Jokin Bildarratz sailburuaren adierazpenak, eskola-jantokiez

0

Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburuak eskola-jantokiak hartu ditu hizpide gaur goizean, enpresa esleipendun batekin jantoki-zerbitzuan antzeman diren arazoak edo «gure ustez ez-betetzeak, batez ere kalitatearen ingurukoak» gertatu direla eta. Adierazi duenez, Hezkuntza Saila prozedura egokieak jarraitzen ari da ez-betetze horiek Zuzenbidearen bidetik erantzun dezaten, Administrazioan egin behar den bezala. «Ondo aztertu behar da. Lehenik eta behin, neurriak hartu behar dira berriro gerta ez dadin – Saila egiten ari den eran –; baina, gertatu denez, neurri egokiak hartu behar dira», adierazi du.

Ildo horretan, gogorarazi du Hezkuntza Sailak ohartarazpen batzuk egin dizkiola enpresari, eta adierazi du «kezka handia» duela Sailak gai honi dagokionez. Hori dela eta, gaineratu du Sailaren esku jarri duela, enpresa horrekin egindako “kontratua bertan behera uzteko borondatea, gutxienez zentroren batean, jantoki-zerbitzuko kalitate-arazoetan berrerortzeagatik».

Bildarratzek gogorarazi du Hezkuntza Sailak 417 ikastetxe publikoren jantoki-zerbitzua kudeatzen duela (hainbat modalitatetan). Jantoki horien kudeaketa 51 lote edo kontratu desberdin izan dituen lizitazio-prozesu baten bidez esleitu da. Zehaztu duenez, arazoak antzeman zaizkion enpresak 17 ikastetxeri ematen die zerbitzua, eta horietatik «bi ikastetxetan sortu dira batez ere arazoak». Gainera, nabarmendu du Hezkuntza Sailak egunero 85.000 otordu baino gehiago ematen dituela, eta horrek, urtearen amaieran, 2 milioi menuko kopurua esan nahi duela. «Administrazioak, zerbitzu hori eskaini ahal izateko, lehiaketa publikoa ireki zuen hainbat loterekin. Aipatzen ari garen enpresak 4 lote ditu «, zehaztu du.