Urkullu Lehendakariak René Cassin 2023 Saria Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordeari eman dio, munduko eskualde guztietan heriotza-zigorra indargabetzeko egiten ari den lanagatik

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak René Cassin 2023 Saria eman diote gaur Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordeari  (ICDP). Vitoria-Gasteizko Villa Suso Jauregian egindako ekitaldian, Saria Marta Santos Pais komisarioak —Haurren aurkako Indarkeriari buruzko Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren ordezkari berezia izandakoak— jaso du.

«Urraketa, mehatxu eta arriskuaren egungo testuinguru globalean, geure egiten dugu Giza Eskubideen defentsaren arrazoia. Geure egiten ditugu duela 20 urtetik René Cassin saria jaso duten pertsonek eta erakundeek ordezkatzen dituzten balio humanistak. Geure egiten ditugu Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordearen lana gidatzen duten printzipioak”, adierazi du Iñigo Urkulluk.

Bestalde, Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordeko presidente eta Nazio Batuetako goi-mandatari ohi Navi Pillay-k esker ona azaltzeko bideo bat bidali du, eta bertan honako hau adierazi du: “aitorpen hau jasotzeak indar handiagoa emango digu mundu osoko gobernu-agintariekin eztabaidatzen jarraitzeko, batez ere heriotza-zigorrari oraindik eusten dioten gobernuekin, heriotza-zigorrik gabeko mundu bat lortzeko azken helburuarekin”.

“Sari hau une egokian iristen da, bere ekarpenetako batek, hots, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala sustatzeak, 75 urte betetzen baititu orain”, gogoratu du Pillay berak. Izan ere, atzo bertan bete zen 1947ko abenduaren 10ean sinatutako Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren urteurrena, eta haren bultzatzaile nagusietako bat René Cassin baionarra izan zen.

Lehendakariak esan duenez, «Euskaldun unibertsal» baten izena daraman sari honek «Euskadik giza eskubideekin duen konpromisoa» sinbolizatzen du. «Gaur, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 75. urteurrenean, urrunago goaz: gizakion bizitzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, bizitza hori duina izateko eskubidea ere ozenki aldarrikatzen dugu».

Nerea Melgosak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua dena nabarmendu duenez, «giza eskubideak ez dira corpus teorikoa, etereoa eta ukiezina. Egunerokotasunari, pertsona gisa duintasuna izateari, ongiari, ongi-egoteari eta gure eta gizateriaren bizi-kalitateari lotutako eskubideak dira. Giza eskubideak eskubide unibertsalak dira, eta, unibertsalak direnez, hurbiltasun-eskubideak ere badira».

  1. urte honetan Eusko Jaurlaritzak Heriotza Zigorraren Aurkako Nazioarteko Batzordeari eman dio René Cassin Saria, «munduko herrialde eta eskualde guztietan heriotza-zigorra indargabetzearen alde egindako borroka nekaezinagatik».

«Sentsibilizazioaren, ikerketaren, politiken sustapenaren, Estatuentzako laguntza teknikoaren eta Nazio Batuekin batera egindako jardunaren bidez, ICDPk gogor lan egiten du exekuzioak prebenitzeko, jokabide bidegabeak eta arbitrarioak ezabatzeko, heriotza-zigorraren alternatibak proposatzeko eta sistema penal bidezkoagoak eta humanitarioagoak sustatzeko» adierazten du epaimahaiaren irizpenak.