Talleres MAHek piezak dekoletatzen ditu planopean edo laginpean

0

Talleres MAH 1976an sortutako enpresa familiarra da, eta dekoletaje-pieza mota guztiak fabrikatzen ditu –torlojuak, ardatzak edo bestelako piezak txirbil-harroketa bidez eta serieko fabrikaziorako– 50mm-ko diametroraino, material anitzetan: aluminioa, letoia, PVCa edo altzairu herdoilgaitza, esaterako. 

Enpresa Bergaran jaio zen, Adanez familiako hiru kideren eskutik, eta bere eskaria hazi ahala urratsak ematen joan zen. 2000. urtean, zortzi langile izan zituen plantillan, eta urtebete geroago, 500m2 -ko pabiloi berri bat erosi zuen Soraluzen, gaur egun egoitza duen lekuan. Bezeroen zehaztapenak betetzen direla bermatzeko, ekoizpen-baliabideak berritu ditu, azpiegituretan, baliabideetan eta makinerian inbertsioak eginez. 

Azken sei urteetan, zenbakizko kontrolerako zortzi makina erosi ditu; horietatik hiru buru finkoko torneaketa-zentroak dira, bost buru mugikorrekoak eta azkenak FANUC MT-LINK-i softwarea du. Horrek “produktuaren kalitatea hobetzea eta prezioen lehiakortasuna areagotzea ekarri du, zulagailuak, hariak edo fresatuak bezalako eragiketak batera egiten baitituzte”, azaldu du enpresako gerenteak, Maialen Galarragak. 

Talleres MAHek, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainiako Estatuaren zati batean lan egiten du batez ere, eta sektore askotako bezeroak ditu: automobilgintza, sarrailagintza, tresneria, marketeria, makineria eta eraikuntza. 

Orain, azken urteetan erositako tornuekin, MAH tailerren helburua merkatu ezberdinetan sartzea eta pieza konplexuagoak egitea da. 

SPRI Taldeak aukera ematen die euskal enpresei haien jardueraren berri emateko bere informazio-kanaletan. Zure proiektua gure gaiekin lotuta badago (I+G+b, digitalizazioa, internazionalizazioa, ekintzailetza, berrikuntza…), Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.