Errekatxulo ibaiaren hormigoizko zati bat zaharberritu dute Donostian

0

URAk Errekatxulo ibaiaren ibilguaren zati bat leheneratu du Donostiako Belartza auzotik igarotzen den tarte batea: Belartza kalearen azpiko bidegurutzetik Amasorrain kalearen azpiko bidegurutzeraino. Horretarako, ibilgu naturalizatu berri bat sortu da, bere garaian tartea bideratzeko erabili zen hormigoi armatuzko egitura ordezteko.

Jarduketak 5 hilabeteko obrak behar izan ditu, 160.000 euroko inbertsioa (BEZ barne), eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.

Zehazki, ibilgua ibaiertzekin eta haien habitatarekin lotzea bilatu da; zimurtasun handiagoko ohantze bat egokitu da; eta gainalde edota ur-salto txikitxo naturalak eratzea erraztu da. Jarduketa egin den 150 metroko tartea hormigoi armatuzko egitura mailakatu batek osatzen zuen, U formakoa, 1,30 metroko oinarria eta bi metroko altuera zuten alboetako paretak zituena.

Ibilgu berria egokitu ondoren, hormigoizko egitura zaharraren zati bat eraitsi da. Datozen asteetan, ezpondak egonkortuko dira bioingeniaritzako hainbat teknikarekin, eta ertzak haltzadi kantauriarreko espezieekin (haltza, lizarra, hurritza, elorria, astigar arrunta, sahats beltza, hozkailua) eta belarkekin birlandatuko dira.