Lucía Martín Saizek, Olatz Fresnedok eta José A. Fernándezek egindako ikerketa batek Fundación Renal fundazioaren 2023ko saria jaso du

0

La ferrostatina-1 modula los lípidos renales desregulados en el fracaso renal agudo’ da lanaren izenburua eta UPV/EHUko Lucía Martín Saiz, Olatz Fresnedo eta José A. Fernández ikerlariek egin dute Jiménez Díaz Fundazioko ikerlariekin elkarlanean. Lan horrek jaso du Íñigo Álvarez de Toledo Sarietako bat 2023ko edizioan, oinarrizko ikerketaren modalitatean.

Saria 10.000 €-koa da eta Espainian ikerketa nefrologikoa sustatzea du helburu. Horixe da, gainera, giltzurruneko gaixotasunekin lotutako ikerketa zientifikoari egiten zaion aitortza handiena. Funtsean, ikerlanak agerian utzi du lipidoetan gertatzen diren aldaketa batzuek zerikusia izan dezaketela giltzurruneko gaixotasun akutuarekin. Horregatik, horiek identifikatzea lagungarria izan daiteke gaitz hori tratatzeko botikak eta beste terapiak diseinatzeko garaian.

Saritutako lan honen jatorria José A. Fernándezek zuzendutako eta Lucía Martín Saizek egindako doktorego tesian dago: ‘Improvements in MALDI-Imaging Mass Spectrometry to analyze the lipidome in different tissues. A step forward to clinical application’.

“Lan hau, neurri batean, masen espektrometria bidez lipidoen irudi teknika garatzen pilatutako 15 urteko esperientziaren emaitza da. Horri esker, lipidoen banaketa mapak zuzenean ehun ataletan egin daitezke. Histologia molekular berria dela esan dezakegu eta gaixotasunen oinarri metabolikoen ikerlanean iraultza eragin dezake”, azaldu du José A. Fernándezek, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Fisikoa Saileko irakasle eta ikerlariak.

«La ferrostatina-1 modula los lípidos renales desregulados en el fracaso renal agudo» lana Jiménez Díaz Fundazioko Osasun Ikerketako Institutuan bideratu dute Euskal Herriko Unibertsitatearekin eta Ikerketa Kardiobaskularren Zentro Nazionalarekin elkarlanean. Bertako ikerlari nagusia da Ana Belén Sanz Bartolomé.

“Pixel bakoitzean ehunka espezie detektatzeko eta identifikatzeko behar adinako seinale intentsitatearekin 10 mikra/pixeleko bereizmenak ohikotasunez lortzeko gai den mundu osoko talde bakanetako bat gara. Garapen horiek zirela eta, Jiménez Díaz Fundazioko Sanz doktorea gurekin jarri zen harremanetan giltzurrunetako kalte akutuarekin eta ferrostatina-1ekin egindako tratamenduarekin lotuta profil lipidikoan gerta zitezkeen aldaketak zehatz genitzan. Laginekin ekoizten ditugun irudien kalitate handiari esker, patologiarekin lotutako lipidoma konkomitanteetan gertatzen diren aldaketen azterketa espaziala egin eta tratamendu ondorengo sendatzea behatu ahal izan genituen”, zehaztu du José A. Fernándezek.

Heriotza tasa handiena duten hamar gaixotasunetako bat

Epaimahaiaren buru Mabel Loza, Farmakologian katedraduna eta Santiagoko Unibertsitateko BioFarma ikerketa taldeko arduraduna, izan da eta nefrologian, ikerketan, unibertsitatean eta enpresan prestigio handia duten 23 profesionalek osatu dute mahaia. Epaimahai hori izan da Fundación Renal Íñigo Álvarez de Toledo fundazioko 2023ko edizioko sariak erabaki dituena.

Giltzurruneko gaixotasun kronikoa mundu mailan gero eta ugariagoa den arazoa da eta, aurrez ikusitakoaren arabera, prebalentzia % 15 ingurukoa da. Mundu mailan, 850 milioi pertsona ingururi eragiten die eta urtean, gutxienez, 2,4 milioi heriotza eragiten dituela kalkulatzen da. OMEk kaleratutako azken txostenaren arabera, mundu osoan heriotza gehien eragiten duten hamar gaixotasunetako bat da.

Espainiaren kasuan, prebalentziak eta heriotza tasak ia % 30 egin dute gora azken hamar urteotan. Giltzurruneko Gaixotasunen Espainiako Erregistroko datuen arabera, milioi bat biztanleko 1.284 laguni eragiten die eta 64.000 pertsonak baino gehiagok behar dute dialisi edo transplante bidez egindako giltzurruneko ordezko tratamendua.