INTEL-HP proiektuak eraginkortasun handiko bero geotermikoko bonba gama bat garatu du etxebizitza-sektorerako

0

INTEL-HP proiektuak, Vaillant Groupen Gasteizko Lehia Zentroak burutuak, bero geotermikoko bonba gama bat garatu du etxebizitza sektorera bideratuta. “Haren ezaugarri nagusiak eraginkortasun handia eta makinari adimen berria emango dioten prestazio digitalak dira”, nabarmendu du Aitor Urkiolak, Vaillant Groupeko Ikerketa eta Garapeneko zuzendariak.  

R290 hozgarri naturala duen geotermia-gama berriari esker, barne-unitate bat eduki daiteke, segurtasun kontzeptu berritzaile batekin, bai instalatzailearentzat, bai mantentzailearentzat. Gainera, eskaintzen dituen abantailen artean dago “eraginkortasun handia eta zarata murriztea”, Urkiola nabarmentzen duenez. Horrez gain, elektronika-belaunaldi berri bat ere izango du, “konektibitatea integratzeko eta egokitze-kontrol adimendunak izateko”, adierazi du enpresako ordezkariak.  

Geotermiako hozte-zirkuituaren proiektuaren aurrekontu osoa 5 milioi euro ingurukoa da, eta SPRI Taldearen Hazitek dirulaguntzen babesa izan du. Ikerketa eta Garapeneko zuzendariak azpimarratu duenez, “Hazitek laguntzen esperientzia positiboa da. Formula horren bidez I+Gko jarduerak indarrez bultzatzen ditugu”.  

Etxebizitza-sektoreari zuzendua

Bero geotermikoko bonben erabilera “batez ere familia bakarreko etxeetarako eta, neurri txikiagoan, etxebizitza-blokeetarako bideratuta dago. Eta obra berrian instalatzeko zein egungo sistemak ordezkatzeko erabiliko da. Hau da, bere negozio-nitxo nagusia etxebizitza-sektorea da”, adierazi du.  

Gaur egun, INTEL-HP proiektuan 20 pertsonak egiten dute lan Gasteizen, “eta horiei gehitu behar zaie modulua makina osoan integratzen den beste leku batzuetako talde zabala”, zehaztu du Aitor Urkiolak.  

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.