Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pneumologia Zerbitzuak bikaintasun-maila gorenaren egiaztagiria lortu du loaren eta tuberkulosiaren konplexutasun handiko unitateetan

0

Pneumologia eta Toraxeko Kirurgiako Espainiako Elkarteak (SEPAR) bikain kategoriaren egiaztagiria eman dio Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Loaren Konplexutasun Handiko Unitateari. Era berean, Osakidetzaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Tuberkulosi Unitateari kategoria beraren egiaztagiria berritu dio. Egiaztagirien bidez, unitate horietako osasun-laguntza maila handikoa dela berresten da. Horretarako, beharrezko baliabideak edukitzeaz gain, prestakuntza-planak garatu behar dira eta ikerketa sustatu behar da.

Gaur egun, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Pneumologia Zerbitzuak 10 egiaztagiri ditu guztira

  • Loaren Diziplina Anitzeko Konplexutasun Handiko Unitate Asistentziala (SEPAR).
  • Tuberkulosiaren Konplexutasun Handiko Unitate Espezializatua, bikain kategoriakoa (SEPAR).
  • Asmaren Konplexutasun Handiko Unitate Espezializatua, bikaintasun egiaztatukoa (SEPAR).
  • Oinarrizko AATD unitatea, bikain kategoriakoa (SEPAR).
  • BGBK Unitatea. Diziplina Anitzeko Konplexutasun Handiko Unitatea, bikain kategoriakoa (SEPAR).
  • Helduen Fibrosi Kistikoaren Erreferentziako Unitatea, bikaintasun egiaztatukoa (22/12/16) (Fibrosi Kistikoaren Espainiako Elkartea).
  • Biriketako tronboenboliaren ospitale-laguntzako prozesua. Bikaintasun-maila egiaztatua (SEPAR).
  • Endoskopia eta Pneumologia Interbentzionistako Unitate Espezializatua (SEPAR).
  • Bitarteko Arnas Zainketen Unitateari (BAZU) aintzatespena COVID-19aren garaian (SEPAR).

Loaren Konplexutasun Handiko Unitatea, bikaintasun-mailakoa

Biztanleen % 30ek, gutxi gorabehera, loaren nahasmenduren bat dute.  Loaldiko buxatze-apnea da (LBA) loaren nahasmendu nagusienetako bat; biztanleen % 25-30i eragin diezaieke, azterlan epidemiologiko batzuen arabera. Azken hamarkadetan, tratatu gabeko LBA gaixotasun kardiobaskularrarekin eta garun-hodietako gaixotasunarekin, hipertentsioarekin, 2. motako diabetesarekin, alterazio kognitiboekin, bizi-kalitatearen beherakadarekin eta trafiko-istripuen gorakadarekin lotuta dagoela adierazten duten gero eta ebidentzia gehiago daude. Era berean, loaldiko apnea larria edozein kausagatiko heriotza-tasa handitzearekin lotuta dago. Egitate horiek gorabehera, diagnostikatu gabekoen tasak oso altuak dira, eta horrek osasunean, gizartean eta ekonomian ondorio handiak ditu.

Egoera horretaz jabetuta, SEPARek 2009an loaren unitateak egiaztatzea sustatu zuen. Ildo horretan, gida zabal, malgu, integratzaile, denborarekin aldagarri eta borondatezko bat egin zuen. Loaren unitateak egiaztatzearen helburu nagusia gure pazienteen zaintza bermatzea eta hobetzea da. Konplexutasunaren arabera, hiru unitate mota bereizten dira: Oinarrizko Unitateak, Arnas Unitateak eta konplexutasun handiko Diziplina Anitzeko Unitateak. Era berean, horietako bakoitzak bikaintasun-irizpideak bete ditzake edo ez. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Loaren Unitateak 2015. urtetik zuen diziplina anitzeko konplexutasun handiko unitatearen aitortza, beraz, egiaztapena berritzea zegokion, eta 2023ko deialdi irekian eskatu du.

Honako helburu hauek zehaztu dira deialdi honetarako:

  • Pazienteen zaintza-maila hobetzea, segurtasun eta asistentzia-kalitateko esparru bat ziurtatuz.
  • Baliabideak ezartzea eta horien kudeaketa erraztea.
  • Loaren nahasmenduaren arloko prestakuntza-planak egitea bultzatzea. Loaren Medikuntzaren kalitatea eta ezagutza-maila integrala bermatzea, nazioarteko gomendioen estandarrei jarraituz.
  • Beste diziplina kliniko batzuetako profesionalekiko lankidetza bultzatzea, lankidetza-ingurune batean. Arloak FESMESek bultzatutako unitateen egiaztapenarekiko bateratze-prozesu bat bultzatu nahi du.
  • Loaren nahasmenduei buruzko ikerketa sustatzea.

Egiaztatzea berritzeaz gain, bikain kategoria lortu da. Azken urteotan, osasun-laguntzan, irakaskuntzan eta ikerketan lan garrantzitsua eta berritzailea egin da, eta, gainera, lantaldearen zeharkakotasunean eta diziplina anitzeko ikuspegian sakondu da. Horrek bikain kategoria lortzen lagundu du, zalantzarik gabe.

 

Tuberkulosiaren Konplexutasun Handiko Unitatea, bikaintasun-mailakoa

Konplexutasun handiko unitateek honako osagai hauek eduki behar dituzte: SEPAReko Tuberkulosi Unitateak Egiaztatzeko Batzordeak baldintza gisa eskatzen dituen behar beste baliabide material eta giza baliabide, lan-organigrama egonkor eta diziplina anitzeko bat eta tuberkulosia prebenitu, diagnostikatu eta tratatzeko osasun-laguntza, irakaskuntza edo ikerketaren esparruetako edozein motatako jarduerak egiteko gaitasuna. Era berean, maila txikiagoko unitateetako pazienteei kontsultak egitea eta bideratzea ahalbidetu behar dute.

Tuberkulosia garrantzi handiko gaixotasuna da mundu osoan; zenbait kalkuluren arabera, urtean 10 milioi pertsonari eragiten die eta 1,5 milioi hiltzen dira. COVID-19aren pandemiak osasun-laguntzako zerbitzuetan izan duen eraginaren ondorioz, bi hamarkadatan lehen aldiz, tuberkulosiak eragindako heriotzen kopuruak gora egin zuela jakinarazi zuen OMEk, 2022ko txostenean.

Gure ingurunean, tuberkulosiaren intzidentzia txikiagoa da, urtean 100.000 biztanleko 7,6 kasu ingurukoa. Horrek ez du esan nahi gaixotasuna desagertu denik edo erne egon behar ez dugunik. Populazio kalteberenei eragiten die nagusiki: adinekoei, immunodeprimituei eta endemia maila handiko herrialdeetako etorkinei. Gaixotasun zaharra bada ere (1882), oraindik ez daukagu berau saihesteko txerto eraginkorrik eta tuberkulosiak jendea hiltzen jarraitzen du: % 7ko hilkortasun-tasa du, 2021eko datu nazionalen arabera.

EAEko tuberkulosia kontrolatzeko programei esker tuberkulosiak gure eremuan bilakaera ona izan duen arren, eguneroko jardunean gainditu beharreko erronka batzuk daude oraindik, adibidez: diagnostiko-atzerapena, intzidentzia txikiagatik; aldizka tuberkulosiaren aurkako funtsezko farmakoen hornidurarik ez izatea; eta tratatzeko zailak diren tuberkulosi multirresistenteen kasuen gorakada. Hori dela eta, tratamendu konplexuak aholkatu eta bideratu ahal izateko unitate espezializatuak behar dira, eta SEPARek tuberkulosia prebenitu, tratatu eta haien jarraipena egiteko Tuberkulosi Unitateen egiaztatzea sustatzea justifikatuta dago. Nabarmentzekoa da, gainera, gaixotasun hori eta bere tratamendua pneumologiako espezialitatearen jatorria izan direla, eta, beraz, gure eguneroko zereginarekin lotura estua izan duela.

Gaixotasuna desagerrarazteko OMEren estrategiaren barruan, gaixoen arteko kontaktuak aztertzeak funtsezko rola jokatzen du, eta Tuberkulosi Unitateak funtsezkoak dira jarduera hori beste espezialitate edo asistentzia-maila batzuekin koordinatzeko. Gaixotasunari aurre egiteko, profesional asko behar dira; batez ere, mikrobiologoak, barne-medikuntzako eta gaixotasun infekziosoetako espezialistak, lehen mailako arretako medikuak eta erizaintzako langileak. Beraz, pneumologoei lidergo handia emango dieten diziplina anitzeko taldeak edukitzea komeni da.