Euskadiko elikagaien sektoreak packaging jasangarrian erreferente izan nahi du, eta egindako aurrerapenak «Elikagaien Ontzien eta Bilgarrien Berrikuntzarako I. Topaketan» azaldu ditu

0

Elikagaien balio kateko eta ontzien eta bilgarrien industriako ehun profesional baino gehiago bildu dira asteazken honetan Barakaldon ontzi | BASQUE FOOD PACKAGING Innovation Hub-ek antolatutako ‘Elikagaien Ontzien eta Bilgarrien Berrikuntzarako I. Topaketan’ parte hartzeko. Ekitaldiak erreferentziazko adituek ontzien kudeaketan gaurkotasuna duten alderdiak jorratu dituzten jardunaldi profesionala hartu du, hala nola, araudian berehala etorriko diren aldaketak, birziklatze-sistemen eta hondakinen kudeaketaren etorkizuna, edo merkatuan dagoeneko aplikatu diren materialen azken berrikuntzak. Era berean, erakusketa-gune batean bildu ditu Euskadiko elikagai-enpresek adierazitako beharrei erantzuteko duten gaitasunarengatik hautatutako hogei bat enpresa eta zentro teknologikok garatutako packaging jasangarriko soluzio berriak.

Urriaren hasieran merkaturatu zenetik, ontzi Euskadiko elikagaien ontzien eta bilgarrien berrikuntza komunitateak, elikagaien ekosistemako eta ontzien eta bilgarrien industriako 315 eragile baino gehiago bereganatzea lortu du. Horietatik % 37 elikagai-enpresak dira, % 24 ezagutza-eragileak (zentro teknologikoak, unibertsitateak, etab.) eta % 18 material-enpresak. Gainerako % 20a erakundeen, klusterren eta elkarteen, ekipo-ondasunen enpresen eta startupen artean banatzen da.

Plataforma horren bidez, eragile horiek elkarlanean ari dira euskal elikadura-katea ingurumen-erregulazioetara eta kontsumitzaileen eskarira modu lehiakorrean egokitzea ahalbidetuko duten soluzio berriak aurkitzen, elikagaien segurtasuna eta enpresen lehiakortasuna bermatuz. Gainera, komunitateak aukera ematen du enpresek, eta bereziki ETEek, beren ontzietan eskatutako aldaketak ezartzerakoan dituzten zalantza teknikoak eta legalak argitzeko, eta arlo horretan soluzioak eskaintzen dituzten eragileen nazioarteko mapa eskaintzen die.

Ontzi-n parte hartzen duten eragileen lankidetzaren ondorioz, enpresa parte-hartzaileek beren premia zehatzei irtenbidea eman ahal izateko 10 lankidetza-proiektu bultzatuko dira. Era berean, Euskadiko elikadura-katea sektoreko jasangarritasunaren aitzindari izateko proiektu eragile bat jarri nahi da martxan.

Erronkak, joerak eta soluzioen azoka

Jardunaldi profesionalari dagokionez, lehen tartea Europako eta Estatuko legeria berriek elikagaien sektoreko ontzi-hondakinei buruz planteatzen dituzten erronkak aztertzera bideratu da. Horretarako, hauek hartu dute parte: Aitana de la Varga (Universitat Rovira i Virgili), Alberto Aguilar (Embutidos Martínez), Ana Isabel Moreno (Entrepinares Taldea), María Martínez-Herrera (ASEDAS-Asociación Española de Distribuidores, Autoservicios y Supermercados), Sandra Palacín (Mahou San Miguel) eta Jon Ander Egaña (BASQUE FOOD CLUSTER).

Bigarren mahai-inguruak material jasangarri berrien azken joerak aurkezteko balio izan du, hauen eskutik: Miriam Gallur eta Carmen Sanchez (ITENE), Virginia Rodríguez (Tetra Pak), María Rodríguez Cid (EMSUR), Didier Verhaert (Futamura) eta Garbiñe Manterola (BRTA – Basque Research & Technology Alliance).

Azkenik, birziklagarritasunaren etorkizuna hondakinen kudeaketatik eta packagingaren zirkulartasuna errazteko gakoetatik jorratu da, hauen esku-hartzeei esker: Germán Casado (Ecoembes), José María Fernández Alcalá (Ihobe), Olga Martín (Aclima), Cristina Garcia-Vera de Lope (Urbaser) eta Belén García (PACKNET). Ekitaldiaren amaiera Virginia Matesanz BASQUE FOOD CLUSTEReko Berrikuntza Zuzendariaren eskutik etorri da.

Aldi berean, topaketan izandako erakusketa-gunean elikagaien sektoreko enpresek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte hauek garatutako packaging jasangarriko soluzio berriak: 3DS Dassault Systèmes, ADBioplastics, Aspla – Armando Álvarez Taldea, ATS-Tanner, Corplex, Embalajes Selección, Futamura, GAIKER, Lantero Taldea, Gutenbag, Hinojosa Packaging, IFCO, ITENE, Plastigaur, Saizarlan, Tecnalia, Tekniker eta Titán Eco Sostenible.

ontzi | BASQUE FOOD PACKAGING Innovation Hub

BASQUE FOOD CLUSTERek eta ELIKA Fundazioak bultzatuta, ontzi komunitatea ENVAS3S proiektuaren ekimenetako bat da. Proiektu hori elikagai-enpresek Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren barruan adierazitako beharretatik sortu da.

Eusko Jaurlaritzak 2023ko Berrikuntza Funtsaren bidez sustatu eta finantzatutako proiektu horrek hainbat eragile adituren laguntza du, hala nola aholkularitza teknikoa ematen duen ITENE; soluzioak bilatzeaz arduratzen den Packnet (Ontzi eta Bilgarrien Espainiako Plataforma Teknologikoa); proiektu potentzialen diseinuaren buru den IDOM; joera eta jardunbide egoki inspiratzaileen txostenak egiten dituen C4E; eta ontzien inguruan kontsumitzaileek duten pertzepzioari buruzko azterlanak egiteaz arduratzen den Across The Shopper.