Elebiden hizkuntza eskubideen urraketarekin lotutako 212 intzidentzia jaso ziren iaz, aurreko urtean baino 65 gutxiago

0
  • Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak jasotzen dituen kexa gehienak, %78,6, esparru publikoan gertatutako eskubide-urraketekin lotuta daude
  • Urraketen %96 euskara erabiltzeko eskubidearekin lotuta dago

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Elebideren, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren, 2022ko txostena. Bertan batzen denez 2022an hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 212 intzidentzia erregistratu ziren Elebiden, aurreko urtean baino 65 gutxiago.  212 intzidentzia horietatik 8 baliogabetu egin ziren aurreko baten errepikapena edo errakuntzak zirelako. Gainontzeko 204 intzidentzietatik 8 ez ziren onartu intzidentzia izapidetzeko oinarri juridikorik ez zegoelako. Ondorioz, 2022an 196 intzidentzia izapidetu ziren.

Izapidetutako intzidentzia guztien artean, 178 kexak izan ziren, eta horien artean 171tan (% 96) urraketa euskara erabiltzeko eskubidearekin lotuta egon zen; eta, 7 kasutan, eskubide-urraketa gaztelaniarekin lotuta egon zen. Kexa guztien % 78,6 (140 kexa) esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak ziren, eta % 21,4 (38 kexa) esparru pribatuari zegozkien. Gainontzeko intzidentziak kontsultak (12), eskaerak (5) eta iradokizunak (1) izan dira.

  1. urtean zehar Elebide zerbitzura zuzendu diren intzidentzien % 71,57 (146 intzidentzia) gizonezkoek aurkeztu dituzte, eta % 28,43 (58 intzidentzia) emakumezkoek.

Kexak esparruz esparru

Kexa guztien % 78,6 esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak izan ziren eta horietatik gehienak EAEko Administrazio Orokorrari (% 50) eta Toki Administrazioari (% 34,3) lotuta gertatu ziren.

Honela banatzen dira EAEko sektore publikoari dagozkion kexak:

  • 22 Eusko Jaurlaritzaren arau urraketen salaketak izan ziren (Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak, 5; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasuna eta Ingurumena, 4; Ekonomia eta Ogasuna, 1; Gobernantza Publikoa eta Autogobernua, 4; Hezkuntza, 2; Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioak, 2; eta, azkenik, Segurtasuna, 4)
  • 45 Eusko Jaurlaritzaren erakunde eta sozietate publikoek jaso dituzten kexak dira (horietatik 33 Osakidetzak jaso dituen kexak dira; Eusko Trenbideak 2 kexa jaso ditu; Eusko Trenbide Sareak 1; Osatek-ek, 2; HABEk, 1; Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak, 1; Lanbidek, 1; EJIEk, 1; Kontsumobidek, 1; IZENPEk, 1; UPV-EHUk, 1).
  • Foru aldundien kontra aurkeztutako kexen kasuan 2022an 11 kexa jaso ziren, 2021ean baino 4 gutxiago.
  • Toki administrazioei dagokienez, 48 kexa jaso ziren, aurreko urtean baino 3 gehiago. Arabako udalek 4 kexa jaso zituzten 2022an, 2021ean baino 2 gehiago. Bizkaiko udalei eta haren menpeko erakundeei dagokienez, 44 kexa jaso zituzten guztira 2022an, 2021ean baino 3 gutxiago.  Azkenik, Gipuzkoako udalek 4 kexa jazo zituzten 2022an, 2021ean baino 4 gehiago. Izan ere, 2021ean ez zuten kexarik jaso.
  • Estatuko Administrazioari eta haren erakundeei eta sozietateei (Correos y Telégrafos SA, Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioa, Barne Ministerioa eta Renfe) zuzenduta, 9 kexa izan dira, 2021ean baino 14 gutxiago.

Esparru pribatuari dagokionez 38 kexa jaso ziren 2022an. Urraketak arlo hauetan gertatu ziren:

  • Interes orokorra (18)
  • Kultura, kirola eta aisia (5)
  • Merkataritza (9)
  • Finantzak eta aseguruak (3)
  • Osasuna (1)
  • Bestelakoak (2)

Esparru pribatuan irabazi asmorik gabeko erakunde zein elkarteak eta jarduera profesionalei lotutako erakunde eta enpresak hartu ziren kontuan. Kexak onartzeko orduan kontuan izan dira arlo pribatuko hizkuntza-eskubideak bermatze aldera argitaratu ziren abenduaren 22ko 6/2003 Legea -Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena-, eta uztailaren 1eko 123/2008 Dekretua –Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua-, horietan ezartzen baita zein erakunde edo enpresa dauden legez behartuta eta zein hizkuntza-eskubide bermatu behar dituzten.

Kexen tipologia

  1. urtean Elebiden izapidetu ziren 178 kexak lau multzo nagusitan sailkatzen dira:
  • Idatzizko harremanetan gertatzen diren urraketak: 58 kexa jaso ziren, kasu gehienetan salatzeko eskura zegoen informazioa gaztelania hutsean zegoela.
  • Ahozko harremanetan izaten direnak: 45 kexa jaso ziren; horietan herritarrek nagusiki adierazi zuten euskaraz artatuak izateko eskubidea urratu zitzaiela. Horrez gain, 11tan salatu zuten hizkuntza eskubideak, bietara, ahoz zein idatziz urratu zirela.
  • Hizkuntza-paisaian antzeman daitezkeenak (errotuluak, seinaleak…): 26 izan ziren 2022an. Kexa horiek bideetan eta jendaurrean gaztelania hutsean edo euskaraz oker idatzitako kartelei, trafiko seinaleei eta jendaurreko bestelako seinaleei egiten zieten erreferentzia gehienbat.
  • Internet eta sare sozialetan ikus daitezkeenak: arau urraketak 37 izan ziren.

Kexen konponbidea

2022an izapidetutako 178 kexetatik 106k (% 59,55) irtenbide egokia izan zuten. 58 kexa (% 32,58) izan ziren irtenbiderik gabe itxi zirenak, erreklamatuak Elebidek bidalitako jakinarazpenei erantzun ez izateagatik. Azkenik, 14 kexak (% 7,86) ez zuten irtenbiderik izan herritarrak erreklamatutako entitatean emandako erantzuna ez zuelako onartu.

Elebide

Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua 2007an jarri zen abian eta helburua da hala eskatzen duten herritarrei beren hizkuntza-eskubideak babesten laguntzea, informazioa eta aholkularitza eskainiz. Bere hastapenetik hiru dira Elebideren berezko eginkizunak:

  1. Hizkuntza eskubidek sustatu eta bermatzea
  2. Berme hori eraginkorra izan dadin prozedura bat ezartzea
  3. Konponbideak ezartzeko ardura duten administrazioekin eta erakundeekin lankidetzan jardutea

Honako hau da, urtez urte, Elebiden jasotako kexen kopurua:

URTEA INTZIDENTZIA-KOPURUA
2007 248
2008 310
2009 225
2010 297
2011 296
2012 340
2013 359
2014 412
2015 789
2016 576
2017 346
2018 245
2019 194
2020 246
2021 277
2022 212