Baimenduta Adif-ekin sinatutako garraio hitzarmena, Eusko Jaurlaritzak AHT-a Bilbora sartzeko korridorearen proiektuak eta obra egikaritu ditzan

0

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur baimendu du, Iñaki Arriola sailburuak eskatuta, Garraio Sailaren eta ADIF Alta Velocidad-en arteko hitzarmena, zeinaren bidez Eusko Jaurlaritzaren esku uzten baita Euskadiko abiadura handiko sareko Bilbo-Abando geltokira sartzeko korridorearen oinarrizko proiektua eta eraikuntza-proiektua idaztea eta obrak zuzendu eta egikaritzea.

Gobernu zentralak aurtengo urtarrilean onartutako informazio-azterketaren arabera egingo dira lanak, eta Bizkaiko hiriburuko geltokira sartzeko zabalera estandarreko korridorea sortzean zentratuko dira. Horrek berekin dakar 6,2 kilometroko tunel bat sortzea, dagoeneko egikarituta dagoen Galdakao-Basauri tartetik Bilboko erdialderaino lurpean lotura egiteko.

Proiektuak idazteko estimazioa 5,2 milioi eurokoa da (BEZa barne), eta obrak egikaritzekoa 208,02 milioi eurokoa (BEZa barne). Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko duen zatirako gutxi gorabeherako aurrekontua 226,52 milioikoa da guztira. Aurrekontu horrek, gainera, eragindako zerbitzuak berrezartzea eta ingurumen-integrazioko, segurtasuneko eta osasuneko kostuak barne hartzen ditu, besteak beste. Euskadiko trenbide-sare berriaren lanak, lehenago Eusko Jaurlaritzari enkargatu zaizkionak eta Gipuzkoako adarrean biltzen direnak (gaur egun oso fase aurreratuan daude), ez bezala, hitzarmen honetako lanak ez dira Kupoaren bidez finantzatuko, baizik eta ADIF Alta Velocidad-en aurrekontuen parte izango dira, eta lanak egikaritu ahala egingo ditu ordainketak.

Bestalde, Adif Alta Velocidad arduratuko da gainegituraz —bideak, elektrifikazioa, segurtasun- eta komunikazio-instalazioak eta trenbidekoak ez diren segurtasun-instalazioak, 53,59 milioiko kostu estimatuarekin—, baita eraikuntza-proiektua behin betiko onartu eta gainbegiratzeaz eta obrak hartzeaz ere.

Hitzarmenak hamar urteko indarraldia izango du, beste zazpi urtez luza daitekeena, eta jarraipen-batzorde baten bidez aztertuko da hura betetzen dela. Batzorde hori gutxienez urtean behin bilduko da.