Azpiazuk 2024ko aurrekontu-proiektuak gizarte-zerbitzuen hobekuntza bermatzen duela nabarmendu du Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari egindako aurkezpenean

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari 2024ko aurrekontu-proiektua aurkeztean azpimarratu duenez, “ziurgabetasun globaleko testuinguru honetan, aurrekontua bihurtzen da gure zerbitzu publikoak mantendu eta hobetzeko euskarri eta berme, betiere pertsonekin, garapen ekonomikoarekin, enpleguarekin eta gure planetaren zaintzarekin konprometitutako etorkizuna eraikitzeari begira”.

Joan den urriaren 24an, Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegorako aurrekontu-proiektua onartu zuen. Aurrekontua 15.025,4 M€-koa da eta aurrekontu orokorra 774,7 M€-tan handitu da joan den urtekoarekin alderatuta, hau da, joan den urtekoa baino % 5,4 handiagoa da.

Legealdi honetako azken aurrekontu-proiektua izango den honetan, Azpiazuk kontu publikoen lau puntu kardinalak azpimarratu ditu (pertsonak, planeta, oparotasuna eta autogobernua), eta, aditzera eman duenez, aurrekontuak “Euskadin bizi-kalitatea bermatu eta hobetzeko apustu irmoa dira (Osakidetzan hazkunde handia izan du), baita ekonomiaren garapena eta enpleguaren sorrera bultzatzeko apustu irmoa ere”. Apustu horrekin batera inbertsio publiko handia egin da, 2.000 M€-tik gorakoa (2023an baino % 13,5 handiagoa). I+G+Baren arloan, adibidez, % 6,5eko gehikuntza izan da, 700 M€-tik gorakoa. I+G+Brako aurrekontua % 40 hazi da 2021tik.

 “2024ko aurrekontuak genero-ikuspegiarekiko konpromiso irmoa ere jasotzen du, politika publikoen % 19,2 hartzen baitu, 2023an baino 2,2 puntu gehiago” adierazi du Azpiazuk Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari egindako aurkezpenean. Bertan, Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzaren partidak zehaztu ditu.