668.000 euroko laguntza Gueñes, Astigarraga eta Oñatiko udalei, haur-eskoletan egindako inbertsioegatik

0

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du Gueñes, Astigarraga eta Oñatiko udalei zuzeneko dirulaguntza bana ematea, beren haur-eskoletan burutu dituzten azpiegitura-gastuak finantzatzeko. Hurrenez hurren 2021, 2022 eta 2023 urteetan burututako lanegatik dagozkien laguntzen batura 668.587,54 eurokoa da, orotara.

Gueñesko haur-eskolaren kasuan, dirulaguntza honek xede duen lana Eretza Berri ikastetxearen barruan burutu zen, bertako eremu bat haur-eskola gisa erabiltzeko egokitu baitzen. Lanak eraikinaren iparraldeko hegalean kokatutako hiru ikasgelatan egin ziren, baita eraikinaren erdiko patioaren zati batean eta irakasleen gela izan zeneko zati batean ere. Gueñesko Udalak 251.867,30 euro jasoko ditu 2021ean egindako lan horrengatik.

Astigarragakoari dagokionez, udalak haur-eskola lehengo egoitzatik lokal berri eta zabalago batzuetara aldatu zuen 2022an, eta, beraz, 378.000 euroko dirulaguntza jasoko du.

Azkenik, Oñatiko haur-eskolari dagokionez, haur-eskolaren egungo egoitzan bertan gela berri bat egokitu du udalak aurten. 38.720,24 euroko laguntza jasoko du jarduera horrengatik.

Gueñes, Astigarraga eta Oñatiko udalak, Euskadiko beste 177 udalerri bezala Haurreskolak Partzuergoko kide dira. Laguntza honen zenbatekoak Next Generation funts europarretan du jatorria.