eLankidetzak hamaika GGKE lagunduko ditu genero desberdintasunak barrutik ezabatzen

0

eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hamaika GKKE lagunduko ditu erakunde barruan funtzionamendu-maila guztietan egon daitezkeen genero-desberdintasunak ezabatuko dituzten prozesuak eta ekintzak sustatzeko. Guztira, hainbat fasetarako 383.320 euro izango dira.

eLankidetzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailean dagoena, urtero deialdi bat egiten du erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko aldaketa prozesuak egiteko, oinarrizkoa baita emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen aurkako borrokan.

Laguntza jasoko duten erakundeen artean, Aldarte, Proclade Yanapay, Gernika Gogoratuz, Mugarik gabeko Ingeniariak, Farmamundi, Bakerako Lankidetza Batzarrea eta Ikertze kultura elkarteak generoaren partaidetza-diagnostikoa egiteko eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzeko baliatuko dute; Setem Hego-Haizeak ekintza plan bat egingo du, eta, planaren ezarpena eta ondorengo ebaluazioa egingo dute Hegoa Institutuak eta Bakea eta Elkartasuna erakundeak.

Aipatzeko da, plan horiek ezartzen direnenean aurreikusten direla sexu eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloak egitea; taldean lan egiteko eta lidergo femeninoak lantzeko prozesuak, edo feminismoetan edo zaintzetan formazioak, besteak beste.

Eusko Jaurlaritza 2009an hasi zen, GGKEetan genero-berdintasunaren aldeko prozesuak bultzatzen. Orain arte, 47 erakunderen 71 proposamen aurkeztu dira. Horietako batzuk, hala nola Setem-Hegoa Haizea, Zehar-Errefuziatuekin edo Bakea eta Elkartasuna urteak daramatzate antolaketa konpromisoa handiarekin eta genero egitura instituzional finkatuen alde lan egiten.