Gobernuak oso positibotzat jo du erabakia, orain arte egindako ahaleginei bultzada ematen dielako
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan.
Lehenik eta behin, bozeramaileak, Euskadi Makro-Eskualde Atlantikoa eratzeko egiten ari den eskariaren inguruan gertatzen ari diren nobedadeei buruz Lehendakariak Gobernu Kontseiluan aipatutakoak azaldu ditu. Bileran, Lehendakariak jakinarazi du, Europar Batasuneko Kontseiluaren Gai Orokorretarako Batzordeak abenduaren 12ko bileraren gai-zerrendan sartu duela erakunde berri hori kontuan hartzeko proposamena. Gobernuak oso positibotzat jotzen du erabaki hori, orain arte egindako ahaleginei bultzada ematen dielako.
Zupiriak azaldu du gaur egun Europak lau Makro-eskualde dituela: Baltika, Adriatiko-Jonika, Alpina eta Danubio eta Euskadik, Arku Atlantikoa osatzen duten herrialde eta eskualdeekin batera, bosgarren eskualde baten parte izan nahi du, Lehendakariak sarritan azpimarratu duen bezala. “Eta arrazoi nagusia da- esan du Zupiriak- Europan zeregin garrantzitsua izaten jarraitu nahi dugula. Arku Atlantikoa osatzen dugun herrialde eta eskualdeok kezkaz ikusten dugu Europako grabitate-zentroa ekialderantz mugitzen ari dela, Atlantikoko fatxadaren kaltetan. Horregatik, garrantzitsutzat jotzen dugu maila anitzeko ahalegina egitea, erakundeen, ehun ekonomiko eta sozialaren eta herrialde eta lurralde atlantiko guztietako entitate eta elkarteak bat eginik ariko dena Makro-eskualde bat sortzeko beharra bultzatzeko. Mugak gaindituz, korridoreak eraikitzen, loturak hobetzen eta Europako alde honetako herritarren erronka demografikoari eta bizitza hobetzeko aukerei laguntzen lagunduko diena” esan du.
GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Gobernu Kontseiluak, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 75.urteurrena dela-eta adierazpen instituzionala onartu du gaurkoan. 75. urteurren honetan, Gobernuak berretsi egin nahi izan pertsona guztiek giza eskubide guztiak dituztelako kulturarekin duen konpromisoa. “Salatzen dugu desberdintasun ikaragarriak daudela eta ehunka milioi pertsonari beren oinarri-oinarrizko eskubideak eskuratzea eragozten dietela, hala nola janaria, ura, etxea eta hezkuntza. Era berean, salatu egiten dugu berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak eta askatasun-baldintza funtsezkoenak errespetatzen ez dituzten erregimenen pean bizi diren pertsonen egoera. Gatazka armatuak oztopo handienetako bat dira giza eskubideez baliatzeko; batez ere, helburu zibilei erasotzen zaienean, Ukrainan eta Palestinan gertatzen den bezala, oraingo bi adibide jartzearren.Klima-aldaketak, gainera, beste desafio batzuk ekarri ditu, inoiz ez bezalako tamainakoak. Hura arintzeko konpromisoak eta hari egokitzekoak erabakigarriak dira giza eskubideak urratzen dituzten sufrimendu masiboak saihesteko. Gogoan izan Batzar Nagusiak giza eskubidetzat hartu duela ingurumen garbi, osasungarri eta iraunkorra izateko eskubidea.Gure herrialdean, inoiz amaitu gabeko lan bat dira giza eskubideak eta haiek berekin dakarten berdintasun- eta justizia-promesa, eta arreta eta ekintza behar dituzte etengabe, lan eskubideetan, berdintasunean, genero-indarkeriaren amaieran eta etxe baterako eta lan duinarako irispide unibertsalean sakontzeko, eskubide batzuk bakarrik aipatzearren. Gure gizartean, talde batzuk oso kalteberak dira, eta haiei arreta berezia eman behar diegu, hala nola desgaitasuna duten pertsonak, migratzaileak edo baztertuta geratzeko arriskuan daudenak. Euskadik, gainera, erronka espezifikoak ditu; adibidez, izandako indarkeria politikoaren memoriarekin lotutakoak eta hizkuntza-aniztasuna babesteko eta sustatzeko behar espezifikoekin lotutakoak”.
“Giza eskubideek interpelatzen gaituzte eta berekin herritarren konpromisoa, erantzukizun zibikoa eta pertsonen arteko elkartasuna dakarte. Pertsona orok komunitatearekiko betebeharrak ere baditu, komunitatea baita bere nortasuna guztiz eta era askean garatzeko toki bakarra. Horregatik, bat egiten dugu NBEren I commit (nik konpromisoa hartzen dut) kanpainarekin, eta gizartea bat egitera gonbidatzen dugu: Adierazpen Unibertsalaren printzipioak bete egingo ditut eguneroko bizitzan “ amaitu du Zupiriak.
GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK
Ohikoa den moduan, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluan jorratu eta onartutako hainbat gai.
Gobernu Kontseiluak baimena eman dio gaur Finantzen Euskal Institutuari 5M€ emateko Talde Zor Alternatiboa FILPE funtsari (Europako Epe Luzerako Inbertsio Funtsak), euskal produkzio-sareari laguntzen jarraitzeko. Horri esker, Finantzen Euskal Institutuak %6,63ko partaidetza izango du funts honetan, diru-iturriak lortu eta konpainia ertainetan inbertitzeko sortutakoa. Duela hainbat urtetik hona, Europar Batasunak finantza- eta inbertsio-tresna berrien sorrera sustatu eta bultzatu du, bereziki Enpresa Txiki eta Ertanei zuzendutakoak, egungo bideen alternatiba izango direnak eta finantzaketa-iturriak dibertsifikatzea ahalbidetuko dutenak. “Eta horixe egingo da hain zuzen ere gaur hartu den erabaki honen bidez eta Talde Zor Alternatiboa Funtsari egin zaion ekarpenarekin, Euskadiko enpresa txiki eta ertainek banku-finantzaketarekiko duten mendekotasuna murrizteko aukera izan dezaten” esan du Zupiriak.
Amaitzeko, gaurko bileran Gobernuak Gasteizen, Donostian eta Bilbon 2024rako hiri-merkataritza sustatzeko programa garatzeko lankidetza-hitzarmenaren bigarren luzapena onartu du. Gertuko merkataritza bultzatzeko helburua duen akordioa Gasteiz On, San Sebastian Shop eta Bilbao Dendak hiri-merkataritzako plataformekin lankidetzan gauzatuko da, beraz, hiru hiriburuetako merkatarien elkarteekin.