A25

0

Hizki horrek eta bi zenbakiek esanahi izugarria daukate guretzat, emakumeontzat.

Egun honetan, Patria, Minerva eta Mª Teresa Mirabal «tximeletek» izandako tragedia oroitzen dugu. Hiru ahizpa ziren, Dominikar Errepublikako aktibista politikoak, eta Trujilloren diktaduraren aurkako erresistentzian rol garrantzitsua bete zuten, baina 1960ko data triste honetan, erregimen diktatorialeko agenteek modu basatian hil zituzten. Geroztik, askatasunaren eta giza eskubideen aldeko borrokaren sinbolo bihurtu dira.

Egun honetan, era berean, indarkeria matxistaren biktima den planetako emakume bakoitza gogoratzen dugu eta omenaldia egiten diogu, arazoaren larritasuna salatzen dugu eta arlo guztietan horri aurre egiteko etengabeko ahaleginak egin behar direla aldarrikatzen dugu.

Pornografia da arlo horietako bat, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen azaroaren 25eko kanpainak jasotzen duen bezala: «Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da»1. Hain zuzen ere, bere kanpainan honako datu hauek ematen ditu:

  • Eszena pornografikoen ia % 90ean emakumeen aurkako indarkeria agertzen da, fisikoa edo hitzezkoa.
  • Pornoarekiko lehen kontaktua batez beste 12 urterekin izaten da.
  • Nerabeen heren baten ustez, pornoak eragin handia du bere sexu-harremanetan.

Deustuko Unibertsitatearen «Pornografiaren kontsumoa bikotekidearen aurkako indarkeriarekin lotuta dago?» azterlanean 2 ondorioztatu denez, aztertutako eraso mota guztiak (sexuala, fisikoa edo psikologikoa) pornografiaren kontsumoarekin estuki lotuta zeuden. Horrez gain, pornografia bortitzaren kontsumoa jarrera neosexistekin, emakumea sexu-objektutzat hartzearekin, indarkeria justifikatzearekin eta bortxaketaren mitoari buruzko sinesmenekin lotuta zegoen.

Balear Uharteetako Unibertsitatearen beste azterketa sistematiko batean ikus daitekeenez, pornografiaren kontsumoa nagusiki indarkeria iraunaraztearekin eta sexu-hertsadurarekin lotzen da, baina baita emakumeen aurkako indarkeria fisiko eta psikologikoarekin ere.

Datuak oso kezkagarriak dira; izan ere, pornoa gure gizarte osoan zabaldu da, doakoa delako eta 24 orduz eskuragarri dagoelako. Hala, sexu-topaketetarako jarraibideen eskuliburu bihurtu da, eta, horren ondorioz, emakumeen aurkako indarkeriazko jarrerak normalizatu dira: «Menderatzen ikasten dute gizonek, men egiten eta umiliatuak izaten ikasten dute emakumeek»1.

Hezkuntza afektibo-sexualaren bidez, alde batetik, ikasgela bakoitzean pornografiaren kontsumoari buruzko informazioa eman behar da, eta, bestetik, familietan, horren eskuragarritasuna eta doakotasuna landu behar da, eta neskatilentzat, emakumeentzat eta, oro har, gizartearentzat dituen ondorio larriak azpimarratu behar dira.

Emakumeok indarkeria matxista jasaten dugun eremu bakoitza ezagutuz eta jorratuz soilik joan gaitezke murrizten azaroaren 25ean gogoratu beharreko emakumeen kopurua.

1 https://www.emakunde.euskadi.eus/a25-2023/webema01-contentemas/eu/
2 https://www.behavioralpsycho.com/wp-content/uploads/2019/12/05.Gallego-27-3.pdf
3https://dspace.uib.es/xmlui/bitstream/handle/11201/157063/Bécognée_Wahnich_Pauline.pdf?sequence=1