Eusko Jaurlaritzak 4 milioi euro baino gehiago zuzenduko ditu haragitarako behien sektorera

0
  • Aparteko laguntza horien bidez, Eusko Jaurlaritzak haragitarako behi-ustiategiek dituzten zailtasun ekonomikoak arindu nahi ditu, Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz ekoizpen-kostuak handitu egin direlako.
  • Abenduaren 31 baino lehen ordainduko zaizkie laguntzak haragitarako behien abeltzaintzako ustiategien edo behiak gizentzeko ustiategien titularrei 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskadiko haragitarako behien sektoreari aparteko laguntza zuzenak ematea onetsi du gaur, Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoaren ondoren ekonomia babesteko estatuko laguntza-neurriei buruzko denbora-esparru nazionalaren barruan.

4.010.000 euroko ekarpen ekonomikoa da, haragitarako behien abeltzaintzako ustiategien edo behiak gizentzeko ustiategien titularrentzat.

Ukrainako gerrak ondorio larriak izan ditu abeltzaintza sektorean, batez ere, ekoizpen-kostuak igo egin direlako animalien elikadurarako lehengaien prezioak igo ondoren. Gatazka hasi zenetik, pentsuen kostua % 20tik gorakoa da, eta, iaz metatutako igoerari gehituta, % 50era irits daiteke, edo baita % 83ra ere, 2020ko prezioekin alderatuz gero. Egoera ekonomiko hori are larriagoa da haragitarako behien azpisektorean; izan ere, bi urteko errentagarritasun negatiboak pilatu zituen aldez aurretik.

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak aparteko laguntzak ematea erabaki du, Euskadiko haragitarako behien abeltzaintzan diharduten pertsonen diru-sarreren galera arintzeko eta nekazaritza-jarduera horri eusten laguntzeko.

Onuradunak, guztira, 1816 abeltzaintza-ustiategiren titularrak dira, horietatik 1726k behi ume inudeengatik kobratuko lukete eta 529k gizentzeagatik. 439 titularrek bi laguntzak jasoko dituzte.

  • haragitarako behi-azienda duten ustiategien titularrak, 2023an haragitarako behien abeltzain estentsiboentzako laguntza eskatu badituzte eta, 2022ko eskaera bakarrean 5 abere baino gehiago zehaztu zaizkionak behi inudeak mantentzeko laguntza ordaintzeko.
  • behiak gizentzeko ustiategien titularrak, 2023an jaiotze-ustiategian txahalak gizentzeko laguntza elkartua eskatu badituzte, edo txahalak modu jasangarrian gizentzeko laguntza elkartua eskatu baduten, eta 2022ko eskaera bakarrean 5 abere baino gehiago zehaztu zaizkionak gizentzeko behiengatik laguntza elkartuak ordaintzeko.

 

Laguntzen zenbatekoa

Laguntzaren zenbatekoa oinarrizko laguntza batek osatzen du, eta laguntza osagarri bat gehitu ahal izango zaio. Ustiategi bakoitzeko jaso daitekeen gehieneko zenbatekoa 250.000 eurokoa izango da, alde batera utzita ustiategi berak goian aipatutako bi jarduerak garatzen dituen.

Oinarrizko laguntza kalkulatzeko, dirulaguntza jaso dezakeen animalia bakoitzeko zenbatekoa ustiategian dagoen abere-kopuruarekin biderkatu behar da, honako honen arabera:

– 64 € 2022ko Eskaera Bakarrean zehaztutako behi inude bakoitzeko.

– 73 € 2022ko Eskaera Bakarrean zehaztutako gizentzeko behi-buru bakoitzeko.

Laguntza osagarria soilik emango da ustiategiaren titularra emakumea denean edo titulartasun partekatua duten ustiategiei; edo ustiategiaren titularra pertsona gaztea denean (41 urtetik beherakoak) edo pertsona juridiko bat, non gazteen ehunekoa gutxienez % 50 den.

Laguntzaren ordainketak

Onuradunek abenduaren 31 baino lehen jasoko dute emandako laguntzaren zenbatekoa. Eusko Jaurlaritzak gaur onetsi du erabakia eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz jakinarazi du: https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/.