Biobizkaia Institutuko onkologia pediatrikoko taldeak nazioarteko aitortza jaso du histiozitosiaren ikerkuntzan egindako lanagatik Arceci saria eskuratuta

0

Osakidetzako Biobizkaia Osasun Ikerketarako Institutuko onkologia pediatrikoko lantaldeak 2023ko Arceci saria eskuratu du. Saritutako lanak sepsi larrien eta linfohistiozitosi hemofagozitikoen diagnostikoa hobetzen laguntzen duten biomarkatzaileak ikertzen ditu, horretako pazienteen serumaren azterketa proteomikoak eginez.

Lantaldeak 2010etik aipatutako ikerkuntza arloan egin duen lanaren emaitza da saria, metatutako ahaleginaren eta ezagutzaren nazioarteko aitortza. Egindako ikerkuntza lanaren kalitatearen erakusgarri da beste bederatzi herrialdetako proiektuekin lehian arituta eta gero (Ameriketako Estatu Batuak, Alemania, Txina, Frantzia, Japonia eta Polonia tartean), Biobizkaia Institutuko taldearen ikerketa hamar poster zientifiko onenen artean aukeratua izan dela.

Histiozitosia gaixotasun arraroen multzo heterogeneoa da, neoplasia hematologiko edo immunoeskasia gisa sailkatzen direnak. Histiozitosiaren Elkartea bost kontinenteetan presentzia duen nazioarteko erakunde prestigiotsua da (https://www.histiocytesociety.org/), eta aipatu gaixotasunen ezagutzan sakontzea du helburu, pazienteen pronostikoa hobetzeko asmoz.

Aurten, Histiozitosiaren Elkartearen Biltzarra Atenasen egin da, urriaren 22tik 24ra bitartean zehazki. Bada, bertan eman zen poster zientifiko onenaren Arceci saria. Robert J. Arceci doktorea era tragikoan hil zen 2015ean, eta haur-onkologo handia izan zen, histiozitosian eta haur minbizian aditua.

Saritutako Biobizkaia Institutuko saria Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proiektu baten parte da. Jakintza-alor anitzeko adituak biltzen dituen lanaren egileak, berriz, honako hauek dira: Osakidetzako Biobizkaia Osasun Ikerketarako Institutuko onkologia pediatrikoko ikerkuntza taldeko Susana Garcia-Obregon, Itziar Astigarraga, Miriam Sanchez Saez, David Martin-Pestaña eta Lide Martinez-Insausti; CIC bioGUNE zentroko proteomikako plataformako Mikel Azkargorta eta Felix Elortza; eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko zainketa intentsiboetako unitateetako Victoria Boado Varela (helduak) eta Javier Pilar-Orive, Silvia Redondo eta Manuel Nieto (pediatria).

Biobizkaia Institutuko onkologia pediatrikoko lantaldearen koordinatzailea den Astigarra doktoreak nabarmendu duenez, “oso garrantzitsua da jakintza-arlo anitz integratzea ikerkuntza lanetan, eta, hain zuzen ere, jasotako saria da horren erakusle. Azken finean, unibertsitateekin eta zentro teknologikoekin egindako elkarlanaren emaitza da. Guztia, noski, infekzio larriak eta gaixotasun arraroak dituzten pazienteen osasun-arreta hobetzea helburu hartuta”.

Biobizkaia Institutuak eta CIC bioGUNE zentroak ibilbide luzea egin dute dagoeneko ikerkuntza lanak elkarrekin garatzen, zehazki infekzioekin, histiozitosiekin eta haur-leuzemiekin lotuta proteomikako azterketak egiten. Lan horren emaitza gisa gradu amaierako lanak (David Martin-Pestaña, Lide Martinez-Insausti) eta doktorego tesiak (Javier Pilar-Orive) ere egin dira. Egindako ekarpena biologoen eta medikuen arteko elkarlanaren adibide aparta da, bai eta Osakidetzako Biobizkaia Osasun Ikerketarako Institutuaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta CIC bioGUNE zentro teknologikoaren arteko lankidetzarena ere.