Hitz zentroa izango da Giza eta Gizarte Zientzien Europako ikerketa digitalerako CLARIAH-ES azpiegituraren burua

0

CLARIAH-ES partzuergoa Europako egungo CLARIN-ERIC (hizkuntzarekin lotutako datu eta prozesu digitaletara bideratua) eta DARIAH-ERIC (giza zientzia digitalekin lotutako datu eta prozesu digitaletara bideratua) azpiegiturei atxikitzea lortu du Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) HiTZ zentroak, Estatuko INTELE (RED2018-102797-E) eta CLARIAH-ES (RED2022-134527-E) ikerketarako sare estrategikoetan egindako lanari esker. Zientzia eta Ministerioak finantzatzen ditu horiek. Diziplina anitzeko aditu talde batek osatzen du CLARIAH-ES. Giza eta gizarte zientzietan, informatikan, adimen artifizialean, hizkuntzaren teknologietan eta beste hainbat diziplinatan dira adituak. Une honetan, honako hauek osatzen dute CLARIAH-ES partzuergoa: Euskal Herriko Unibertsitatea, Santiagoko Unibertsitatea, Alacanteko Unibertsitatea, UNED, Superkonputazioko Zentro Nazionala, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea, Jaengo Unibertsitatea, Kanaria Handiko Las Palmasko Unibertsitatea, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilua eta Espainiako Liburutegi Nazionala.

“Eraldaketa digitalaren egungo testuinguruan, datu testualen, ikusizko datuen, zenbakizko datuen eta/edo soinu datuen tratamendu konputazionala ahalbidetzen duten azpiegitura zientifikoak eta teknologikoak behar dira Giza Zientziak, Artea eta Gizarte Zientziak aztertzeko, ikertzeko eta garatzeko. Azpiegitura horiek eleaniztasuna, elkarreragingarritasuna, baliabideen mantentzea eta berrerabilpena, zientzia irekia, ikusgarritasuna eta Europako lankidetza zientifikoa sustatzen dituzte. Hala, ikertzaileen komunitateen zatiketa gainditzea ahalbidetzen dute, eta ikerketaren inpaktua areagotu egiten da”, azaldu du German Rigau Claramunt doktoreak, HiTZ zentroko zuzendari laguntzaileak eta CLARIAH-ES ikerketa azpiegituraren koordinatzaileak.

Euskal Herriko Unibertsitateko HiTZ zentroa izango da proposamenaren burua eta koordinatzailea, eta CLARIAH-ESen bulego teknikoa barne hartuko du. “Bulego tekniko honetako ikertzaileen zereginen artean hauek egongo dira: kudeaketa eta koordinazio lanak; azpiegiturak sakabanatzea (hitzaldiak, mintegiak, tailerrak… antolatzea); ikertzaileei azpiegitura horien erabilerari buruzko prestakuntza ematea; azpiegituraren nodoaren mantentze operatiboa (datuak, zerbitzuak, aplikazioak…); azpiegiturak ustiatzea, ikertzaileei laguntza zerbitzua emateko; ikertzaileen eskariak bideratzea eta antolatzea, zerbitzu eta proiektu berriak sortzeko; CLARIAH-ESeko gainerako nodoekin koordinatuta proiektuak garatzea, azpiegitura datu edo zerbitzu berriekin handitzeko; eskualde, estatu, Europa edo Latinoamerika mailako ikerketa proiektu berriak garatzea, etab.”

Azpiegitura horien parte izanik, ikertzaileek “eskura izango dituzte Europako ikerketarako instalazio paregabeak. Horiek barne hartzen dituzte Europako estandarrak, datuak, tresnak, konputazioa, metodoak, intereseko komunitateak, egitasmoak edo proiektuak. Hala, estatuko edozein ikertzailek, haren ordenagailutik, eskura izango ditu hodeian tresna digital eta adimen artifizialeko tresna aurreratuenekin ikertu ahal izateko behar diren teknologia, azpiegitura eta baliabideak. CLARIAH-ES azpiegitura kudeatzen eta koordinatzen laguntzea da helburu nagusia, Giza eta Gizarte Zientzietako ikerketaren eraldaketa digitalean aurrera egiteko, modu eraginkorrean; eta nazioarteko proiektu eta programetan dugun posizionamendu estrategikoa ere hobetu nahi dugu, batez ere, Europako Ikerketa Eremuaren testuinguruan”, amaitu du Germán Rigau irakasleak.

Partzuergo honen euskal nodoak CLARIAH-EUS (www.clariah.eus) izena du, eta euskarari buruzko ikerketa eta euskarazko ikerketa bultzatzeko azpiegitura proposamen bat da, bai Giza Zientzietan, bai Gizarte Zientzietan, betiere, Europako bi ikerketa azpiegiturekin lankidetzan (CLARIN-ERIC eta DARIAH-ERIC). Ikertzaile komunitateari CLARIAH-EUS aurkeztea eta parte hartzeko bideak eskaintzea da San Telmo museoan (Donostia) antolatutako workshoparen helburua. Horretarako, azpiegitura ahalbidetu duten eta ekarpenen bat egin duten instituzioak gonbidatu ditugu workshop honetara: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea eta HiTZ zentroa, baita azpiegituran parte hartuko duen ikertzaileen komunitatea ere.

Ane Insausti Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak proiektuak “hainbat arlotan egiten duen ekarpen baliotsua” azpimarratu du. “Bai hizkuntza ikuspegitik, euskara ikerketa arloan indartzen eta posizonatzen lagunduko duelako; bai eraldaketa digitalaren ikuspegitik; bai jakintza eta ezagutzaren ikuspegitik, gizarte zientzietako esparruan dugun talentu ikertzailearentzat euskarri inportantea izango delako; eta baita, azkenik, nazioarteratzeari dagokionez ere, Europako ikerketa ekosistemarekin konektatuko gaituelako, aukera berriak sortuz”.