Eneko Barberenak irabazi du Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria

0
Argazkia: Clúster de Sociolingüística

Eneko Barberenak irabazi du Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika saria multinazionalen hizkuntza politika egokirako gakoen gaineko lanarekin. Bigarren saria Garikoitz Goikoetxeak jasoko du, azken datu soziolinguistikoen arabera euskararen geografia berria proposatzen duen lanagatik. Jone Miren Hernandez eta Marta Luxanentzat izango da hirugarrena, generoak hiztunen kategorizazioan eta errepresentazioan duen eraginari buruzko lanagatik.

Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dituzten sarien banaketa ekitaldia abenduaren 14an izango da Donostian; UPV/EHUren Carlos Santamaría Zentroko Txillardegi Aretoan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien 2022eko edizioan garaile izan diren lanak honakoak izan dira:

Lehen saria (2.000 €)

Izenburua: Multinazionalen hizkuntza politika egokirako hainbat gako

Egilea: Eneko Barberena Mondragon

Eneko Barberena Mondragon

Laburpena: Demagun Madrilen egoitza duen banku Espainiar handi batek erabakitzen duela fusionatzea Lisboan egoitza duen Portugalgo egoitza duen batekin. Zein izango litzateke euren arteko lan hizkuntza? Gaztelania? Portugesa? Biak? Hirugarren hizkuntza bat, demagun, ingelesa? Eta Alemanian egoitza duen enpresa baten kasuak zer leku eduki behar du alemanak Euskal Herrian kokatutako plantatan? Eta euskarak? Gaztelaniak? Ingelesak? Nola eta non jasotzen dituzte enpresek hizkuntzei buruzko eraentzok?

Gezurra badirudi ere hainbat eta hainbat kasutan hau ez dago behar den bezala jorratuta eta horrek eragin kaltegarriak ekarri ahal dizkie enpresei. Hizkuntza aniztasuna kudeatu beharreko zerbait da, berariaz eta era gardenean. Hango euskara planak, hemengo ingelesa ikasteko erraztasunek eta haratagoko bezeroen demandak asetzeko hizkuntza aurreikuspenek behar dute lotura sendoa eduki. Horregatik, konplexutasun handiko egoerak hau eskatzen du nire ustez: (1) Hizkuntza politika on bat, konpainia osoa aintzat hartuko duena. Eta (2) Lingua franca baten ezarpen esplizitua, hizkuntza aniztasun testuinguruan.

Bigarren saria (1.300 €)

Izenburua: Euskararen geografia berria

Egilea: Garikoitz Goikoetxea Etxeberria

Garikoitz Goikoetxea Etxeberria

Laburpena: Urteotan aldaketa nabarmena izan du euskararen egoera soziolinguistikoak, batez ere ezagutza hedatzearen eskutik. Bilakaera hori aztertzean, aintzat hartu beharreko aldagaia da lurraldea: Euskal Herriko herrietan eta eskualdeetan zer gertatzen ari den. Egoera soziolinguistikoa ez baita bera eremu guztietan, eta bilakaera ere ez. Hizkuntza-plangintzan kontuan eduki behar da hori.

Analisi geografiko baterako hurbilketa egitea da lan honen xedea: euskararen egoerari buruzko datu nagusiak lurralde-ikuspegitik lantzea, mapa berri batzuk proposatuz. Euskal Herri osoa hartu da oinarri, udalerriz udalerri, hainbat informazio-iturri uztartuta. Ez da lan erraza, informazioa ez baita osatua Euskal Herri osoan. Euskal demolinguistikak hori du erronka nagusietako bat: nola osatu lurraldez lurraldeko azterketak Euskal Herri osoan egiteko moduko datu-multzo sendo bat.

Hirugarren saria (1.000 €)

Izenburua: Hiztunaren genero nahasmendua. Hizkuntza gutxituak, euskara eta generizazio prozesuak

Egileak: Jone M. Hernández García eta Marta Luxan Serrano

Jone M. Hernández García eta Marta Luxan Serrano

Laburpena: Artikuluak hizkuntza gutxituen inguruan gertatutako generizazio prozesuak ditu aztergai, euskararen erabileran antzemandako feminizazioa adibidetzat harturik. Joera hau 1990 hamarkadan azaleratu zen hainbat datu estadistikoei esker. Hauen arabera, emakumez-koek gizonezkoek baino euskara gehiago erabiltzen zuten.

Ustezko feminizazio hori abiapuntua da euskararen indarberritze prozesuan zehar generoarekin lotutako lau gerta-kari aztertzeko: jakintza soziolinguistikoaren generizazioa, hiztunaren esentzializazioa, indarberritzearen feminizazioa eta hiztun estatistiko bitarraren finkapena.

Eztabaidan nabarmentzen dugu hiztunen kategorizazioak eta errepresentazioak (tartean sexu-generokoak), ezberdintasunak agertarazteaz gain horien eraikuntzan eta finkapenean eragiten dutela, hainbat ondorio ekarriz.

Sari-emate ekitaldia

Lan irabazleen egileei sariak banatzeko eta lan horien laburpenak jendaurrean aurkezteko ekitaldia antolatu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak.

Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarien Banaketa Ekitaldia:

  • Abenduak 14, osteguna
  • 17:00-19:00
  • Txillardegi Aretoa – Carlos Santamaria Zentroa – UPV/EHU, Donostia

Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sariak

2008. urtean sortu zenetik, lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Euskal soziolinguistikaren ikerlarien lana bultzatzea eta ikerlari berriak eremu honetara biltzea bilatzen da. Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, beti ere oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak izanik. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste. Txillardegi – Hausnartu Soziolinguistika Sariak izenarekin, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskal soziolinguista handia omendu nahi da, euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.