Jar dezagun teknologia euskaldunon alde kanpaina Euskararen Nazioarteko Egunaren ardatza

0

Guztira 160 ekintza antolatuko dituzte hiriko hamasei auzotan Euskararen Eguna ospatzeko.

Aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean teknologiak eta euskarak hartuko dute protagonismo nagusia Donostian. Teknologia berriek, internetek batik bat, bizimodua eta gizartea eraldatu dute. Gauza bera esan daiteke garatzen ari den adimen artifizialari buruz. Teknologiaren eremu zabalean euskarak urrats garrantzitsuak egin dituen arren –hizkuntza teknologian, esaterako, itzultzaile neuronalak garatuz–, etorkizun hurbilean premiak areagotu egingo dira.

Hiru urrats txiki zuretzat, jauzi handi bat euskararentzat

Gauzak horrela, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak teknologia euskaraz erabiltzearen garrantzia nabarmendu nahi du eta hiru ekintza sustatuko ditu.

  • Telefonoa eta internet nabigatzailea ( Firefox, Chrome, eta abar) euskaraz konfiguratzea.
  • Gaitu.eus ekintzak donostiar euskaldun askoren ahotsen grabazioak lortzea du helburu euskarazko ahotsak biltzen dituen datu base erraldoia osatzen joateko.

 

Abenduaren 2an eta 3an ahotsak grabatzeko maratoia Bulebarrean

Abenduaren 2an, 13:00etatik 20:00etara, eta abenduaren 3an, 11:00etatik 19:00etara, donostiar euskaldunek ahotsa grabatzeko aukera izango dute Bulebarrean jarriko den karpan. Herritarrez gain, hiriko eragileak eta entitateak ere bertaratzeko gonbita jasoko dute.

Euskararen Eguna auzoetan

Azaroaren 18tik abenduaren 3ra 160 bat ekitaldi antolatuko dira Donostian barrena. Aieten, Altzan, Amaran, Amaraberrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Ibaetan, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Morlansen eta Parte Zaharrean egitaraua atondu dute bertako batzordeek eta eragileek Ekintza sorta zabala eta anitza prestatu da egun horietarako: Teknologia euskaraz erabiltzeko ekintzak; kultur ekintzak (antzerkiak, liburu irakurketak, kantu jirak, bertso saioak, zinema emanaldiak, kontzertuak eta abar), erabilera sustatzeko egitasmoak (mintzalaguna, mintzodromoak, eta abar), haurrentzako jarduerak edota familian egitekoak (pailazoak, bisita gidatuak eta abar).