‘Zain barneko terapietarako medikazioaren infusio ekipamendu optimizatzailea’ eta ‘Yekar’ Manuel Laborde sariak lortu dituzte

0

‘Zain barneko terapietarako medikazioaren infusio ekipamendu optimizatzailea’ ekimenak eta ‘Yekar’ master amaierako lanak lortu dituzte Manuel Laborde Welinder sariak XXIII. edizioan. Osasunaren eta adimen artifizialaren (kirolean aplikatutako teknologia) sektoreetako lanak dira eta epaimahaiak bi ekimenetan aitortu ditu proiektu horien balio proposamena, merkatutik gertu egotea eta proiektua heltzeko gai den talde sustatzaile bat egotea. 

‘Zain barneko terapietarako medikazioaren infusio ekipamendu optimizatzailea’ ekimenak irabazi du ‘Ekimen berri berritzailea’ saria eta identifikatuta dagoen osasun sistemako arazo baten berrikuntza planteatzen du, zeinak eragin handia baitu osasun sisteman. Arantzazu Ampudiak aurkeztu du ekimena eta ekintzaile horrek UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearekin (Donostia) izandako lankidetzaren ondorioa da. Epaimahaiak proposatutako irtenbidearen garapen maila eta osasun praktikako kontrastea azpimarratu ditu. Sariak 7.000 euroko laguntza ekonomikoa du, proiektua garatzeko BIC Gipuzkoak emandako babesaz eta aholkularitzaz gain.

‘Yekar’ lana saritu da ‘Gradu amaierako lanak – Master amaierako lanak – Doktorego tesiak’ kategorian eta, horren bidez, powerliftingeko atleten errendimendua optimizatu nahi da Pose Prediction teknologia erabiliz. Jon Galarraga ekintzaileak aurkeztutako master amaierako lana da. Nabarmentzekoa da UPV/EHUko ekosistemarekin duen lotura, proiektua garatzen jarraitu ahal izateko. Kategoria honek 3.000 euroko laguntza jasoko du, ekimena garatzeko BIC Gipuzkoaren babesaz eta aholkularitzaz gain.

Proiektu berritzaileak unibertsitate ingurunean 

Edizio honetan 8 hautagaitza aurkeztu dira: ‘Ekimen berri berritzaileak’ kategorian 5 eta ‘Gradu amaierako lanak – Master amaierako lanak – Doktorego tesiak’ kategorian 3. Epaimahaiaren iritziz “aurkeztutako proiektuen kalitateak argi utzi du beste behin UPV/EHU funtsezko eragilea dela Gipuzkoako eta EAEko ekosisteman, enpresa-proiektu berri eta berritzaileak eta balio erantsi handikoak garatzeko”. Aurkeztutako ekimenak Gipuzkoaren garapenerako hazkundearen eta espezializazio adimendunaren estrategiarekin lerrokatuta daude eta osasun, adimen artifizial, silver economy, digitalizazio eta ekonomia zirkular jasangarriaren sektoreetakoak dira.

Entrepenari programatik sortu ziren Manuel Laborde Werlinden sariak eta UPV/EHUren Gipuzkoako Campusak eta BIC Gipuzkoa Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak garatzen eta kudeatzen dituzte. Horien xedea da ekintzailetzako ideiak eta proiektuak sustatzea unibertsitatearen ingurunean. Edizio honetan aurkeztutako hautagaitzak UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileenak, tituludunenak, graduondokoa egin dutenenak edo UPV/EHUko azkeneko mailako ikasleenak izan dira.

Sariak emateko ekitaldia 

Sariak emateko ekitaldia Euskal Herriko Unibertsitateko Joxe Mari Korta zentroan izan da. Ekitaldian izan dira Ane Insausti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen diputatua; Agustín Erkizia, UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Leyre Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria; Marisa Arriola, BIC Gipuzkoako zuzendaria; eta ekintzailetza, unibertsitate, zientzia eta enpresa arloetako hainbat pertsona. Erakundeetako ordezkariek azpimarratu dute garrantzitsua dela ideia eta proiektu berriak sustatzen jarraitzea, Gipuzkoako enpresa ehunaren eraldaketan aurrera egiten jarraitu ahal izateko.

Sariak emateko ekitaldian izan dira Yosu Vara eta Eneko Aldaba, Quimatryxen sortzaileak, eta beren esperientziaren berri eman dute ‘Quimatryx: UPV/EHUtik klinikara, kasu arrakastatsua minbiziaren aurkako botiken garapenean’ hitzaldian.