Euskal Osasun Zerbitzuak, urtearen lehen erdian, 817.827 hitzordu programatu ditu kanpoko kontsultetarako eta 326.526 hitzordu proba osagarrietarako
Programatutako hitzorduen % 78 normaltasun osoz egin dira, eta espezialistek 10 pazientetik 8 aurreikusitako egun eta orduan artatu dituzte
Osakidetzak 1.144.353 hitzordu programatu ditu 2023ko lehen seihilekoan, urtarriletik ekainera bitartean. Horietatik 817.827 kanpoko kontsultetarako izan dira eta 326.526 proba osagarrietarako eta/edo diagnosi-probetarako.
Programatutako hitzorduen % 78 normaltasun osoz egin dira, eta espezialistek 10 pazientetik 8 aurreikusitako egun eta orduan artatu dituzte.Programatutako gainerako hitzorduak bertan behera geratu dira, horietako batzuk osasun-zentroek eskatuta (% 13) eta beste batzuk erabiltzaileek berek eskatuta (% 6). Horrez gain, pazienteen % 3 ez dira programatutako hitzordura joan.
Hitzorduak bertan behera geratzeko arrazoi nagusiak azken orduko ezustekoak izaten dira. Zentroek, normalean, arrazoi hauengatik deuseztatzen dituzte hitzorduak: sortutako larrialdiak, ustekabeko lan-bajak edo greba-deialdiak. Ahalik eta azkarren esleitzen dira hitzordu berriak. Pazienteak hitzordua bertan behera uzteko edo ez joateko arrazoiei dagokienez, normalean, sortutako familia-inguruabarren ondoriozkoak, gaixotasun interkurrenteen ondoriozkoak edo iritzi-aldaketenondoriozkoak izaten dira.
Kanpo-kontsultetarako hitzorduei dagokienez, programatutako 817.827 hitzorduetatik % 75 normaltasunez egin dira, eta espezialistek aurreikusten zen moduan artatu dituzte pazienteak.Bertan behera utzitako hitzorduei dagokienez, hitzordu guztien % 14 osasun-zentroek baliogabetu dituzte, % 7 erabiltzaileek eta % 4 pazienteak bere espezialistarekin programatutako kontsultara ez joatearen ondoriozkoak izan dira.
Datu horiek proba osagarriak eta/edo diagnosi-probak egiteko hitzorduetara eramaten baditugu, Osakidetzak 326.526 hitzordu programatu ditu 2023ko lehen seihilekoan; horietatik % 81 normaltasunez egin dira. Bertan behera utzitako hitzorduen % 12 osasun-zentroek baliogabetu dituzte, % 5 erabiltzaileek eta, urteko lehen erdiko datuen arabera, hitzordu programatua duten pazienteen % 2 ez dira kontsultara joan.