Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna

0
PRUEBA

Aurten, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguneko Emakunderen kanpainak honako goiburu hau du: “Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da”.

Nerabezaroa etapa kritikoa da heziketa afektibo-sexualean. Gainera, sexuaren inguruko prestakuntzaren kulturari ez zaio behar besteko garrantzia eman gure gizartean, eta, hala, adingabeak eta familiak orientatzea lanbide duten profesionalak oso gutxi dira; aipatu arloan aukera profesionalak hain urriak izateak, azkenerako, gazteek informazioa indibidualki edo lagunartean bilatzea ekarri du. Are, pornografiarekiko sarbidea hain erraza den gizarte globalizatu eta digital honetan, sexualitatearen erreferente bisual bihurtu da pornografia. Eredu horrek botere-harremanak eta estereotipoak erreproduzitzen ditu nagusiki: pornografiaren iruditerian, gizonak bere sexu-grina asetzeko eskubidea du, emakume menderatuen aurkako indarkeria normalizatzeraino gizonen plazeraren mesedetan.

Batere berdinzalea ez den eredu horren aurrean, funtsezkoa da haurrei eta nerabeei tresnak ematea jasotzen dituzten erreferente matxistak deseraiki ditzaten.

Bada, osasunaren arloko ordezkari gisa, beharrezkotzat jotzen dugu Osasunaren Mundu Erakundeak emandako sexu-osasunaren definizioa gogora ekartzea: “sexualitatearekin lotutako ongizate fisikoa, emozionala, mentala eta soziala”. Are, aipatu ongizatea lortzeko, zer behar den ere zehazten da: “sexualitatearen eta sexu-harremanen ikuspegi positiboa eta errespetuzkoa, baita sexu-esperientzia atseginak eta seguruak izateko aukera ere, inolako hertsapen, diskriminazio eta indarkeriarik gabe”.

Aipatu premisak oinarri eta harreman osasungarriak helburu hartuta, indarkeria prebenitzeko estrategiarekin bat egin behar du erabat osasun-arretak. Ikuspegi komunitarioa lantzea, hezkuntza eragileekin eta familiekin elkarlanean, aukera paregabea da nerabeengana iristeko. Eta, bide batez, adituen gomendioak aintzat hartuta, nerabe guztiei kalitatezko sexu-hezkuntza eskaintzeko.

Ildo horretan, gure erakunde sanitario integratuan indarrean jarritako egitasmo bat gogoratu behar dugu adibide praktiko gisa, Kontxa Karrantzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan 2020an gauzatutako “Nerabezaroko hezkuntza afektibo-sexuala, genero-indarkeriaren prebentzioa eta sexualitateari lotutako arriskuak nerabezaroan” programa. Azken finean, gure erakunde sanitario integratuan berdintasunaren eta osasunaren alde lan egiteko dugun nahiaren eta aukeren erakusgarri bat gehiago da, bete-betean bat egiten duena bai profesionalen konpromisoarekin bai Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Osakidetzaren I. Planarekin.