Kultura Ondarea Sariaren edizio berri bat jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzak

0

Gaurko Gobernu Kontseiluan onartu da 2023-2024 ikasturterako Kultura Ondarea Sariaren deialdia. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 35.000 euro bideratuko ditu sari honetara. Helburua Euskal Kultura Ondarea ezagutaraztea da berrikuntza, ekintzailetzarako gaitasuna, sormena eta garapen soziala sustatzearekin batera. Honako hauek dira helburu nagusienak:

  • Kultura berritzailea sustatzea eta Euskal Kultura Ondareari buruzko ezagutza ikertu, berreskuratu eta eraikitzeko egindako ahalegina aitortzea.
  • Euskal Kultura Ondarea ezagutaraztea, euskal hezkuntza-sistematik eta hezkuntza-sistemarako.
  • Hezkuntza-ekimen berritzaileak abian jartzen laguntzea.
  • Gazteek Euskal Kultura Ondareari lotutako ezagutzaren balorizazioan eta eraikuntzan duten zeregina aitortzea.
  • Gazteen artean tresna teknologikoen erabilera sustatzea, jabari publikoko kultura- eta hezkuntza-edukiak sortzeko.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehen mailako eta Lanbide Heziketako Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleek parte hartu ahal izango dute deialdian eta gutxienez 3 ikaslek eta gehienez 6 ikaslek osotutako taldeetan banatuta bina bideo aurkeztu beharko dituzte. Batetik Euskal Kultura Ondarearen elementu bateri buruzko bideoa egin beharko dute eta bestetik bideo hori egiteko prozesuaren inguruko beste bideo bat (making of-a). Bideoaren gaia librea izango da baina Euskal Kultura Ondare material eta inmaterialarekin zerikusia izan beharko du.

Hiru bideorik onenak egin dituzten lantaldeak sarituko dira eta irabazleek Europako hiri edo eskualde batera 7 eguneko bisita kultural bat irabaziko dute, beti ere, inguru enblematikoak eta kulturaren adierazpen esanguratsuak ezagutzeko. Talde irabazleen ikastetxeek diploma bat ere jasoko dute eta bideo kopuru handienarekin parte hartzen duen ikastetxeari aintzatespen-plaka bat emango zaio.

Parte hartzeko epea abenduaren 19an hasi eta 2024ko martxoaren 22an amaituko da.