Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak talde politikoek 2024ko aurrekontuen proiektuari buruz aurkeztutako proposamenak baloratuko ditu

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak talde politikoek Euskadirako 2024 aurrekontu-proiektuari egindako proposamenen balorazio hau egin du gaur:

  • Joan den urriaren 24an aurreratu nizuenez, aurtengoa urte zaila izango da gainerako alderdi politikoekin akordioak lortzeko.
  • Bi eskaerek 300 milioi euroak gainditzen dituzte, baina ez dute kontuan hartzen nondik lortuko diren horretarako beharrezkoak diren baliabideak.
  • Ez dute aintzat hartzen, halaber, Euskadi Europako eskualdea dela eta bete beharreko aurrekontu-egonkortasunari buruzko araudi baten mende dagoela, eta araudi horrek gobernu guztiek errespetatu beharreko arauak dituela.
  • Horrenbestez, proposamenak lekuz kanpo daude ekonomikoki eta bi kasuetan hauteskundeetara begira daude nabarmen.

ELKARREKIN PODEMOS

Elkarrekin Podemos taldearen proposamenak herrialde honen errealitate finantzarioarekiko eta juridikoarekiko urruntasun kezkagarria erakusten du.

Proposamena aztertzean, egiaztatu dugu berriro sartu dituztela aurreko ekitaldietan eztabaidatutako neurriak eta beste gai “berri” batzuk gehitu dituztela, hala nola Estatuko Fiskaltza Nagusiari egindako eskaerak, Gobernuaren baliabideak udalerrietako garraio publikoan erabiltzea, foru-eskumenekoak diren gaiak, edo konpromiso politiko gisa definitzen dituzten elementuak —horien kostua pentsatzen jartzea zorabiatzekoa da—.

Ez du inolako zentzurik negoziazioa irekitzea une honetan arlo politikoan eta ekonomikoan onartezina den proposamena planteatu duenarekin.

EH BILDU

Harrigarria da haren proposamenaren sarrera, ulertarazten baitu euskal erakundeok gaur, 2023an, ekin diogula gure bideari eta orain arte ez dela ezer egin.

Oposizioaren lana ulertzen dut eta benetan errespetatzen dut, baina zeregin horretan neurtzen jakin behar da.

Aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearekin dugun konpromiso politikoari erantzuten dio, eta herrialde honetako zerbitzu publikoak hobetzea eta gure enpresak merkatu globalean lehiakorrak izateko behar den oreka lortzea du helburu.

Euskadik tokikotik lehiatzen da mundu globalean.

Proposatzen diren aldaketa estrukturalak hauteskundeetara begira dagoen posizionamendu argiari erantzuten dio.

Harrigarria da Eusko Jaurlaritzarekin duten eskakizun-maila, eta zer erraza zaien beste eremu geografiko batzuetako inbestidurak edo aurrekontuak babestea.

CIUDADANOS

Eusko Legebiltzarreko (75 ordezkari) Ciudadanos taldeko ordezkari bakarrak egindako proposamenari dagokionez, harrigarria litzateke gai zehatzei buruzko eztabaidan sartzea, haren planteamendu orokorra gure proiektu politikoaren antipodetan dagoenean.

PP

Oraindik ez dugu haren proposamena jaso, eta iristen zaigunean aztertuko dugu; dena dela, hedabideen aurrean egindako adierazpenak ikusita, ez da baikor egoteko modukoa.

 ————–

Alabaina, ezeren gainetik lasaitasuna.

Euskadik, abenduaren 22an, 15.025 M€-ko aurrekontua izango du, eta apustu sendoa egingo du Euskadin bizi-kalitatea bermatu eta hobetzeko, garapen ekonomikoa bultzatzeko eta enplegua sortzeko.

Hala bermatzen du Eusko Jaurlaritzak, EAJ eta PSE taldeen babesari esker, duen gehiengo osoak.

Nolanahi ere, aurrekontu-proiektuari aurkezten zaizkion zuzenketa partzialak baloratuko ditugu.

Zenbateko osoaren % 76 (10.934,4 M€) gizarte-politiketarako jarriko dugu.

Legealdia amaitzeko, 2.000 M€-tik gorako inbertsio publikoa egingo dugu, eta 700 M€-tik gorako inbertsio egingo dugu I+G+Ban.

Legealdi honi amaiera emango diogu % 2,1eko hazkunde ekonomikoarekin eta, batez beste, % 7ko langabezia-tasarekin.

Datu horiek errealak dira, eta agerian uzten dute gure ekonomiaren, gure produkzio-sarearen eta gure erakundeen erresilientzia-ahalmena eta sendotasun handia.