Donostiako Udalak Igeldoko saihesbidea kanpinarekin lotuko duen espaloia eraikiko du

0

Begiristain Doktorearen espaloia, Mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileentzako doako tarifa, Trafikoa kontrolatzeko sistemaren kudeaketa, Mons-Intxaurrondo adinekoentzako etxebizitzak, Atotxa Errekako lursailak

Donostiako Udalak Igeldoko saihesbidearen mendebaldeko irteeraren eta kanpinaren arteko espaloia eraikitzeko obra proiektua onartu du. Proiektuak 1.586.050 euroko aurrekontua eta 6 hilabeteko egikaritze epea ditu.

Proiektu honen helburua hirigunearen eta Igeldoko kanpinaren artean oinezkoentzako ibilbide ahalik eta seguruena sortzea da. Gaur egun, bi puntu horiek lotzen dituen bidea bi bideko galtzada bakarra da, eta, gainera, irregulartasunak ditu.

Proiektuak 4 jarduera nagusi ditu:

  • Oinezkoentzako espaloi bat sortzea, 1,5 eta 2 metro arteko zabalerakoa, bi zonak lotuko dituena
  • Zorua berritzea, bai zabaleran, bai luzeran
  • Telefono-sareak, elektrizitatea eta argiteria publikoa lurperatzea
  • Euri-uren sare berria

Proiektu hau Europar Batasunak finantzatzen du Next Generation funtsen bidez, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilentzia Planaren (PRTR) esparruan.

 

Begiristain Doktorearen espaloia

Tokiko Gobernu Batzarrak Begiristain doktorearen pasealekuan espaloia berritzeko eta ezponda egonkortzeko obren proiektua onartu du, 599.903 euroko aurrekontuarekin eta 4 hilabeteko epearekin.

Konpondu beharreko tartea GI-20 errepidea gainditzen duen zubibidearen eta Illunbera sartzeko adarraren (ospitaleetara igotzeko noranzkoan) hasieraren artekoa da. Lehendik dagoen espaloiko zoladura egonkortu eta berritu egingo da, baldosa hidrauliko hexagonal zuriarekin, eta Donostia modeloko 10 pastilla beltzeko luzetarako eta zeharkako zenefarekin. Mikropilotezko pantaila bat egingo da, galtzadaren kanpoko ertzean ainguratuta, eta espaloiaren zoladura berrituko da, eremua segurtasun-baldintza egokiekin erabili ahal izateko.

 

Mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileentzako doako tarifa

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Donostiako udalerrian bidaiariak errepidez garraiatzeko zerbitzu publikoaren araudia aldatzea (bigarren aldaketa),. Aldaketa horrekin, GFAko Gizarte Politiketako Sailaren irizpideen arabera mendekotasuna egiaztatuta duten pertsonen laguntzaileei doako tarifa zabaltzeko proposamena onartu da.

 

Trafikoa kontrolatzeko sistemaren kudeaketa

Tokiko Gobernu Batzarrak Donostiako Udalaren eskumenekoak diren trafikoa kontrolatzeko instalazioak kontrolatu, ikuskatu, mantendu, kontserbatu, berritu eta konpontzeko zerbitzuak kontratatzeko espedientea onartu du. Lizitazioaren urteko oinarrizko aurrekontua 1.116.846 eurokoa da, eta gauzatzeko epea 3 urtekoa, bi urteko luzapen-aukerarekin, sei hilean behin luza daitezkeenak.

 

Mons-Intxaurrondo adinekoentzako etxebizitzak

Tokiko Gobernu Batzarrak Mons-Intxaurrondoko etxebizitza komunitarioetan adineko autonomoentzako eta mendekotasuna duten adineko pertsonentzako (1. gradua) ostatu zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu du.

Urteko gehienezko aurrekontua 558.454 eurokoa da, eta gauzatzeko epea 2 urtekoa eta balizko 2 luzapen ditu (bakoitzak urteko iraupena izango du, gehienez ere).

 

Atotxa Errekako lursailak

Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman dio Atotxa Errekako a.500.10-11-12-13-14-15-17 eta a.410.1-2-3 lursailak birzatitzeko proiektuari. 10 partzela horiek elkartzearen ondorioz, 16.956 m²-ko azalera duen partzela berri bat sortzen da. Iparraldean 4.500.16 eta a.500.18 partzelekin egiten du muga, hegoaldean a.400.1 partzelarekin, ekialdean Zelaiarte kalearekin eta mendebaldean Markotegi bidearekin.

Horrela, Higiezinen Gune bat sortuko da, 5 finka bananduekin. Bertan, 5 garaje bananduak eraiki ahal izango dira, eta bakoitzaren gainean etxe elkarri atxikien bi eraikin egin ahalko dira. Gainera, etxebizitza guztiek (40 etxebizitza) erabili ahal izango duten aisialdirako gune amankomun bat sortuko da. Jarduketa honekin Atotxa Errekaren eremuaren hirigintza-garapenarekin jarraitzen da.