Eva Ferreira ENLIGHT unibertsitate partzuergoko buru

0
UPV
PRUEBA

Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak ENLIGHT aliantzako Gobernu Batzarreko buru kargua hartu du gaur Upsalan (Suedia), hiri horretako unibertsitateko errektore Anders Hagfeldt-en eskutik. Kargua txandakakoa da. Errektorea sei hilabetez izango da ENLIGHTeko buru, eta epe horretan euskal unibertsitate publikoak gidatuko du Europako unibertsitate aliantza hau.

UPV/EHUko errektoreak proiektuaren estrategikotasuna azpimarratu du, bai eta ekimena epe honetan gidatzearen erantzukizuna ere: Bikaintasuna eta askonahia ditu ezaugarri Europako unibertsitateen ENLIGHT aliantzak. Espazio ireki bat sortu gura dugu ikasleek, irakasle-ikertzaileek eta gestioko langileek lankidetzan, sormenez eta modu berritzailean lan egin ahal izan dezaten, betiere garapen jasangarria, konpromiso globala eta gizarte eraldaketa xede izanik. Estutu egingo dugu kideon arteko elkarlana, eta aliantza hau benetako unibertsitate europar bihurtuko dugu, balio komun batzuen inguruan diharduena eta gizarte gero eta solidarioago, oparoago eta inklusiboago bat bultzatuko duena”.

ENLIGHT (hau da, European university Network to promote equitable quality of Life, sustainability, and Global engagement through Higher education Transformation) hamar unibertsitateren aliantza bat da, eta bere helburua da Europako goi mailako hezkuntza eraldatzen laguntzea, ikasleei berrikuntzarako ezagutzak, trebetasunak eta ahalmena eskainiz, hartara gai izan daitezen gaur egungo erronka sozialei aurre egiteko, eta bizi kalitate bidezkoa eta jasangarria sustatzeko. Proiektua 2020ko uztailean onartu zuen Europako Batzordeak. Hasieran bederatzi unibertsitate zeuden taldean: Bordelekoa (Frantzia), Galwaykoa (Irlanda), Gantekoa (Belgika), Gottingen (Alemania), Groningen (Herbehereak), Komenius-Bratislavakoa (Eslovakia), Tartukoa (Estonia), Uppsalakoa (Suedia), UPV/EHU. Aurten Bernako (Suitza) unibertsitatea batu zaie. Guztiak ere unibertsitate jeneralistak dira, eta nabarmentzen dira bere ikerketaren bikaintasunagatik eta gizartearekiko konpromisoagatik. Guztira, 330.000 ikasle baino gehiago biltzen dituzte.

Oraintsu, Europako Batzordeak ENLIGHT aliantza hautatu du, Europako Unibertsitateen Erasmus+ 2023 deialdiaren barruan, datozen lau urteetan zehar 14,4 miloi euro jasotzeko. Irakatsi, ikasi eta ikertzeko modu kooperatiboago, irudimentsuago eta berritzaileagoak bultzatzen dituzten ekimen akademikoak diruz laguntzea da helburua.