Lehendakariak ziurtatu du azken hamarkadako krisien aurrean Euskadi hazi egin dela eta hazten jarraitzen duela

0

Lehendakariak El Correok eta Banco Santanderrek antolatutako “Expectativas Económicas” foroan parte hartu du gaur goizean. Bere hitzaldian, Iñigo Urkullu Lehendakariak Euskadik azken hamarkadan izan duen bilakaera azaldu du datu objektiboetan oinarrituta eta etorkizunari begirako lehentasun eta helburuak nabarmendu ditu.

Euskadiren bilakaera azken hamarkadan eta gaur egungo argazki objetiboa

Lehendakariak adierazi duenez, Euskadiren irudia guztiz bestelakoa da hamarka bat eta gero: 2013.urtean 178.000 pertsona zeuden izena emanda Lanbiden, langabezia-tasa %16,6koa zen eta gazteen langabezia %30ekoa. Eusko Jaurlaritzak aurre egin behar zien 2008. urtetik aurrera sortutako krisi ekonomiko eta finantzarioaren ondorioei, 9.300 milioi euroko aurrekontu luzatuarekin. «2013. urteko testuinguru konplexua hartan langabezia-tasa %10etik behera kokatzea zen gure lehentasuna; asmo handiko helburua ezarri genuen», adierazi du Urkulluk.

Ordutik hona, euskal gizarteak gure egunerokoa erabat baldintzatu duten hainbat krisiri egin behar izan die aurre: errefuxiatuen krisia, energiaren eta erregaien krisia, pandemia, Ukrainako inbasioa, inflazioa, Hamasen eta Israelgo Gobernuaren arteko gatazka… «Hamarkada oso konplexu eta zaila izan da, edonola ere, atzera egin beharrean, Euskadik aurrera egin du eta hazi egin da», ziurtatu du Lehendakariak, eta hainbat datu eman ditu: langabezia-tasa erdira jaitsi da 10 urtetan, %16,6tik %7,5era; gazteen langabezia 18 puntu baino gehiago jaitsi da, lanean eta kotizatzen milioi bat pertsona baino gehiago daude gaur egun eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua 9.300 milioi eurotik 15.000 milioira igo da; “2024ko aurrekontua inoizko handiena izango da” berretsi du.

Euskal ekonomia, beraz, modu iraunkorrean hazi egin dela esan du Lehendakariak: «BPGa 64.900 milioi eurokoa zen 2013an, gaur egun 90.200ekoa da; Euskadiko BPGk %1,6 egin du gora 2023ko hirugarren hiruhilekoan eta 15.000 lanpostu baino gehiago sortu dira; esportazioak %57 igo dira; inbertsio publikoa lehen aldiz 2.000 milioi eurotik gorakoa izango da; Eurostaten arabera, BGPri lotutako I+Gn egindako inbertsioa %2,32 igo da, duela 10 urte ezarritako helburua gaindituz eta Europararen parean kokatuz; Osasuneko pertsonako gastua 2.700 euro per capita izatetik 3.500 euro izatera igaro da; Hezkuntzako gastua 6.500etik 7.300 eurora; Gizarte-babeseko gastua 7.900etik 9.900 eurora; gaur egun, EAEko biztanleen %92 «pobreziatik urrun» bizi da; genero-berdintasunari buruzko indizerik onena duten Europako zazpi herrialdeen artean gaude; berotegi-efektuko gasen emisioa murriztu egin da azken hamarkada honetan, eta gaur egun Europako batez bestekoaren azpitik gaude; Euskadik 11 eskumen berri lortu ditu azken urteotan, Ekonomia Ituna handitu egin da eta Kupoaren Legea berritu da. Hori da egungo Euskadiren irudi erreala datuetan oinarritutakoa; datuek erakusten dute euskaldunen bizi-kalitateak hobera egin duela eta hori guztia herrialde gisa egin dugun ahalegin kolektibo handiaren emaitza da, lankidetza-eredua aplikatuz; eredu hori eraginkorra da, eta zaindu egin behar dugu, ziurgabetasun egoera lagun izango dugulako luzaroan», nabarmendu du Lehendakariak.

Datuak datu, Urkulluk esan du beharrezkoa dela urratsak egiten jarraitzea,  “kalitatezko enpleguaren alde, kontziliazioaren alde eta etengabeko prestakuntzaren alde, herrialde gisa lehiakorragoak izan gaitezen; oso gogoan izanik, gainera, pertsona gazteak. Lankidetza-ereduaren eskutik ziur nago lortuko dugula” baieztatu du Lehendakariak.

Hitzaldiaren pasarte horretan, baina, Lehendakariak adierazi du, zoritxarrez, gaur egun demagogiak, populismoek eta ikuskizunaren politikak gero eta protagonismo handiagoa hartu dutela  gure gizartean. «Euskadin krisiez gainera, hainbat greba izan ditugu; Estatu osoko greben %50a Euskadin egiten baita eta zenbait eragile sindikal, gainera, harro agertu dira egoera horren aurrean; ezohiko neurriak, eguneroko neurri bilakatu dira gurean eta horrek guztiak estrategia bati erantzuten dio, Sorturen Plan Politikoarekin bat datorren estrategiari hain zuzen ere helburu duena bizi dugun errealitatearekin zerikusirik ez duen Euskadi katastrofista eta negatiboa irudikatzea», adierazi du Urkulluk. Pertzepzio interesdunetan oinarritutako estrategia horren aurrean, Lehendakariak datu objektiboetan oinarritutako politikaren alde egin du; «etorkizunari espiritu eraikitzaile eta baikorretik heldu behar diogu” berretsi du.

Epe labur, ertain eta luzerako ekintzak, begirada etorkizunean jarrita

Bere hitzaldian, Urkulluk ziurtatu du bere Gobernuak azken egunera arte lanean jarraituko duela euskal gizartearekin hitzartutakoa betetzeko eta datozen hilabeteetan gauzatu eta bultzatuko diren hainbat ekimen zerrendatu ditu, «hori da politika ulertzeko gure era; eguneroko lana», adierazi du.

Lehendakariak ziurtatu du ekintza politikoak etorkizunera begirako herri-ikuspegia barneratu behar duela bere proiektuan. Gauzak horrela, Lehendakariak iaz Euskadi 2040 egitasmoa jarri zuen martxan etorkizuneko Euskadi irudikatzeko: Euskadi oparoa, berritzailea, konprometitua, inklusiboa, berdea eta konektatua, langabezia-tasa %6 azpitik behera kokatzea helburu izango duena eta berrikuntzan liderra izango dena. “Hazkunde ekonomiko iraunkorra, berdintasuna, kohesioa eta justizia soziala bateratzeko eta trantsizio energetiko, digital eta sozial hirukoitzari aurre egiteko lan egiteko modu berriak irudikatu behar ditugu. Euskadik 2040 urtean indartsu izaten jarraitu behar du balioetan, kulturan, autogobernuan eta anbizioan. Komunitate konprometitua eta fidagarria izaten jarraituko dugu, inor atzean uzten ez duena. Gure kulturak, gure nortasunak, izateko, bizitzeko eta bizikidetzarako gure oinarriek bermatuko dute gure ongizatea eta bizi-kalitatea eta hori horrela izateko eredua zehaztua dugu” esanez amaitu du bere hitzaldia Lehendakariak.