Osasun Sailak komunitate mailako proiektu bati ekin dio bizimodu osasungarriagoa sustatzeko

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Osasuna eta ongizatea irabazi, Tokiko ekintza komunitarioan aurrera eginez proiektuaren berri eman du gaur goizean. Europar Batasunaren laguntza du, eta osasunaren eta ongizatearen inguruko partaidetza-prozesuak sustatzea du helburu.

Partaidetza-prozesuek komunitate parte-hartzailearen ongizatea hobetzen eta, oro har, gizartearen osasuna hobetzen laguntzen dute. Hori posible da parte hartzeak kohesio eta lotura soziala bultzatzen duelako eta pertsonak beren ongizateari dagokionez ahalduntzen dituelako.

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak eta Itziar Larizgoitia Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, ELGAko eta Europako Batzordeko ordezkariekin batera, ekimen honen berri eman dute. Ekimenaren azken helburua esparru estrategiko bat ezartzea da, Euskadiko komunitatearen osasuna eta ongizatea sustatzera bideratutako ekimenen garapena erraztuko duena.

Sagarduik adierazi duenez, osasunaren sustapena Sailaren helburua izan da eta da, Euskadi 2030 Osasun Planaren barruan. “Pertsonei eta komunitateei osasuna hobetzeko behar dituzten baliabideak ematea eta osasunaren baldintzatzaileen gaineko kontrol handiagoa egitea adierazten du”.

Osasuna sustatzeko prozesuan, alde batetik, norbanakoaren trebetasunak eta gaitasunak indartzeko ekintzak sartzen dira, eta, bestetik, gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak aldatzera bideratutako jarduerak, osasunean duten eragin negatiboa arintzeko eta eragin positiboa indartzeko. Azken batean, sailburuak adierazi duenez, “bizitza osasungarriagoa eta osasunerako ingurune mesedegarriagoak sustatu nahi dira, Osasunaren ikuspegitik, Politika guztietan”.

LANKIDETZA-PROIEKTUA

Gaur aurkeztutako hausnarketa- eta lankidetza-prozesua, nagusiki, Euskadin eremu komunitarioan lan egiten duten erakundeen eta eragileen eta entitateen artean garatuko da. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako sailek, foru- eta udal-administrazioek, hirugarren sektoreko elkarteek, gizarte-erakunde publiko eta pribatuek, Unibertsitateko adituek eta Ikerketa Zentroek eta Euskadiko hainbat prozesu komunitariotan parte hartzen duten eragileek parte hartuko dute.

Gainera, Proiektu hau garatzeko, Europar Batasunaren (EB) lankidetza dago, Europar Batasunaren lehentasunezko lan-ildoetako baten bidez, hain zuzen ere Erkidegoaren ekintza bultzatzen duena. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (ELGA) laguntza teknikoa jasoko du proiektuak, eta 2 urteko iraupena izango du.

Ekimena Euskadi 2030 Osasun Planaren lehentasunezko jarduera-ildoetako baten esparruan jasotzen da, eta Ekintza Komunitarioaren arloko beste lan-ildo batzuei lotuta dago, besteak beste Osakidetzak berriki abian jarritako Arreta Komunitarioko Estrategiari, eta beste erakunde batzuek eta hirugarren sektoreak babestutako beste batzuei.

PARTAIDETZA KOMUNITARIOA

Partaidetza komunitarioa agenda publikoaren parte da aspaldi batez, herritarren eskaerak ezagutzeko eta horiei nola erantzun jakiteko. Hala ere, administrazio publikoek zuzentzen dituzte partaidetza-prozesuak, eta gero eta ekimen gehiago sortzen dira komunitateetatik, kezka, behar eta nahi guztiei heltzeko eta ikuspegi komunitario batetik haiei irtenbidea emateko.