Euskadik eta Txinako Jiangsu eskualdeak klima-aldaketari, biodibertsitateari eta ekonomia zirkularrari buruzko politiketan lankidetzan aritzeko akordioa sinatu dute Dubaiko COP28an

0

Euskadik eta Txinako Jiangsu probintziak Elkar Ulertze Memorandum bat (MOU) sinatu dute gaur, eta akordio dokumentu honen bitartez lan-plan bateratu bat adostu dute ingurumen-babesaren eremuan. Dubain izan da, Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen 2023ko Konferentziaren baitan (COP28). Berau azaroaren 30etik abendura 12ra bitartean ospatzen ari da, eta bertan da euskal ordezkaritza bat.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuorde Aitor Aldasorok eta Jiangsuko Ekologia eta Ingurumen saileko zuzendariorde nagusi Ying Jianbok sinatutako hitzarmen horren bidez, harreman estua ezarriko da bi lurraldeen artean, zeren aurrerantzean jarduera bateratuak gauzatuko baitituzte ingurumenaren arloko ikerketa zientifiko eta teknologikoan.

Txinako Jiangsu probintziak 85 milioi biztanle inguru ditu, eta herrialdeko probintzia garatuenetako bat da. Txinan finkatutako euskal enpresen ia %20 Jiangsun daude, batez ere automobilgintzaren, fabrikazio aurreratuko teknologien eta energiaren sektoreetan lanean. Halaber, etxetresna elektrikoen, biozientzien, siderurgiaren edo industria kimikoaren sektoreek ere badute presentzia bertan. Jiangsuren eta  Euskadirekin  arteko harreman adiskidetsuetarako lehenengo hitzarmena Iñigo Urkullu lehendakariak sinatu zuen 2019an, eta hori da hitzarmen berriaren jatorria.

Berari esker, Euskadik eta Jiangsuk bisitak egingo dituzte alde bien artean, ematen ari diren emaitza arrakastatsuak zer arlotan gertatzen ari diren identifikatzeko; horren helburua da esperientziak eta teknologia trukatzea, bi alderdietako pertsona adituak elkarren artean trukatuko dira, ikerketa-proiektuak batera garatuko direlarik.

Halaber, teknologia aurreratuei buruzko mintegiak eta bilerak antolatuko dituzte elkarrekin, metodo eta esperientziak konpartitzeko xedez, batez ere klima-aldaketari aurre egiteko, biodibertsitatea babesteko eta ekonomia zirkularra sustatzeko politika eta planak lantzeari dagokionez.

Hitzarmena sinatzearekin batera, Jiangsu probintziak gaur mahai-inguru bat antolatu du Txina-ren pabilioian, eta Euskadik bertan parte hartuko du Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren zuzendari Adolfo Uriarteren bidez. Hark azalduko ditu klima-aldaketara egokitzeko xedez Euskadiko Egokitzapenerako Bide-orrian jasota dauden jardunbide egokiak eta zenbait udalerritan abiatutako egokitzapen-jarduerak ere.

 

Eskozia, Sao Paulo eta Paris

COParen lan jardunaldietan, elkarrizketarako eta ikaskuntzarako aukera ugari ematen dira. Aitor Aldasoro Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen arabera, «guztiok antzeko kezkak ditugu, eta herrialde bakoitzaren berezitasunak gorabehera, erronka klimatikoak eta preokupazio komunak ditugu». Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak indartu egin du nazioarteko presentzia, Eskoziarekiko aldebiko harremanarekin, trantsizio energetikoaren eta eolikoaren ezarpenaren arloan. Duela urte batzuetatik datorren erlazioa da, Arantxa Tapia sailburuak eta Nicola Sturgeonek Glasgowko COPean bultzatutakoa. Orain, Dubain, Humza Yusaf Eskoziako lehen ministroa buru dela, hainbat topaketa egin dira berriztagarrietarako trantsizioa bizkortzeko.

Sao Pauloko gobernuarekiko lankidetzan ere sakondu da. Jônatas Souza da Trindade ingurumen-idazkariordeak interesa agertu du Euskadi Kantauriko kostaldean ezartzen ari den egokitzapen-planarekiko, eta trafikoaren kudeaketan eta isurketen alorrean bultzatutako esperientziak partekatu ditu. Azkenik, Euskadik bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu Anne Hidalgo Pariseko alkatearen taldeak bultzatutako hiria birnaturalizatzeko politikak.

 

Euskadik klima-finantziazio gehiago eskatzen du

Horrez gain, eta euskal ordezkaritza Dubain garatzen ari den jardunaren baitan, Aldasoro eta Uriartek Under2 Coalition-en Batzar Nagusian parte hartu dute, goi mailako arduradun politikoekin, enpresa-liderrekin eta gizarte zibilaren defendatzaileekin batera, klimaren arloko erronka eta aukerak eztabaidatzeko, baita koalizioaren 2024 urterako erronkak definitzeko.

Klima-ekintzarako finantziazioak hausnarketaren tarte handi bat hartu du. Under2 Coalition-ren arabera, 2050 urtera arte 50 bilioi euro gehiago behar dira, gutxi gorabehera, munduko ekonomia net-zero isurketa gabiak izatera iritsi dadin eta klima-hondamendia saihesteko. Horretarako, kapital publiko eta pribatuaren iturriak konbinatzen dituzten finantziazio-egitura berriak behar dira, inbertsioaren arrakala ixteko.

Ildo horretatik, bere azalpenean Uriartek esan zuen “eskualdeek nazioarteko negoziazioetan parte hartu behar dutela, baina ez herrialdeetako partaide izatearen ikuspegitik, baizik eta banakako eragile gisa; era horretan, deskarbonizazioaren bidean gehien aurreratu dutenek negoziazio horiek gidatu eta katalizatu ahal izango dituzte, eta baita adibide gisa funtzionatu ibilbide luzeagoa egiteko duten eragileentzat. Hori lagungarri izango litzateke, alde batetik, eskualdeen arteko lankidetzarako, eta, bestetik, bidezko eta berdintasunezko irtenbideetara zuzendutako biderako”.

Under2 Koalizioa isurketa garbiak 2050ean zero izatea lortzearekin konprometitutako estatu eta eskualdeen munduko sare nagusia da. Gaur egun, koalizioak 173 estatu, eskualde, probintzia eta nazio azpiko gobernu ordezkatzen ditu, nazio zein azpi nazio mailako beste erakunde batzuekin batera -horiek guztiek munduko PBGaren erdia baino gehiago biltzen dute-.

Batzar Nagusiak egun osoko luzapena izan zuen, eta bertan, askotariko gaiak biltzen zituen agendari esker, nazio mailako eta nazio azpiko liderrek eztabaidatu zuten zer irtenbide ote diren eraginkorrenak aldaketa ekonomikoak eta merkatukoak bultzatzeko, isurketak murrizteari eta klima-aldaketara egokitzeari begira.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, eskualdeak hurbilago daude klima-aldaketaren inpaktuetatik eta ahalmen handiagoa dute baliabide eta ekintza konkretuak garatzeko, eta, hortaz, kontuan hartu beharko lirateke herrialde bakoitzerako aurreikusitako berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketak ebaluatzeko, Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenari (CMNUCC) jarraituz.