Josu Erkoreka: «Trafikoak ezin du arriskuan jarri herritarren osasuna»

0
  • Eusko Jaurlaritzak bide-segurtasun jasangarriaren aldeko apustua egin du, trafiko-istripuak gertatu aurretik prebenitzeko, erantzunkidetasunaren eta sentsibilizazio-programen bidez
  • Hirietan emisio gutxiko eremuak ezartzea edo erregai alternatiboak erabiltzea ingurumenean eta osasunean trafikoaren eragina murrizten saiatzeko bideak dira

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur goizean inauguratu du Bilbon Mugikortasun jasangarriaren erronka Euskadin: ekimenak eta irtenbideak izeneko trafikoko jardunaldi profesionala. Jardunaldian trafikoak eta mugikortasunak airearen kalitatean eta planeta berotzean dituzten eraginei erantzuteko neurriak aztertu dituzte.

Josu Erkorekak adierazi duenez, trafikoa eta zirkulazioa ezin daitezke izan herritarren osasuna arriskuan jar dezaketen faktoreak, eta beharrezkoa da, beraz, mugikortasun-eredu efizientea eta jasangarria, zati berdinetan, finkatzea euskal ekoizpen-sistemaren lehiakortasuna sendotzeko eta, aldi berean, airearen kalitatea hobetzeko.  Berez, horixe da Eusko Jaurlaritzak aldezten duen bide-segurtasun jasangarriaren ikuspegi proaktiboa, Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako 2025 Plan Estrategikoan hartutako konpromisoei erantzunez, Euskadi Basque Country 2030 Agendan jasota dauden Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokaturik.

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak adierazi du ikuspegi horren helburua dela istripuak gertatu aurretik prebenitzea eta gizartea kontzientziatzea. Hain zuzen ere, horregatik garatzen ditu Eusko Jaurlaritzak era guztietako pertsonak eta, bereziki, kolektibo zaurgarriak, bide-segurtasunaren arloan kontzientziatzeko programak:

  • Ponte en mis ruedas / Jar zaitez nire gurpiletan” estrategia, motor-gidarien kolektiboari zuzenduta.
  • Don’t be Dummy! Para tí no hay respuestos/Zuk ez duzu ordezkorik” programa, gazteei zuzenduta.
  • El riesgo está donde menos te lo esperas. Anda con 100 ojos/Arriskua gutxien espero duzunean dago. 100 aldiz begiratu” ekimena, orain dela hilabete inauguratu zena, 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta.

Hiru panel tematiko

Bide-segurtasunaren arloko adituak elkartu dira Eusko Jaurlaritzak Bilboko Iberdrola Dorrean antolatu duen trafikoko jardunaldi profesional honetan:

  • Erronkak eta aukerak EAEko hiriburuetan Emisio Gutxiko Eremuen (EGE) plangintza egitean” izenburupean, lehenengo panelean parte hartu dute: Olatz Yarzak, Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio arloko zinegotzi ordezkariak; Iñaki Gurtubayk, Gasteizko Udaleko Segurtasun eta Trafikoko zinegotziak; eta Nora Abetek, Bilboko Udaleko alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak.
  • Erregai fosilen alternatiba bideragarriak” izenburuko bigarren panelean parte hartu dute: Pedro Luis Ariasek, UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Teknologiak Departamentuko katedradunak; eta Elías Unzuetak, Petronor enpresako Ingeniaritza Unitatearen arduradunak.
  • Mugikortasuna eta jasangarritasuna: airearen kalitatea, kutsatzen ez duten ibilgailuak eta birziklatzea” izenburupean, hirugarren panelean parte hartu dute: Iosu Ramírezek, trafikoaren planifikazioan eta horren eraginean espezializatutako Leber enpresaren bazkide zuzendariak; Dani Ruizek, hiri-garraio jasangarriko zerbitzuak ematen dituen TXITA enpresaren sortzailekide eta gerenteak; eta Mikel Llonak, automozioko eta beste esparru batzuetako plastiko industrialak birziklatzeko lanetan aritzen den Birziplastik enpresaren CEO eta zuzendari teknikoak.

Klausura

Azkenik, Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako trafikoko zuzendariak eman dio amaiera jardunaldiari, eta bere hitzaldian nabarmendu du: “mugikortasun jasangarriago bateranzko bidea egitea ez dagokie erakundeei bakarrik, baizik eta baita herritarrei eta aldaketarekin konpromisoa hartuta duten eragile guztiei ere, denontzat osasungarriagoa izango den bide-sare bat izan dezagun”.