Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 75. urteurrena dela-eta Gobernu Kontseiluak onartutako Adierazpen Instituzionala

0
PRUEBA

1948ko abenduaren 10ean, NBEren Batzar Nagusiak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala onartu zuen. Haren 75. urteurrenean, eguneratu eta berritu egiten dugu Giza Eskubideekin dugun konpromisoa. Eta bat egiten dugu NBEren kanpainarekin, udalerrien, hirien, parlamentuen eta gobernuen parte-hartzea eskatzen baitu.

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren hitzaurrearekin bat etorriz, hau baieztatzen dugu: «Munduko askatasunaren, justiziaren eta bakearen oinarria giza familiako kide guztien berezko duintasuna eta eskubide berdin eta ukiezinak aitortzea da». Gogora dezagun lehenengo artikuluak eskubideen sistema bat ezartzen duela, unibertsala eta bereizkeriarik gabea: «Gizaki guztiak aske jaiotzen dira, duintasuna eta eskubide berberak dituztela».

75. urteurren honetan, berretsi egin nahi dugu pertsona guztiek giza eskubide guztiak dituztelako kulturarekin dugun konpromisoa. Salatzen dugu desberdintasun ikaragarriak daudela eta ehunka milioi pertsonari beren oinarri-oinarrizko eskubideak eskuratzea eragozten dietela, hala nola janaria, ura, etxea eta hezkuntza. Era berean, salatu egiten dugu berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak eta askatasun-baldintza funtsezkoenak errespetatzen ez dituzten erregimenen pean bizi diren pertsonen egoera. Gatazka armatuak oztopo handienetako bat dira giza eskubideez baliatzeko; batez ere, helburu zibilei erasotzen zaienean, Ukrainan eta Palestinan gertatzen den bezala, oraingo bi adibide jartzearren.

Klima-aldaketak, gainera, beste desafio batzuk ekarri ditu, inoiz ez bezalako tamainakoak. Hura arintzeko konpromisoak eta hari egokitzekoak erabakigarriak dira giza eskubideak urratzen dituzten sufrimendu masiboak saihesteko. Gogoan izan Batzar Nagusiak giza eskubidetzat hartu duela ingurumen garbi, osasungarri eta iraunkorra izateko eskubidea.

Gure herrialdean, inoiz amaitu gabeko lan bat dira giza eskubideak eta haiek berekin dakarten berdintasun- eta justizia-promesa, eta arreta eta ekintza behar dituzte etengabe, lan eskubideetan, berdintasunean, genero-indarkeriaren amaieran eta etxe baterako eta lan duinarako irispide unibertsalean sakontzeko, eskubide batzuk bakarrik aipatzearren. Gure gizartean, talde batzuk oso kalteberak dira, eta haiei arreta berezia eman behar diegu, hala nola desgaitasuna duten pertsonak, migratzaileak edo baztertuta geratzeko arriskuan daudenak. Euskadik, gainera, erronka espezifikoak ditu; adibidez, izandako indarkeria politikoaren memoriarekin lotutakoak eta hizkuntza-aniztasuna babesteko eta sustatzeko behar espezifikoekin lotutakoak.

Gogora dezagun Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren lehenengo artikuluak giza eskubideen kultura aktibo bat iradokitzen duela, eta exijentziak dituela bai erakunde publikoentzat eta bai pertsona guztientzat, zeinek «ezaguera eta kontzientzia dutenez gero elkarren artean senide legez jokatu beharra baitute». Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren amaieran, berriro azaltzen da ideia hori, giza eskubideek interpelatzen gaituztela eta berekin herritarren konpromisoa, erantzukizun zibikoa eta pertsonen arteko elkartasuna dakartela dioena: «Pertsona orok komunitatearekiko betebeharrak ere baditu, komunitatea baita bere nortasuna guztiz eta era askean garatzeko toki bakarra». Horregatik, bat egiten dugu NBEren I commit (nik konpromisoa hartzen dut) kanpainarekin, eta gizartea bat egitera gonbidatzen dugu: Adierazpen Unibertsalaren printzipioak bete egingo ditut eguneroko bizitzan.

Informazio gehigarria