Bildarratz sailburuak Lanbide Heziketa & Enpresa ekitaldian parte hartu du

0

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek Confebaskek antolatutako Lanbide Heziketa & Enpresa ekitaldian parte hartu du gaur, Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalorekin batera. 30. edizio hau Bilboko Euskalduna Jauregian izan da eta Lanbide Heziketa Duala egin duten ikasleen edo Lantokiko Prestakuntza (LP) Confebasken programen bidez garatu duten ikasleei aitortza egiteko baliatu dute, baita enpresen eta lantokietako prestatzaileen jarduna aitortzeko ere. 400 neska-mutil inguru izan dira ekitaldian.

Confebaskek Europako Batzordearen «Gaitasunen Europako Urtearen» barruan antolatu du aurtengo hitzordua, euskal enpresak lehiakortasuna ekarriko duen Lanbide Heziketarekin konprometituta daudela adierazteko eta, gainera, Lanbide Heziketa gazteentzako kalitatezko irtenbide profesionala dela erakusteko.

Ekitaldian aitorpena jaso duten enpresak eta pertsonak zoriondu ondoren, Bildarratz sailburua eurei zuzendu zaie, Lanbide Heziketan egin den etengabeko berrikuntza azpimarratuz. Berak azaldu duenez, neska-mutilei etorkizun profesionaleko aukerak eta bizi-proiektuak eskaintzeko beharrak Lanbide Heziketan berrikuntza eragin du. Horren eskutik etorri da aldi berean, prestakuntzaren egokitzapena enpresen beharrei erantzuteko. Lehiakortasuna hobetzen lagundu du eskulan kualifikatuak. Ildo horretan, Bildarratzek aitortu duenez, «Lanbide Heziketak ere ekarpen garrantzitsua egiten dio gure produkzio-sarearen lehiakortasunari».

Bildarratz bat etorri da Confebaskeko presidente Tamara Yaguerekin, eta esan du Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketa hobetzen jarraitzeko bidelagun estrategikoa duela Confebasken. Bildarratzek ideia horretan sakondu du ondorioztatuz “Lanbide Heziketako ikastetxeen eta lantokien arteko koordinazioa nabarmen hobetu dela, eta ikasleen jarraipenak hauen prestakuntza definitzea ahalbidetzen duela.

Ikasgelako eta enpresetan egiten den prestakuntzaren konbinazioari dagokionez, sailburuak iragarri du 2024-2025 ikasturtean Lanbide Heziketa egiten duten ikasle guztiek modalitate dualean egingo dutela. Ikasturte honetan, aurreko ikasturtean baino % 17 neska-mutil gehiago ari dira prestakuntza duala egiten, eta Eusko Jaurlaritza 8.300 enpresa baino gehiagorekin ari da elkarlanean. «Enpresak jabetu dira lan-munduaren benetako beharretara egokitutako prestakuntza gazteen eta enpresen onerako dela», amaitu du.