100.000 euro Enkarterri eskualdean enpresak sortzeko ekimenak abiarazteko, Lanbide Heziketatik

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Sopuertako San Viator Lanbide Heziketako ikastetxeari 100.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea. Laguntza hau, ikasleei gorabidean dauden sektoreetan enpresak sortzeko ekimenak abian jartzen laguntzeko erabili beharko du ikastetxeak, Enkarterriko eskualdea biziberritzeko eta berreskuratzeko xedez.

Laguntza hau Berpiztu programaren esparruan ematen da. Programa honen helburua da egoera ahulean dauden eskualdeak edo lehentasunezko arretako eremuetan zenbait proiektu eragile dinamizatzea, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko. Enkarterriren kasuan, 2021az geroztik eskualdearen trakzio-proiektuen aukeraketa bat landu da, proiektu horien egingarritasuna, espero den eragina eta kokapen estrategikoa kontuan harturik identifikatuta.

Sopuertako San Viator LHIPIak Lanbide Heziketako zikloak ematen ditu, hainbat arlo estrategikorekin lotura zuzena dutenak, hala nola energia (energia berriztagarriak eta eraginkortasun energetikoa), robotika autonomoa, elektromugikortasuna, nekazaritzako elikagaien prozesu adimendunak eta etxebizitza adimendunak (Enkarterriko eskualdeko zahartze osasungarrirako). Eremu horiek estrategikotzat jo dira proiektuaren helburuak lortzeko, eta ikastetxeak laguntza espezifikoa izan du aurretiaz, ekipoak erosteko eta eskualdea biziberritzea eta berreskuratzea bultzatzen duten ekimenak abian jartzeko. Oraingo laguntza ekonomiko berri hau Lanbide Heziketako ikasleen ekintzailetza sustatzeko ekimenetara bideratu beharko du ikastetxeak, eskualdea berroneratzea eta berreskuratzea sustatzeko.