Hezkuntza sailak 800.000 euro bideratu ditu oinarrizko ikerketako edota ikerketa aplikatuko proiektuetarako

0

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, bikaintasunezko ikerketaren arloko agindu bat onartu du gaurko bileran. Agindu honen bidez, 2024-2026 aldian oinarrizko ikerketako edota ikerketa aplikatuko proiektuak gauzatzeko dirulaguntzak deitzen dira. Deialdi honek 800.000 euroko zenbatekoa du orotara.

Deialdi honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema indartzea da, Hezkuntza Sailak kudeatzen dituen oinarrizko ikerketako eta ikerketa aplikatuko proiektu zehatzak garatzen lagunduz, kalitate eta interes zientifiko eta teknologikoko ikerketa aplikatuko edo teknologikoko proiektuen bitartez. Era berean, unibertsitateko ikerketa-taldeen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen arteko lankidetza sustatu nahi du deialdiak.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile gisa erregistratuta dauden ikerketa-entitateak, hala nola Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak (BERC), edo unibertsitateetako ikerketa-egiturak (ikerketa-taldeak izan beharko dituzte).

2024-2026 aldirako deialdi berri honek handitu egiten du diruz lagun daitekeen proiektu bakoitzerako ezarritako gehieneko finantzagarria, hau da, 50.000 eurotik 80.000 eurora handitu da.

Deialdi honen bidez diruz lagundu ahal izango diren kontzeptuen artean daude: doktore ez den pertsonalaren gastuak, doktoreen gastuak, inbentarioko materiala, material suntsikorra, edo proiektuaren garapenak eskatuta egin behar izan diren bidaien gastuak.