Donostiak muturreko hotz-gauetan etxerik gabeko pertsonentzako baliabideak prest ditu

0

La Sirenan gaitutako Neguko Aterpea baliabideaz gain, kaleko arreta emango da bereziki kalteberak diren pertsonei zuzenduta

Donostiako Udalak gaur, azaroak 16, jarriko ditu martxan neguan etxerik gabeko pertsonei larrialdiko arreta emateko aldi baterako baliabideak, hirian muturreko hotza aurreikusten den gauetan aktibatuko direnak.

Eneko Goia alkateak La Sirenako aterpetxea bisitatu du Mariaje Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziarekin batera, eta nabarmendu duenez, «Donostia erreferente bat da etxerik gabeko eta gizarte bazterketa egoeran geratzeko arriskuan dauden pertsonei zerbitzuak emateko orduan, haiekin modu integralean lan eginez egunerokoan, eta larrialdi-egoeretan beharrezkoak diren baliabideak eskainiz«.

Izan ere, etxerik gabeko pertsonentzako urte osoan zehar dauden baliabide iraunkorrez gain, Gizarte Ekintza Zerbitzuak protokolo zabala du, eta hainbat harrera- eta arreta-baliabide aktibatzen ditu neguko muturreko eguraldiak ondorio kaltegarririk izan ez dezan kalean lo egiten duten pertsonen osasunean.

 

Muturreko hotz-gauetarako baliabideak

Duela urte batzuetatik hona, Donostiak etxerik gabeko pertsonentzako harrera zerbitzua du muturreko hotz-gauetarako. Neguko Aterpe hori La Sirenan dago (Igeldo pasealekua, 25) 2021etik, eta azaroaren 16tik apirilaren 1era bitartean aktibatuko da, Euskalmetek kostaldean izozte arriskua dagoela adierazten duen gauetan. Baliabide horrek etxerik gabeko pertsonentzako 100 plaza gehitzen dizkie urte osoan dauden baliabideei.

Neguko protokoloa aktibatzen denean, aterpetxea 22:00etatik 08:30era egongo da irekita, eta sarrera prozedura egokia dela bermatzeko, txartel bat aurkeztu beharko da. Txartel hori aterpean bertan jasoko da, hotz-bolada bakoitzaren irekiera egunean, 10:00etatik 13:00etara. Txartela duen pertsonak eskubidea izango du hotz-boladak irauten duen egun guztietarako plaza izateko. Gainera, irekiera gauetan janaria banatuko da aterpean sartzerakoan eta irteterakoan.

Aurtengo neguan, berrikuntza gisa, arreta berezia eskainiko zaie kalean baliabideetara jo nahi ez duten pertsona bereziki zaurgarriei, Hestia eguneko zentroko hezitzaileek eta DYAko boluntarioek eskainita.

Protokoloa aktibatzen den gauetan, arratsaldeko azken orduan eta goizeko lehen orduan, hezitzaileak etxerik gabeko pertsonek gaua igarotzen duten lekuetara joango dira, haien egoera aztertuko dute, zerbait beroa eskainiko diete eta plaza batera joateko aukera emango diete, babes neurriren bat hartu behar den baloratzez gain.

Baliabidetara joan nahi ez badute, hotzetik babesteko produktu sorta bat emango zaie, besteak beste:

    • lotarako zakuak eta esterilak
    • arropa termikoa
    • eskularruak
    • buff-a
    • txanoa
    • galtzerdiak
    • barruko arropa

Protokoloaren jarraipena egiteko, batzorde iraunkor bat ere sortu da, honako hauek osatua: Gizarte Ekintza zerbitzua, Udaltzaingoa, Ertzaintza, Babes Zibila, Arrats elkartea, SOS Deiak, DYA eta Osakidetzako Larrialdiak.

 

Etxerik gabeko pertsonentzako baliabide iraunkorrak

Gogoratu behar da Neguko Aterpearen zerbitzua baliabide puntuala dela, eta egoera jakin batzuetan aktibatzen dela, baina Donostiako Udalak baditu hainbat harrera gune iraunkor, etxerik gabeko pertsonei laguntza integrala emateko.

Baliabide horiek 143 plaza egonkor eskaintzen dituzte urtean zehar etxerik gabeko pertsonentzat, eta aurten 3 milioi euro bideratuko dira horiek kudeatzeko:

 

    • • Udal Abegi Etxeak (Mons pasealekua, 3)

 

    • • Gaueko Aterpea (Zorroaga gaina)

 

    • • Harrera-etxebizitzek eta tutoretzapeko etxebizitzak b

 

    • • Eguneko Zentroa (Hestia)

 

    • Otorduak II

 

Ate Irekien Zerbitzua 2022an

2022an, Ate Irekien Zerbitzua 10 gauez aktibatu zen, urtarrilean hiru alditan, eta 532 gaualdi zenbatu ziren.