantzia BGBKn.
  • Osasun digitalaren eta teleasistentziaren arteko batasuna: BGBK duten pazienteen zainketen etorkizunaren gakoa.
  • BGBK duen pertsonaren begirada osasun-kudeaketan.

Milagros Iriberri Pascual
Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pneumologia Zerbitzuak