Europako Hezkuntza-ikuskaritza Euskadin elkartu da, Hezkuntza hobetzeko ikerketak duen garrantziaz aritzeko

0
PRUEBA
  • Hezkuntza Ikuskaritzaren Nazioarteko Konferentzia Iraunkorra (SICI) Batzar Nagusia egiten ari da gaur eta bihar Bilbon
  • Europako 37 herrialde eta eskualdetako Hezkuntza Ikuskaritzako 100 profesional inguru batu ditu

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak hasiera eman dio gaur goizean,  Ikuskaritzaren Nazioarteko Konferentzia Iraunkorra – SICI (Standing International Conference of Inspectorates) Bilbon egiten ari den Batzar Nagusiari. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatuta eta «Hezkuntza-Ikuskaritza eta Ikerketa» goiburupean, hezkuntza-arloko ikerketa izango da azaroaren 16an eta 17an burutuko diren hitzaldi eta saioen ardatza. Europako 37 herrialdetako 100 ikuskatzaile inguru batu dira Bilbon, aurten aukeratutako gaiaren inguruan esperientziak partekatu eta eztabaidatzeko. Euskadiko Hezkuntza Ikuskaritza 2028tik da SICIko kide.

Pedrosa sailburuordearekin batera, irekiera ekitaldian parte-hartzaile izan dira Xabier Balerdi Euskadiko Hezkuntzako Ikuskari Nagusia, Janie McManus SICIko presidentea, eta Eider Bilbao, Bilboko Udaleko Hezkuntza zinegotzia. Bilbora hurreratu diren ikuskariez gain, SICIren Batzar Nagusi honetan egiten ari diren saio eta eztabaidak streaming bidez jarraitzen ari dira elkartea osatzen duten Europako gainerako herrialde eta eskualdeetan ere.

Irekiera ekitaldian hitza hartuta, Begoña Pedrosa sailburuordeak SICIk aurten aukeratu duen gaiari izan du hizpide, hain zuzen ere, ikerketa eta hezkuntzaren hobekuntza. «Helburu hori anbizio handikoa da, baina beharrezkoa ikasleen ikaskuntzaz edo horien arrakastaz ari garenean. Izan ere, horretan jarri behar dugu arreta, ekitateaz eta kalitateaz hitz egiten dugunean».

Pedrosa ziur agertu da Euskadiko hezkuntza-politikan erabakiak hartzeko, besteak beste, hezkuntza-ikerketaren emaitzak kontuan hartu behar direla. «Hezkuntzan zer den eraginkorra eta zer ez den hain eraginkorra jakin nahi dugu. Zer antolaketa eta pedagogia-praktikek duten arrakasta, eta zeinek ez hainbeste. Zein den gure egoeraren diagnostikoa, zein diren gure indarguneak eta zertan hobetu behar dugun. Hori guztia ikerketa zientifikoaren irizpideekin «, adierazi du.

Horregatik, hezkuntzan sustatu beharreko hiru alderdi nabarmendu ditu:

Alde batetik, «ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza-komunitatearen barruan egiten dituen hobekuntza prozesuak, ikaskuntza-une eta emaitzetan oinarritutako datuak behatuz eta bilduz hartu ohi diren erabakiak». Bere esanetan, » lan hauek berehalako erantzuna ematen diete eskolen behar espezifikoei».

Bestetik, Hezkuntza Saila euskal unibertsitateekin hezkuntzaren arloan garatzen ari den ikerketa kolaboratiboko estrategia ere nabarmendu du. Estrategia horretan bultzatzen ari diren «hiru ildo estrategikoak» zehaztu ditu: STEAM hezkuntza; hizkuntzak, kulturartekotasuna eta eskola-arrakasta; eta digitalizazioa. «Proiektu horiek ikuspegi berri bat ematen diete eskolei, unibertsitateekin lankidetzan, ikerketari buruzko ikuspegi eguneratuak sustatzeko, eta kontzientzia berri bat sortzen dute irakasleengan, zuzendaritzengan eta ikuskaritzarengan». Sustatu beharreko hirugarren alderdi gisa «ikasleen emaitzen azterketa» nabarmendu du, bai barne-ebaluazioetatik bai kanpo-ebaluazioetatik datozenak.

Hezkuntza-adierazleei dagokienez, sailburuordeak adierazi duenez, «Euskadin oso harro gaude adierazle horietako batzuez». Horien artean, aipatu ditu, eskola-uzte goiztiarraren tasa txikia, «Europako baxuena», eta helduen etengabeko prestakuntzaren portzentaje handia. «Europaren buruan gaude 16 edo 17 urteko ikasleen eskolatze-tasan».

Amaitzeko, gogorarazi du ikerketa zientifikoak «deskribatu eta diagnostikoa egiteaz gain» beste helburu bat ere izan beharko lukeela: “guztioi laguntzea hobekuntza-planak diseinatzen. Ikerketaren ebidentziak eta ondorioek gure tesia eta aldez aurreko ideiak babes ditzaten». Eta ziur agertu da gaur Bilbon abiatu den SICIren Batzar Nagusiaren ondorioak «kalitatea, ekitatea eta gure eskoletako ikasleen inklusioa hobetzera» bideratuta egongo direla. “Ikasleak dira horrelako bileren helburu eta onuradun nagusiak».

Ikuskaritza eta Ikerketa

SICI-k urtero hautatzen du jorratzeko gai bat, parte hartzen duten bazkideek aldez aurretik aukeratua. Aurten, hitzaldia Euskadik antolatzen duen urtean, aukeratutako gaia hezkuntza-eremuko ikerketa eta Ikuskaritzaren rola da. Egunotan Bilbon egiten ari diren bilkuraren helburua da hezkuntza-sistemen kalitatea eta ekitatea hobetzeko jardunbide komunak aztertzea eta jardunbide egokiak eta ikerketak partekatzea. «Hezkuntza Ikuskaritza eta Ikerketa» goiburupean, jardunaldien xede da Ikuskaritza eta hauen konpetentzia profesionalak hobetzea; nazioarteko ikuskaritzen arteko elkarketa eta lankidetza, eta horiek guztiek parte hartzea hezkuntzaren kalitatearen ebaluazioari eta hobekuntzari buruzko nazioarteko eztabaidan. Saioak ingelesez ari dira egiten.

Bilkurari hasiera eman ondoren, lehen hitzaldia Euskadiko Ikuskaritzak eskaini du, jardunaldi hauen gaia ezin hobeto laburtzen duen izenburu honekin: «The role of inspection: Improving the Educational System by research» (Ikuskaritzaren zeregina: hezkuntza-sistema hobetzea ikerketaren bidez). Gai honetan Euskadik duen esperientzia azaldu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikuskaritzako arduradunek.

Egun hauetan egiten ari den Batzar Nagusiaz gain, SICIk nazioarteko hiru tailer ere antolatzen ditu urtean, hautatutako gaiari buruzko nazioarteko ondorioak lantzeko eta bateratzeko. Tailer horietako bat Euskadin egin zen iaz, Gasteizen, 2022ko ekainean, inklusioa, ekitatea, kalitatea eta hezkuntzaren hobekuntza gai hartuta.

Batzar Orokorra hasi aurretik, atzo arratsaldez, Hezkuntza Sailak harrera egin zien parte hartzen duten ordezkaritzei. Lanbide Heziketako euskal sistemari buruzko aurkezpena eta Guggenheim Museora bisita kultural bat izan ziren. Egunotan SICIren urteroko batzarrean parte hartzen ari diren ikuskatzaileak Europako 37 estatu edo herrialdetatik iritsi dira, besteak beste, Luxenburgo, Madeira, Estonia, Austria, Ingalaterra, Eskozia, Irlanda, Norvegia, Finlandia, Georgia, Hego Tirol edo Herbehereetatik.