Bost finantza entitatek urrats berriak eman dituzte euskararen erabilera sustatzeko eta bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko

0

Finantza entitateetan euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko abian jarri dituzten ekimenen berri eman dute gaur, Donostian, Bankoa-Abanca, CaixaBank, Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxako ordezkariek. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Marta Madinabeitia Kutxabankeko Gipuzkoako Sareko zuzendariak eta Iñaki Egizabal Laboral Kutxako Pertsonen Departamentuko zuzendariak hartu dute hitza ekitaldian baina bertan izan dira  Iñigo Calafell Rural Kutxako Erakundeetako arduraduna Gipuzkoan, Ana Urkiza Bankoa Abancako euskara koordinatzailea  eta CaixaBankeko Gaxpar Guembe Instituzioetako Gipuzkoako zuzendaria ere.

Azaroaren 17tik abenduaren 3ra arte, hots, Euskararen Nazioarteko egunera arte, bost entitate hauek Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten kutxazain guztietan mezu bera agertuko da: “Kutxazainetan ere euskara aukeratu. Bai, oso erraza da ;)”. Halaber, Laboral Kutxak eta Kutxabankek Nafarroan dituzten kutxazainetan ere azalduko da. Modu horretan, kutxazainak euskaraz erabiltzeko gonbitea egin nahi diete bezeroei. Kanpainak zabalkunde handia izango du, 1.718 kutxazainetan ikusi ahal izango delako mezu hori.

Ez da, hala ere, martxan jarriko duten ekimen bakarra. Gaurtik aurrera, euskaraz ari den bezeroari kalitatezko zerbitzua bermatzeko gida banatuko diete entitate hauek EAEn dituzten langile guztiei, 4.615, guztira. Nafarroan, Laboral Kutxak eta Kutxabankek dituzten langileek ere gida jasoko dute.  Elkarlanean adostutako gida da, eta bost finantza-entitate hauetako langileek baliatu ahal izango dute, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuarekin. Gidak jarraibideak ematen ditu euskaraz jarduteko hautua egiten duten bezeroak artatzeko, eta sarritan sortzen den estres linguistikoa ekiditeko laguntza emango dio langileari.

Finantza-entitateek eragin nabarmena dute arlo sozioekonomikoan, eta euskararen erabilera bultzatzeko eragile garrantzitsuak eta bide erakusleak dira. Horregatik, oso garrantzitsua da gizartean eta egunerokoan hain presentzia zabala duten erakundeek euskararen erabileran urratsak ematen jarraitzea. Herritar gehienek dute nolabaiteko harremana finantza-entitateekin, eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko konpromisoa hartu dute bost finantza-entitateek. Ondorioz, merkatuan lehiakide diren arren, euskararekin bat egiten dutela erakutsi dute beste behin ere bi ekimen horien bitartez.

Hizkuntza Politikako sailburuorde den Miren Dobaranek adierazi duenez, “bezeroari bere hizkuntzan erantzutea, zalantzak argitzea edo laguntzea kalitatezko zerbitzua ematearen funtsezko elementua da. Zerbitzua euskaraz ematea zerbitzua hobetzea da eta horrek bezeroari ez ezik, erakunde osoari ere onura ekonomiko eta sozialak ematen dizkio”. Sailburuordeak Euskadin bi hizkuntza ofizial daudela gogoratu du eta zerbitzua “maila berean eta kalitatez ematea dakar horrek, baita hizkuntza gutxituaren berreskuratze prozesuaren parte izanez, positiboki eragitea”. Horrela, Dobaranek zoriondu egin ditu finantza entitateak elkarrekin egindako lanagatik eta herritarrak gonbidatu ditu aukera honetaz baliatzera, hau da, euskara finantza alorrean ere erabiltzea.

Bere aldetik, Laboral Kutxako Iñaki Egizabalek azaldu duenez, “bezeroari gauzak samur jarri behar dizkiogu finantzei eta euskarari dagokienez, eta kutxazainetan euskara hautatzea erraza da”. Bestalde, Kutxabank-eko Marta Madinabeitiak aipatu du “kudeatzaileen hasierako agurra eta lehen hitzak erabakigarriak” direla bezeroarekiko hartu-emanetan.

Lankidetza

Finantza entitateek euskararen normalkuntzan egindako ibilbidea luzea da. Eusko Jaurlaritzak 2007an hiru aurrezki kutxarekin sinatu zuen lankidetza hitzarmena, eta 2015ean, bederatzi finantza erakunderekin. 2022an sei entitatek sinatu zuten, eta ordutik aurrera, elkarlanean ari dira Eusko Jaurlaritzarekin batera, beraien entitateetan euskararen erabilera areagotzeko eta bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Erakunde sinatzaileen helburua da bezero eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu onena ematea eta haien beharrak ongien asebetetzea. Finantza erakundeek, gainera, konpromisoa hartu dute parte hartzen duten edo babesten dituzten ekintza eta egitasmoetan euskararen presentzia sustatu eta bermatzeko. Ez da ohikoa merkatuan lehiakide diren entitate handiak elkarrekin lanean aritzea, baina finantza-entitateek euskararen erabilera areagotzeko duten konpromiso sendoa erakusten dute urtero, erronka berriekin.