Loraontech aurten bertan uztailean sortutako startup bat da, eta IOT LoRaWan teknologiarekin lan egiten du. Tresna horrek eraikin eta hirigune handietan eraginkortasun hobea izateko aukera ematen du, bere irrati-maiztasunaren modulazioari esker. Arabako Parke Teknologikoan kokatuta dagoen enpresak sentsoreak erabiltzen ditu tenperatura, airearen hezetasuna, PHa, eroankortasuna edo airearen kalitatea neurtzeko, hainbat sektoretan erabiltzeko. Gaur egun, lau bazkidek osatzen dute Loraontecheko lan-taldea.
“Datuak balioesten laguntzen duten IoT teknologien bidezko konektibitate-soluzioak eskaini nahi ditugu, prebentzioa eta erabaki-hartzea bezalako alderdietan laguntzeko”, Loraontechen sortzaile eta zuzendari den Asier de Celis Hernándezek nabarmendu duenez. Bere ibilbide laburrean, startupak bi sektoretan lan egin du bere soluzioak ezarriz. Nekazaritza adimendunaren sektorean, dagoeneko abian ditu pilotuak Arabako Errioxako olibadi batzuetan, produkzio osoa monitorizatzeko helburuarekin.
Bestalde, startup-ak industria-sektorean murgiltzea lortu du, SPRI Taldeko Bind 4.0 programan eta Basque Open Industryn parte hartzeari esker, biak SPRI taldeak antolatuak. “Oso esperientzia positiboa izan da Loraontechentzat. Gure lehenengo azoka izan da, eta enpresa askorekin harremanetan jarri gara proiektuak garatzeko. Interes handia jasotzen dugu Loran oinarritutako soluzioetan, teknologia honek sentsoreen bidez monitorizatzeko aukera ematen baitigu, kableak erabili beharrik gabe”, azaldu du Loraontecheko CEOak. Gainera, enpresak ekintzailetza babesteko Ekintzaile programaren laguntza jaso du.
Etorkizunari begira, Loraontechek bere lan-taldea handitzea du helburu, bere jarduerari handituz. “Datorren urtean enpresa sendotzea eta industria eta nekazaritza adimendunaren esparruak finkatzea espero dugu. Itxaropen handiak ditugu lanean hasi garen sektoreen interesagatik”, adierazi du Asier de Celis Hernándezek.
SPRI Taldeak laguntza integralaren bidez berrikuntza, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laguntzen ditu, ideiak merkatura modu arrakastatsuan irits daitezen. Aurrera, Basque Fondo, Bind 4.0, Ekintzaile edo Barnekintzailetza ekintzailetzarako laguntza-programen bidez egiten du hori.