Kontroleko osoko bilkura

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, nazio-auziari herri bezala erantzuteari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du nazio-auziari erantzuna emateko ahalik eta adostasun zabalena lortzea beharrezkoa dela, herri honen pluraltasuna eta aniztasuna egiazki onartzetik eta errespetatzetik hasita. Urkulluk gogorarazi du “lurralde eztabaida eta nazio aitortzaren” aldarrikapenak aspalditik daudela mahai gainean eta beti defendatu duela “Aldebikotasuna”, “Ezberdinen arteko akordioak”, “Nazio izaeraren aitortza” eta “Adostutakoa betetzeko bermeak” izatea; “hauek guztiak jasota daude Legebiltzar honen Autogobernuaren lantaldearen lanetan” gaineratu du.

EH Bilduri erantzunez Lehendakariak esan du Herri Akordio bat lortzeko beharrezkoa dela ezberdinen arteko elkarrizketa, elkarguneak bilatzea, norberaren posizioetatik harago. Eta azaldu du EH Bilduk mahai gainean jartzen duena dela bloke esklusibo subiranista bat eraikitzea,  aldebakartasunez jardunez. “Hori da zuen prozesu eta bidea ez Lehendakariarena, guk ez dugu aldebakartasuna babestuko” adierazi du.

Galdera,  Jon Hernández Hidalgo Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024ko ekitaldirako aurrekontu orokorretan negoziatzeko borondateari eta konpromiso politikoak onartzeari buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi du gobernuak beti izan duela adostasuna lortzeko borondatea eta akordioak ere dituztela, Legebiltzarrean onartutako legeen erdiak baino gehiagok jaso duelako Gobernua osatzen duten alderdietatik harago, gainerako alderdien babesa. 2024 urterako aurrekontu proiektuaren harira, azaldu du, helburua hasieratik izan dela ahalik eta babes zabalena lortzea eta Gobernuak bere eskura zegoen guztia egin duela horretarako. Besteak beste, adierazi du sailburu guztiek xehetasunez azaldu dituztela sail bakoitzeko aurrekontuak, galdera guztiei erantzuna emanez eta Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak ere lan bilerak egin dituela akordioa lortzeko helburuarekin. “Aurkeztutako proposamenak aztertu ditugu, baina negoziazio esparrua gainditzen duten planteamenduak egin dira, dirusarreren iturriei buruzko inolako aipamenik egin gabe; azken batean, beraz, ez da proposamen errealista eta arduratsurik jaso, hortaz, ez da adostasunetara iristeko benetako borondaterik izan” esan du Lehendakariak.

Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuari dagokionez, Urkulluk berretsi du helburua bikoitza dela zerbitzu publikoak indartzea batetik, eta enplegu aukerak sortzea jarduera ekonomikoa bultzatuz, bestetik.  “Inoizko aurrekonturik handiena da, 15.000 milioi eurotik gorakoa lehen aldiz; lau eurotik hiru gizarte-politiketara bideratzen dituena, iaz baino 650 milioi gehiagorekin eta %2tik gorako hazkundea aurreikusten duena, langabezia %7tik behera kokatzeko” azaldu du Lehendakariak.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo Euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskal Autonomia Erkidegoak gaur egun bizi duen ekonomia- eta lan-egoera kezkagarriari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Euskadiko ekonomia hazten eta enplegua sortzen ari dela, eta  baieztapen hori berresteko hainbat datu eman ditu: azken 10 urteetan, Euskadin langabezia-tasa %16,6tik % 7,5era jaitsi da; 125.000 pertsona gehiago daude lanean; esportazioek % 57 egin dute gora; berrikuntzaren arloan Europako puntako herrialdeen parean kokatu da Euskadi eta aurreikuspena da Euskadiko ekonomikoak goranzko joeran jarraitzea % 1,5eko hazkundearekin eta 15.000 enplegu berri sortuta, Confebasken arabera. «Eta hori guztia lortu da Euskadik hazkunde eta garapen jasangarrirako eredu bat duelako, denboran eta unerik zailenetan eraginkorra dela ikusi den; eta aurkeztu dugun aurrekontua proiektuak, lehen aldiz 2.000 milioi eurotik gorako inbertsioak aurreikusten ditu hazkunde-bide hori finkatzeko edo sendotzeko helburuarekin” azpimarratu du Urkulluk.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa – Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, amnistiari buruzko etorkizuneko legearen inguruan.

Vox taldeko legebiltzarkideak egindako adierazpenei erantzunez, Urkulluk esan du, bere aburuz, Vox-ek ordezkatzen duen eskuin muturraren erreakzioak, aurkeztu den Lege Proposamenaren edukiak baino gehiago mehatxatzen dituela elkarbizitza eta printzipio demokratikoak. «Zilegi da legearekiko jarrera kritikoa azaltzea, baina ez joko-arauak urratzea. Zuek ez duzue onartzen uztailaren 23ko hauteskundeen emaitzatik eratorritako ordezkaritza legitimo eta plurala. Ez duzue onartzen, zuek gabe, gehiengo parlamentario nahikoa badagoela presidente bat izendatzeko eta legegintzaldiari hasiera emateko; azken batean, zuek ez duzue demokrazia bera onartzen «adierazi du lehendakariak.

Urkulluren esanetan, beharrezkoa da arazo politikoari sakonean heltzea; «arazo hori konpontzeko bidea ezin da izan judizializazioa, liskarra eta etengabeko talka; elkarrizketa eta negoziazio politikoa izan behar dira bitartekoak; helburua bizikidetza bultzatuko duen akordio instituzional, politiko eta soziala lortzea bada». «Arrazoi horiengatik- gaineratu du- uste dut lege-proposamen honek aukera ematen diola politikari bitarteko demokratikoen bidez bizikidetza- eta normalizazio-proiektu bati berriz ekiteko; bide bat irekitzen da Estatuaren nazioaniztasuna benetan aitortzeko, euskal nazio-errealitatea aitortzeko, aldebiko erakunde-harremanak normalizatzeko edo, gure Herriaren etorkizun politikoari dagokionez, gizartearen gehiengoaren borondateei adierazpen-bide berriak irekitzeko» adierazi du Lehendakariak.