Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du «giza eskubide guztiak pertsona guztientzat» kulturarekin duen konpromisoa

0

Adierazpen Instituzionala, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urteurrena dela eta

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak publizitate-kanpaina bat jarri du abian, «Eskubiderik ez dagoela pentsatzen baduzu, DEFENDA ITZAZU» lelopean.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Adierazpen Instituzional bat onartu du gaur, aurki egingo den Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. Urteurrenaren harira. Adierazpen Unibertsal hori Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak onartu zuen 1948ko abenduaren 10ean. Adierazpen Instituzionalaren bidez, Eusko Jaurlaritzak «giza eskubide guztiak pertsona guztientzat kulturarekin» duen konpromisoa berretsi du.

«Ehunka milioi pertsonari oinarrizko eskubideak —hala nola elikadura, ura, etxebizitza edo hezkuntza— eskuratzea eragozten dieten desparekotasun izugarriak salatzen ditugu. Era berean, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak eta askatasun-baldintza oinarrizkoenak errespetatzen ez dituzten erregimenen pean bizi diren pertsonen egoera salatzen dugu».

Adierazpenaren arabera, «gatazka armatuak giza eskubideez gozatzeko oztopo handienetako bat dira, bereziki helburu zibilei erasotzen zaienean, Ukraina eta Palestina bezalako lekuetan gertatzen den bezala, gaurkotasuneko bi adibide jartzearren».

«Klima-aldaketaren erronkak aurrekaririk gabeko garrantzia duten desafio berriak ere baditu. Arintzeko eta egokitzeko konpromisoak funtsezkoak dira giza eskubideak urratzen dituzten sufrimendu masiboak saihesteko. Gogoan dugu Batzar Nagusiak ingurumen garbi, osasungarri eta jasangarria izateko eskubidea giza eskubide gisa onartu duela», jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzak ideia hau azpimarratzen du: «gure herrian, giza eskubideak eta horiei lotutako berdintasunaren eta justiziaren aldeko promesak inoiz amaitu gabeko enpresa dira, eta etengabeko arreta eta ekintza behar dute lan-eskubideetan, berdintasunean, genero-indarkeriaren amaieran edo etxebizitza eta lan duina unibertsalki eskuratzeko eskubidean sakontzeko, eskubide batzuk bakarrik aipatzearren». Onartutako testuaren arabera, «gure gizartean bereziki kalteberak diren taldeak daude —besteak beste, desgaitasuna duten pertsonak, migratzaileak edo bazterketa-arriskuan dauden pertsonak—, eta horiei arreta berezia eskaini behar diegu».

«Euskal Autonomia Erkidegoak, gainera, erronka espezifikoak planteatzen ditu, hala nola, bizi izandako indarkeria politikoaren memoriari lotutakoak edo hizkuntza-aniztasuna babesteko eta sustatzeko behar espezifikoei lotutakoak», azpimarratzen du astero egiten den gobernu-kontseiluan gaur sinatutako adierazpenak.

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak berak egiten duen bezala, Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen kultura «aktiboa» eskatzen du, erakunde publikoekin zein pertsona bakoitzarekin zorrotza dena; izan ere, pertsona horiek «arrazoiz eta kontzientziaz» hornituta daudenez, «anaitasunez jokatu behar dute elkarren artean».

Jaurlaritzak bere adierazpena amaitzeko azpimarratu du «giza eskubideek eskatu egiten digutela» eta «herritarren konpromisoa, erantzukizun zibikoa eta pertsonen arteko elkartasuna» ere eskatzen dutela. Horregatik, Jaurlaritzak bat egiten du «eta gizartea bat egitera gonbidatzen dugu», NBEn kanpainarekin I commit (ni konprometitzen naiz): Adierazpen Unibertsalaren printzipioak errealitate bihurtuko ditut nire eguneroko bizitzan.

Publizitate-kanpaina

Hain zuzen ere, datorren abenduaren 9tik 20ra bitartean, Nerea Melgosak zuzentzen duen sailak publizitate-kanpaina bat jarriko du abian, 75. urteurren honetan giza eskubideen defentsari balioa emateko. «Eskubiderik ez dagoela uste baduzu, DEFENDA ITZAZU» lelopean, kanpainak hainbat diskriminazio-egoera eta eskubide-urraketa gogoratzen ditu, hala nola gerra, arrazismoa, homofobia edo ijitoen kontrako jarrera. Erakundearen mezua mezu zuzen batekin amaitzen da: «orain guztioi dagokigu giza eskubideak defendatzea. DUINTASUNA, ASKATASUNA, JUSTIZIA. Ni konprometitzen naiz”.

Bannerrak, prentsa idatzian txertatzeak, telebistako iragarkiak eta irratiko iragarkiak biltzen ditu kanpainak, eta euskarazko eta gaztelaniazko bertsio bana du.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak, urtero bezala, bat egiten du Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, eta, besteak beste, René Cassin saria emango du, 2003tik ematen ari den bezala. Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordeari (ICDP) emango zaio René Cassin 2023 Saria, «munduko herrialde eta eskualde guztietan heriotza-zigorra indargabetzearen alde egindako borroka nekaezinagatik». Hala erabaki du sariaren epaimahaiak, heriotza-zigorra indargabetzearen alde eta munduko herritar guztien duintasuna eta giza eskubideak errespetatu eta babestuko dituen justizia penalaren alde erakundeak egindako lana aztertu ondoren.

Datorren astean, hilaren 11n, astelehenean, egingo da Saria entregatzeko gala Gasteizko Villa Suso Jauregian. Marta Santos Pais ordezkariak —Haurren aurkako Indarkeriari buruzko Nazio Batuen Erakundeko Idazkari Nagusiaren Ordezkari Berezia ere izandakoak (2009-2019)— jasoko du saria Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosaren eskutik.

Informazio gehigarria