Gidabaimenak euskaraz ateratzeko materiala prestatu du Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak Eusko Jaurlaritzaren babesarekin

0

Ziklomotorreko eta kotxeko gidabaimena ateratzeko materiala euskaraz sortu da eta ikasleek eskuliburuak eta online ikasteko euskarriak izango dituzte eskura

 Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak gaur goizean aurkeztu dute gidabaimenak euskaraz atera ahal izateko materiala. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Euskadiko Autoeskolen Federazioko presidente orde Pedro Dávilak aurkeztu dute Gasteizko Europa jauregian egin den ekitaldian. Gaur egun ziklomotor eta kotxeetarako gidabaimenak euskaraz atera daitezke eta gainera autobus eta kamioietarako gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala laster egongo da prest. Horrela 15 urtetik gorako ikasleek gidabaimenak euskaraz eskuratzeko aukera izango dute:

  • AM (ziklomotorra), A1-A2 gidabaimenak 15 urtetik gorako gazteentzat.
  • B gidabaimena 18 urtetik gorako gazteentzat.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren eta Euskadiko Autoeskolen Federakuntzaren lankidetza honek lau helburu nagusi ditu:

  • Gidabaimenak euskaraz ateratzeko aukerak bermatzea
  • Bide hezkuntzako formazioa euskaraz jasotzeko aukera bermatzea
  • Euskaraz formazioa eman ahal izateko, euskarazko material espezializatua arloko profesionalen eskura jartzea (autoeskolak, irakasleak, eskolak…)
  • Proiektua bizirik mantentzea, eguneraketak eta berrikuntzak txertatuz.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak gaurko prentsaurrekoan adierazi duenez “egitasmo honen funtsa eragileen arteko lankidetzan oinarritu da. Udalerri askok hamarkada bat baino gehiago daramate gidabaimenak euskaraz eskaintzeko ahaleginean. Kanpainak, erraztasunak, material egokitzapenak… hainbat eta hainbat egitasmo hedatu izan dira udalerri askotan. Behar horri erantzun bat eman nahian, Euskadiko Autoeskolen Federazioaren lidergoaren garrantziaz oharturik, Eusko Jaurlaritzak apustu argia egin zuen lankidetza aurrera ateratzeko,   finean tokian tokiko beharrak behar orokorrak direlako eta era koordinatuan egitasmoa askoz eraginkorrago eta sendoago hedatuko delako”.

Bestalde, Pedro Davila, Euskadiko Autoeskolen Federazioko presidente ordeak “aspaldiko irrika” bat azkenean egia bihurtzea eragin duten hiru alderdi nabarmendu ditu: “bata, Hizkuntza Politikaren konpromisoa; bestea, lantalde sinesgarria osatzea; eta azkenik, Euskadiko autoeskolen eta Euskadiko Autoeskolen Federazioaren konpromisoa”.

Lankidetza honekin gidabaimenak euskaraz prestatzeko ohitura sortu nahi da, batik bat gazteen artean eta horretarako prozesu entretenigarria, dinamikoa eta berritzailea diseinatu da. Guztira 4 eskuliburu prestatu dira, bai paperean eta baita  online formatuan ere. B baimenaren kasuan bi eskuliburu egin dira, bat laburtua paperean inprimatuko dena eta B osoa, informazio osatuagoa jasotzen duena online formatuan. Besteak paperean eta online egongo dira. Eskuliburuak eta horien testak, ordenagailuan, tabletetan eta mugikorrean testak egin ahal izateko moduan egokitu dira. Eskuliburuetan, gai bakoitzaren hasieran, ikasleak gai horretan ikasiko duenaren inguruko bideoa txertatu da eta QR bat erabilita ikusi ahal izango da, gainera, azalpen berezia behar duten kontuei buruzko azalpen bideoak ere erantsi dira. Web orrialde bat (https://gidabaimenakeuskaraz.eus/)  eta aplikazio bat ere prestatu dira, euskaraz, hauek ere.

Proiektuaren hizkuntzaren egokitzapenean hainbat eragilek hartu dute parte. Materiala euskaraz sortzeko prozesuan UZEI (Unibertsitateko zerbitzuetarako euskal ikastetxea) izan da bidelaguna.  Ikasleek erabiliko dituzten testei dagokienez, IVAPek (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea) itzuli ditu. Lan hauekin hasi aurretik, aipatu behar da, Trafikoko eskumena duten bi erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa izan dela. Hau da, estatu mailako Trafiko Zuzendaritza Nagusia eta EAEko Segurtasun saileko Trafiko zuzendaritzaren artekoa, azterketen hizkuntza trataerari dagokionean. Eta ezin ahaztu, Hezkuntza sailak ere abian jarri duela Mugikortasun seguru eta jasangarrirako prestakuntzako zikloa euskaraz ikasteko aukera.

Sortu den materiala Euskal Herrian lokalizatuta dago (argazkiak, eredu diren seinaleak, irudiak…). Material guztia online dagoenez, edozein autoeskolak eskaini ahal izango du gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala. Azterketa praktikorako ere irakasleentzako euskarazko terminologia lantzeko tresnak eskainiko dira.

Zupiria sailburuak adierazi duenez “ez da erronka bukatu. Egitura eraiki dugu, gizarteratzeko prest dugu, baina luzera begirako asmoa da gurea. Ohitura sortzea eta gazteak erakartzea dugu helburu, eta horretarako, proiektuaren sozializazio eta zabalkundean dugu orain begia jarrita. Euskaraz sortutako materialak eta ikastaroak ohiko bilakatu nahiko genituzke, gidabaimenak euskaraz eskuratzeko ohitura era natural eta erakargarrian gauzatzea”.

Zabalkundearen lehen urrats bezala, Durangoko azokan “GIDABAIMENAK EUSKARAZ” stand-a jarriko du Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak egitasmoaren berri eman eta materiala erakusteko eta ahalik eta ikasle eta autoeskola gehien proiektura batzen hasteko.