Nerea Melgosa: «Desgaitasuna duten Pertsonen Justiziarako Irisgarritasun Planak laguntza-neurri judizialak betetzeko prozedurak hobetzea aurreikusten du»

0

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailburu Nerea Melgosak gaur goizean adierazi duenez, «Desgaitasuna duten Pertsonen Justiziarako Irisgarritasun Planak laguntza-neurri judizialak betetzeko prozedurak hobetzea aurreikusten du. Bertan, laguntzeko neurri judizialak hartzea errazteko ekintza batzuk biltzen dira, hala nola kuradoretza eta zaintza edo defentsa judiziala, estandar eta irizpide homogeneoak ezarriz, eta prozedura horietan informatzen edo erabakitzen duten instantzia instituzional desberdinak kontuan hartuz.»

Hurkoa fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzak antolatutako «Desgaitasuna babesteko legea egin eta bi urtera, zer aldatu da?» jardunaldian hartu du parte Melgosak. Topaketa Donostiako Aquariumeko ekitaldi-aretoan egin da.

Desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatzen laguntzeko legeria zibila eta prozesala erreformatzen duen Legea duela bi urte jarri zen indarrean. Bada, lege hori indarrean sartu zenetik, Hurkoa Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzak «lege-erreformaren ezarpena nola garatzen den» gaiari buruzko hausnarketa sustatu dute.  Nerea Melgosarekin batera, ekitaldian parte hartu dute, besteak beste, Zainketetako eta Gizarte Politiketako foru diputatu Maite Peñak, Estatuko Fiskaltza Nagusiko Salako fiskal Maria Jose Segarrak eta Hurkoako presidente Jose Luis de la Cuestak.

Lege-aldaketak

Melgosak adierazi duenez, «8/2021 Legeak, ekainaren 2koak, paradigma aldatu du desgaitasuna duten pertsonen eskubideei dagokienez; izan ere, gehiegizko babesa ematen duen legeriatik ezgaitzea eta tutoretza desagerrarazten dituen legeriara igaro gara.  Gainera, desgaitasuna duten pertsonen gaitasun juridikoa aitortzen du, beren erabakitzeko autonomia areagotuko duten laguntzekin gauzatu ahal izatea erraztuz».

«Dirudienez, lege berriak oso alderdi positiboak ditu; izan ere, balio performatiboa kontuan hartzen du eta bertako enuntziatuak ekintza bihurtzen ditu. Baina, batzuetan, araua gauzatzeko bitartekoak jartzen ez direnean, arau hori ezerezean gera daiteke. Beharrezkoa da legeen aplikazioa etengabe ebaluatzea», esan du Donostiako foroan.

«Egungo legeak aurreko ezgaitze-, tutoretza- eta ordezkaritza-sistema desagerrarazi zuen, eta haren ordez laguntza-sistema bat ezarri du. Horrek aldaketa hain handia ekarri du, ezen prozedura berria operadore juridikoek asimilatu behar baitute, eta horrek sentsibilizazioa eta prestakuntza eskatzen du, gaindituta dauden premisekin inertziaz jarduten jarrai ez dezaten», azaldu du sailburuak.

Nerea Melgosak gaineratu duenez, «lege berri honek berekin dakar kasu bakoitzean pertsona bakoitzak behar dituen beharrak eta laguntzak indibidualizatzeko prozedura eta protokolo eraginkorrak eta efizienteak egotea”. Bere garaian egindako kritiketako bat honako hau izan zen: «ez zituen behar beste aintzat hartzen desgaitasun kognitibo larria, sortzetikoa edo eskuratua zuten pertsonak, baimena emateko ezintasun iraunkorra zutenak eta oinarrizko jardueretarako laguntza behar zutenak».

Salbuespenak

«Egia da gaur egungo legeak kuradoretza ordezkatzailea aurreikusten duela, baina pertsonaren borondatea, nahiak eta lehentasunak zehaztea ezinezkoa den salbuespenezko kasuetan —ahalegin handia egin arren—, laguntza-neurriek ordezkaritza-funtzioak barne hartu ahal izango dituzte. Lege berriak desgaitasun larria duten pertsonen zaintzaileak eta senideak burokrazia zailetan murgiltzea ekarriko zuen beldurra zegoen», argudiatu du Melgosak.

«Lege berriak tutoretza-erakundeek —hala nola Hurkoa Fundazioak— egiten zuten lana birplanteatzera behartu du; are gehiago, kontuan hartuta haiek laguntza ematen dieten pertsona asko desgaitasun larriko egoeretan egon daitezkeela, eta, egoera horretan, laguntza-kuradoretza ez ezik, kuradoretza ordezkatzailea ere behar dutela. Gaurko Aquariumeko jardunaldiak balio izan digu, tutoretza desagertu ondoren, pertsona horientzako laguntzak ezartzeko nolako zailtasunak dauden ikusteko», azpimarratu du euskal justizia eta politika sozialen titularrak.

Nerea Melgosak hauxe adierazi du: «Euskal Autonomia Erkidegoan bizi-luzetasunak gora egin duenez, zahartzaroa berriz definitu behar izan da. Bertan, gero eta zaharragoak diren pertsona autonomoak eta aktiboak, eta laguntza eta zaintza behar duten mendeko pertsonak barne hartzen dira. 2021-2024 Adinekoekiko Euskal Estrategiak beste formulazio bat erantsi du; formulazio horrek adinekoen parte-hartzea eta autonomia barne hartzen ditu, baita zainketa-eredu berri bat sustatzea ere. Horrek eragina du bai Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoan, bai lantzen ari garen Zaintzaren aldeko Itun Sozialean».

Desgaitasuna duten Pertsonen Justiziarako Irisgarritasuna

«Desgaitasun-egoeran dauden pertsonentzako bizimodu independentearen eredu bat garatzearen aldeko apustua egin dugu, eta horretan ari dira lanean Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren barruan sortutako Desgaitasun Batzordean, non desgaitasunen bat duten pertsonen elkarteek hitza duten.  Justiziaren esparruan, Desgaitasuna duten Pertsonen Justiziarako Irisgarritasun Plana egin dugu», iragarri du Melgosak.

Sailburuak zehaztu duenez, «Laguntza-neurri judizialak emateko prozedurak hobetzea» deitzen da plan horren proiektuetako bat. Bertan, laguntzako neurri judizialak hartzea errazteko ekintza batzuk biltzen dira, hala nola kuradoretza, zaintza edo defentsa judiziala, estandar eta irizpide homogeneoak ezarriz, eta prozedura horietan informatzen edo erabakitzen duten instantzia instituzional desberdinak kontuan hartuz.

«Oraindik asko dago egiteko berehalako premiei erantzuteko eta gizarte inklusiboago eta aniztasuna errespetatzen duen baterako baldintzak sortzeko. Justizia-administrazioaren, lanbide juridikoen, gizarte-zerbitzuen eta, oro har, gizartearen esparruan prestakuntza eta sentsibilizazio handiagoa behar da, guztiok onartu behar baitugu paradigma berri hori», nabarmendu du.

Melgosak ezinbestekotzat jotzen du «pertsona bakar bat ere ez dela erabat independentea eta autonomoa onartzea, pertsona guztiak interdependenteak garela eta laguntza behar dugula onartzea, nahiz eta batzuetan laguntza horiek jasotzea eta beste batzuetan ematea egokitzen zaigun. Horrela, bizitza erabat duin baten esperientzia bultzatzeko eta, azken batean, desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala guregandik at ez dagoela onartzeko».

Lege berria

Desgaitasuna duten pertsonei beren gaitasun juridikoa baliatzen laguntzeko legeria zibila eta prozesala erreformatzen duen Legea duela bi urte jarri zen indarrean. Bada, lege hori indarrean sartu zenetik, Hurkoa Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzak «lege-erreformaren ezarpena nola garatzen den» gaiari buruzko hausnarketa sustatu dute.

«Duela bi urte udako ikastaro bat antolatu genuen Donostian UPV/EHUrekin. Bertan, Lege berria aurkeztu zen, eta lege horrek zuzenean aplikatzean izango zituen aldaketei buruz hausnartu zen. Gaur ezagutu ditugu Legea ezartzeak dituen aukerak, zailtasunak eta erronkak», adierazi du Melgosak.

Inaugurazio-hitzaldia Salako Fiskalaren Fiskal Ondokoak aurkeztu du. David Mayor. «Legearen itxaropenei» buruzko mahai-inguru bat egin da, eta bertan honako hauek parte hartu dute: Kataluniako Malats Mentals Fundazioko zuzendari Victòria Monellek, senideen ordezkari Rosalía Sánchezek eta Hurkoa Fundazioko Laguntza Neurrien arloko zuzendari Susana Montesinok; guztiak José Ignacio del Pozok moderatuta.

Bigarren Mahai-inguruari «Kuratela eta beste laguntza-neurri batzuk» izena eman zaio eta bertan hauek parte hartu dute: Bilboko Lehen Auzialdiko Epaitegiko 14 zenbakiko —desgaitasuna duten pertsonei emandako laguntzetan espezializatua— magistratu eta Euskadiko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko desgaitasunen arloko ordezkari Patricia Arrizabalagak, Eusko Jaurlaritzako Justiziako zuzendari Eugenio Artetxek, eta Estatuko Notariotzaren Kontseilu Nagusiko lehendakari eta Madrilgo Notarioen Elkargoko dekano José Ángel Martínez Sanchizek. Andikona Uriartek moderatu du eztabaida. Gipuzkoako Probintziako Fiskalburu Juan Ramón Calparsorok, Estatuko Notariotzaren Kontseilu Nagusiko lehendakari eta Madrilgo Notarioen Elkargoko dekano José Ángel Martínezek eta Hurkoako presidente José Luis de la Cuestak eman diote amaiera Jardunaldiari.