Handitu da lagunekin euskaraz hitz egiten duten gazteen kopurua

0

Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatzen da. Hori dela eta, Gazteen Euskal Behatokitik euskararen erabilpenaren inguruko datu batzuk aurkeztuko ditugu. Datuok EAS, Euskararen Adierazle Sistematik hartu ditugu eta 16 eta 24 urte bitarteko gazteei dagozkie.

2001etik 2021era handitu da lagunekin euskaraz bakarrik, euskaraz erdaraz baino gehiago edo euskaraz erderaz beste hitz egiten duten 16 eta 24 urte bitarteko gazteen portzentajea, % 24,7tik % 37,8ra, hain zuzen ere.

Lagunekin batez ere euskaraz edo erdaraz beste hitz egiten duten 16-24 urteko gazteen portzentajearen bilakaera (%)

Igoera hori ez litzateke posible izango euskararen ezagutza handitu izan ez balitz. Eta ezagutzaren igoeran bi eragile garrantzitsu azpimarratuko ditugu, nahiz eta gehiago egon. Alde batetik, etxean egiten den hizkuntza eta, bestetik, ikastetxean erabiltzen dena.

Etxean jasotakoari erreparatuz gero, ikus dezakegu 2001etik 2021era nabarmen igo dela lehen hizkuntza (etxean hiru urte bete arte entzun dutena) euskara edo euskara eta erdara batera izan duten gazteen portzentajea, % 22,8tik % 37,9ra. Horrek esan nahi du txikitatik euskaraz hitz egiten dakiten gazteen kopurua ia bikoiztu egin dela azken hogei urteetan, gurasoek edo umeekin egoten diren beste senideek ere euskara dakitelako eta erabiltzen dutelako.

Lehen hizkuntza euskara bakarrik edo euskara erdararekin batera izan duten 16-24 urteko gazteen portzentajeen bilakaera (%)

Handitu egin da, halaber, normalean etxean euskaraz hitz egiten duten gazteen kopurua. Beti euskaraz, euskaraz erdaraz baino gehiago edo euskaraz erdaraz beste hitz egiten dutenen portzentajeak batera hartzen baditugu ikus dezakegu % 14,2 izatetik % 27,0 izatera igaro direla 2001etik 2021era.

Etxean beti euskaraz, euskaraz erdaraz baino gehiago edo euskaraz erdaraz beste hitz egiten duten 16-24 urteko gazteen portzentajeen bilakaera (%)

Kontuan hartzekoa da, edozelan ere, alde handia dagoela txikitan lehen hizkuntza euskara (bakarrik edo erdararekin batera) izan duten gazteen portzentajearen eta orain etxean euskara erabiltzen dutenen portzentajearen artean; 2021eko datuak oinarri hartuta, hamar puntuko arrakala dago, hau da, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen % 37,9k euskara ikasi zuten etxean txikitan baina orain % 27,0k erabiltzen dute euskara etxean. Argi dago gazte batzuek euskararekiko atxikimendua galtzen dutela nerabezaroan.

Bestetik, hezkuntza sistemak ere eragin handia izan du lagunekin euskara erabiltzearen igoera horretan. 2001/2002 ikasturtetik 2021/2022 ikasturtera nabarmen igo dira Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) D ereduan matrikulatutako ume eta nerabeen portzentajeak. Horrek esan nahi du ikasle gehiagok ikasten dutela euskaraz eta, ondorioz, euskaraz komunikatzeko gaitasuna lortzen dutela, bai eta euskaraz hitz egiten dakiten lagunak egiten dituztela ere.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza D ereduan ikasten duten ikasleen portzentajearen bilakaera (%)

Orain lagunekin erabiltzen den hizkuntzari sakonago helduko diogu. Aipatutako euskararen erabileraren igoera hori ez da berdina izan lurralde historiko guztietan. Araban etengabeko igoera egon da eta hogei urte hauetan 18,2 puntukoa izan da. Bizkaian, aldiz, atzera pausoak ere egon dira eta 2001etik 2021era izandako igoera 5,7 puntukoa izan da bakarrik. Gipuzkoan goranzko joera egon da eta hasieran portzentajerik handiena izan ez ezik, igoerarik handiena ere izan du (21,4 puntuko igoera, hain zuzen ere). Hori dela eta, Gipuzkoan ia hiru gaztetik bik euskaraz hitz egiten dute lagunekin (euskaraz bakarrik, erdaraz baino gehiago edo erdaraz beste).

Lagunekin batez ere euskaraz edo erdaraz beste hitz egiten duten 16-24 urteko gazteen portzentajearen bilakaera, lurralde historikoaren arabera (%)

Argi dago oraindik asko dagoela egiteko Euskadiko gazteen artean euskara hizkuntza normalizatua izatea nahi badugu. Jakin badakite, baina testuinguru informaletan gutxi erabiltzen dute.

Baina erabilera urria ezin zaie gazteei bakarrik leporatu. Biztanleria osoari dagozkion datuak begiratu ondoren, ondoriozta dezakegu gazteek neurri handiagoan erabiltzen dutela euskara lagunekin, biztanleria osoak baino.

Lagunekin batez ere euskaraz edo erdaraz beste hitz egiten duten 16-24 urteko gazteen eta biztanleria osoaren portzentajeen bilakaera (%)

2030 Agendaren lehentasunen euskal programak 2021-2024 aldirako hainbat konpromiso hartzen ditu bere gain. Euskarari dagozkionak 18.1 eta 18.2 arloetan azalduta daude, hala nola, “euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko presentzia indartzea”, “euskararen ezagutza areagotzea eta, batez ere, euskararen erabilera azpimarratzea gizarte- eta kultura-eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitaletan eta sektore publikoan” edota “hizkuntza-eskubideen erabateko errespeturantz eta normalizatutako hizkuntza-bizikidetza baterantz aurrera egitea”, besteak beste.

Euskara, gure kultura-ondarea den heinean, babesteko beharra dugu denon artean.