UPV/EHUren eta Bordeleko Unibertsitatearen mugaz gaindiko campusak badauka 2027ra arteko ibilbide-orria

0

Euskampus Bordeaux Eguna 2023 da Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen Mugaz Gaindiko Campusak eskuratutako azken lorpenak eta aurrerapenak aurkeztu eta partekatzeko urteroko hitzordu handia. Bilbon ospatu zen lehen aldiz, parte-hartzaile kopuru errekorra bildu zuen. Urtetik urtera proiekzioa eta eta lurraldean duen eragina areagotzen du proiektu ilusionagarri honek.

Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen mugaz gaindiko campusaren euskarri den euroeskualdeko aliantza berritzen hasi zen Euskampus- Bordeaux Eguna, Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak eta Dean Lewis Bordeleko Unibertsitateko presidenteak sinatu zuten hitzarmena, eta horri lotuta 2023-2027 aldirako ibilbide-orri berria dago, ekimenaren eragina handitu nahi duena.

Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusa 2011n sortu zen, UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko bikaintasun programetan oinarrituta, eta DIPC eta Tecnaliaren laguntzarekin. Haren helburuak dira: ikasleei, irakasle-ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei irakaskuntza, ikaskuntza eta gaikuntzarako ingurune berdingabe bat ematea; lankidetza ikerketako espazio puntako bat ezartzea Europan; eta enpresekin, gizarteko erakundeekin, administrazio publikoekin eta herritarrekin, ezagutza eta berrikuntzaren aldeko lurralde ekosistemak sustatzea.

Abian jarri eta hamarkada batera, 2022ko udazkenean, hurrengo etapari buruzko hausnarketa estrategikoari ekin zitzaion. Une horretan, mugaz gaindiko campusak bazituen jada programa finkatuak bere ardatzetako bakoitzean: ikerketan, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategien deialdia eta sarea ditu; hezkuntzan eta enplegagarritasunean, Ocean i3 bezalako proiektuak garatzen ditu, enplegagarritasunerako prestakuntzaren alde, nazioartekotzea, Euskampus esperientzia proiektatu da anbizio handiagoko aliantza batean: Enlight unibertsitate europarra, non UPV/EHU eta Bordelekoa beste zortzi unibertsitaterekin aritzen diren, eta lurralde-garapenean, campusa erreferentzia da euroeskualdko ezagutza-gizartearentzat.

2023-2027 ibilbide-orriaren bidez, programa horien dinamikan sakondu nahi da, bai eta bi unibertsitateen proiektu handiekin hobeto koordinatu ere. Beste helburu batzuk dira Euskadiko eta Akitania Berriko erakundeekin batera finantzatzeko logika bat garatzea; Enlight aliantzan parte hartzeak dakartzan aukerak aprobetxatzea, eta Prestakuntza eta Enplegagarritasun ardatza bereziki garatu nahi da, ikasle gehiagotara iristeko, mugikortasuna sustatzeko eta bazkide sozioekonomikoekiko lotura indartzeko.

Inaugurazioan Eva Ferreira errektoreak nabarmendu zuen bezala, “unibertsitate-proiektu hau gure gizarteek ere partekatzen duten proiektu bihurtu da dagoeneko”. Berarekin eta Bordeleko Unibertsitateko presidentearekin batera egon ziren ekitaldian Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Pierre Hurmic, Bordeleko alkatea; Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea; Arola Urdangarin, Lurralde Lankidetzarako Europako Taldearen zuzendaria, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea; ;Jesús Valero, Tecnaliako zuzendari nagusia, eta Javier Aizpurua, DIPCko ikertzailea.

Lehen jardunaldian Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi (LTC) berri bat ere aurkeztu da. LTCak egoitza bakarra ez duten laborategiak dira. Ikerketa-proiektu komun bat dute ardatz, eta Euskal Herriko eta Bordeleko taldeek parte hartzen dute bertan, dauden baliabideen trukea sustatuz, bai giza baliabideena, bai ekipoena eta kostuena.

LTC berriak AquEus izena du, eta Bizkaiko Golkoan mikroplastikoek eta nanoplastikoek, bioplastikoak barne, ingurumenean izan ditzaketen arriskuak aztertuko ditu. Laborategi honetan, UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko launa ikerketa-taldek hartzen dute parte, Miren Cajaraville UPV/EHUko katedradunak eta Jérôme Cachot Bordeleko Unibertsitateko irakasleak zuzenduta. “Hurrengo lau urteetan, ingurumeneko mikro eta nanoplastikoen arazoari buruzko esperimentu eta analisi berriak egingo ditugu. Zortzi talde horietako batzuk elkarlanean ari ginen, baina LTCk harreman estuagoa eta onuragarriagoa ahalbidetuko digu, bai ikerkuntzan bai prestakuntzan”, azaldu du Cajaravillek. AquEus-ekin zazpi dira Mugaz Gaindiko Campusak sortutako LTCak.

Elkarlaneko jarduerak

Euskampus Bordeaux Egunaren edizio guztietan bezala, proiektuak partekatzeko aukera izan zen, hala nola Bilboko Ingeniaritza Eskolako unibertsitate-enpresa proiektu adierazgarrienetako bi: Bisky Team eta Formula Student Loturak estutzeko eta etorkizunean pentsatzeko parada ere egon zen. Horrela, bada, ‘Gure lurraldeetako trantsizioei erantzun kolektiboak: proiektuak eta ekimenak partekatuz’ diziplina anitzeko eta lankidetza tailerrean, bi unibertsitate-komunitateetako ordezkariek, eta Akitania Berriko Eskualdeko Kontseilukoek, Eusko Jaurlaritzakoek, Akitania Euskadi Navarra Euroeskualdekoek, Bilboko eta Bordeleko udaletakoek, Communauté d’Agglomération Pays Basquekoek, Bitartean Mugaz Gaindiko Merkataritza Ganberakoek eta bestelako elkarte publiko eta pribatuetakoek hiru trantsizioez (digital eta teknologikoa; energia eta klima eta osasuna eta gizartea) hausnartu zuten: Ondorio hauek atera zituzten, besteak beste: digitalizazio iraunkor, inklusibo eta kolaboratiboan lan egin behar dela, teknologia irisgarritasunaren eta arazo konplexuen konponbidearen zerbitzura egon dadin; bizi-estiloan aldaketa sustatu behar dela maila globalean; eta arteaz baliatu behar dela gizartearen arazoak irudikatu eta horiei aurre egiteko.

Transformartez ere gozatu ahal izan zen jardunaldian. Erakusketa horretan bi unibertsitateetako kideek (batzuk artezaleak, besteak artista ospetsuak) mugaz gaindiko lankidetzari buruzko ikuspegia azaldu zuten pinturaren, eskulturaren, arte grafikoen eta poesiaren bidez. Eta ikasi eta ondo pasatzeko aukera egon zen, Euskampus Bordeaux Campusaren barruan jardueran, non hamabost pertsonak beren proiektuak (tesiak edo master amaierako lanak, mugaz gaindiko proiektu eta esperientziak) 173 segundutan azaldu zituzten. 173 dira Bilbo eta Bordelen artean dauden itsas miliak.

Datorren urtean, mugaz gaindiko campusa berriro bilduko da, eta falta diren hamabi hilabetetan elkarlanean aritzen, ikertzen eta gure euroeskualdearen erronkei irtenbideak bilatzen jarraituko dugu.