U-CROSS proiektuak aireontzietan korrosioa fase goiztiarretan detektatzea lortu du

0

Enpresek aurre egin beharreko erronka handienetako bat korrosioa kontrolatzeko aukera da, egitura eta material funtzionalen bizitza baliagarria luzatzeko; izan ere, fase goiztiarretan detektatzeak konponketen kostu handia minimiza dezake. Aeronautikaren sektorean, korrosioak eragindako kalteak ondorio kritikoak izan ditzake, egitura baten funtzionaltasunari eraginez, eta, detektatzen ez bada, ondorio katastrofikoak ekar ditzake. 

U-CROSS proiektu europarra 2019ko urriaren 1ean hasi zen martxan, eta duela gutxi emaitza esperantzagarriak lortu ditu garatu duen monitorizazio-sistemarekin aireontzietan korrosioa diagnostikatzeko eta aurreikusteko. 

Proiektuaren ardatza korrosioa bere egoera hasiberrian detektatzea izan zen, emisio akustikoaren teknikan oinarritutako monitorizazioaren bidez, egitura aeronautikoen segurtasuna mehatxa lezaketen kalte kritikoei aurrea hartzeko. Horrela, airelineek irtenbide ekonomikoagoak hartu ahal izango lituzkete, sektorearen lehiakortasuna hobetuz. Irtenbide hori bat dator hegazkingintzaren inpaktu ekologikoa murrizteko eta jasangarritasuna sustatzeko helburuekin. 

CIDETEC Surface Engineering-en koordinaziopean eta Dassault Aviation-en zuzendaritzapean, U-CROSSek emaitza hauek lortu ditu laborategiko lan esperimentalari esker eta kanpoko giroan benetako esposizioa eginez. Erregistratutako Emisio Akustikoko datuak ikertzeko egindako azterketa aurreratua funtsezkoa izan da, monitorizazio-sistema baten bidez aluminio-aleazioei kalte egiten dien korrosio lokalizatuaren lehen etapak  edo pinturaren azpiko korrosioa detektatzeko. Eta, bestetik, estalduraren degradazioa eta korrosioak erasandako aluminio-aleazioaren bizitza baliagarria aurreikusteko ereduak definitu ziren. Emaitzak Emisio Akustikoan oinarritutako monitorizazio-sistema baten bidez baliozkotu ziren, aireontzi batetik ateratako eta ingurumen-baldintza errealetan jarritako panel batean instalatuta, eta, horrela, korrosioa zehaztasun handiz kokatzea lortu zen. 

Proiektuaren lau urte hauetan, CIDETECen helburu nagusia emisio akustikoko NDT sentsoreak gaitzea izan da, margotutako aluminio-aleazioen korrosio filiformea eta esfoliazio bidezko korrosioa aztertzeko. Hori lortzeko, korrosio mota bakoitza erreproduzitzeko eta erantzun akustikoa identifikatzeko metodologia bat garatu behar izan da. Eta, azkenik, iragazitako datuak eskuratzeko sistema bat inplementatu da, ingurune egokian baliozkotzeko. 

Proiektua Clean Sky 2 programaren barruan dago eta horren helburua aire-garraioko teknologia garbiagoak garatzea da, ahalik eta lasterren ezartzeko. U-CROSS 1,5 milioi euro ingururekin finantzatu da. Gainera, Communauté d ‘Universités et Etablissements Université Bourgogne – Franche – Comte (UBFC), Titania Ensayos Proyectos Industriales S.L., Mistras Group SAS eta Lyongo Institut National des Sciences Appliquées erakundeek parte hartu dute. 

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.