UPV/EHUk boto elektronikoaren bidezko hauteskundeak egingo ditu bihar Klaustroa berritzeko

0

Bihar, azaroak 23, osteguna, Euskal Herriko Unibertsitateak hauteskundeak egingo ditu Unibertsitateko Klaustroa berritzeko, eta bozketa elektronikoa izango da.

Horretarako, UPV/EHUk «Boto “Ataria” jarriko du bere webgunean, eta unibertsitateko kideek horren bidez emango dute botoa goizeko 9:00etatik 18:00 arte. Sistema horri esker, unibertsitateko komunitateak Unibertsitateko Klaustroa berritzeko botoa eman ahal izango du, ordenagailu baten bidez ez ezik, edozein gailu elektronikoren bidez ere, telefono mugikorrak barne.

“Bihar egingo diren hauteskundeak izango dira unibertsitate-komunitateak gure erakundearen kudeaketan aktiboki parte hartzeko beste adierazpen bat —adierazi du Eva Ferreira errektoreak—. Unibertsitateko estatutuek jasotzen dute Klaustroa dela gure komunitateko “ordezkaritza-organo gorena”. Bertan erabaki handiak hartzen dira; beraz, unibertsitateko sentsibilitate eta talde guztiek izan dezakete eta izan behar dute lekua. Horregatik guztiagatik, uste dut garrantzitsua dela guztiok parte hartzera eta unibertsitate-bizitzan inplikatzera deitzea, baita ordezkaritza-organoen bidez ere”.

Nola bozkatu

Ostegunean, azaroaren 23an, www.ehu.eus-etik, «Boto Atarira sartu ahal izango da, eta  hortxe unibertsitateko kideek eman ahal izango dute botoa. Autentifikazio prozesuaren ondoren, hautesle bakoitzak bere sektore eta barrutiko hautagai zerrendak ikusi ahal izango ditu. Sistemak botoa bost aldiz aldatzeko aukera eskaintzen du, eta emango den azkena baino ez da hartuko kontuan.

“Berretsi nire botoa” botoia sakatutakoan, sistemak zigilua jarriko dio boto txartelari eta egiaztagiria prestatuko du, botoa behar bezala eman dela ziurtatuko duena. Botoa berretsi egin dela adierazten duen pantaila agertuko da, hau da, botoa behar bezala eman dela eta zenbaketarako jaso dela.

Sistema horri esker, unibertsitateko kideek edozein terminal elektronikoren bidez eman ahal izango dute Unibertsitateko Klaustroa berritzeko botoa, hala ordenagailuak nola telefono mugikorrak.

Klaustroari buruz

Unibertsitateko Klaustroa unibertsitate-komunitatearen ordezkaritza-organo gorena da, eta haren ebazpenak lotesleak dira UPV/EHUko gainerako organo guztientzat.

Honako hauek dira Klaustroaren eskumenak: Unibertsitatearen Estatutuak lantzea, bere funtzionamendu-erregelamendua onartzea, errektore izateko hauteskundeetarako deialdia egitea, Aldezlea (unibertsiteko defentsorea) aukeratzea eta unibertsitate-erakunde horren funtzionamendurako Erregelamendua onartzea, Gobernu Kontseiluko kideak hautatzea, Gobernu Kontseiluak hala proposatuta, Unibertsitateko Campus berriren bat sortzea, aldatzea edo kentzea, eta bere oinarri estrategikoei buruz erabakitzea.

Unibertsitateko Klaustroa honako hauek osatzen dute: errektorea, bera buru dela; idazkari nagusia, Klaustroko idazkari gisa diharduena; gerentea, eta 240 pertsona, modu honetan banatuta: 135 irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorrei dagozkie; 19 irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreei; 4 gainerako irakasle eta ikertzaileei; 53 ikasleei; eta 29 teknikari eta kudeaketako eta administrazio eta zerbitzuetako langileei. Klaustroko 240 kide horiek aldatuko dira orain.

Ostegunean, hilak 23 bozkatu ondoren, Klaustrokideen behin betiko aldarrikapena abenduaren 1ean egingo da, behin‑behineko aldarrikapenaren kontra egon daitezkeen inpugnazioak ebatzi eta gero.