Euskadin atzerriko nazionalitatea duten ia 50.000 gazte bizi dira, gazte guztiekiko % 15 dira

0

Abenduak 18, Migranteen Nazioarteko Eguna

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak, 2000ko 55/93 ebazpenean, abenduaren 18a Pertsona Migratzailearen Nazioarteko Eguna izendatzea erabaki zuen. Ospakizun hori dela eta, Gazteen Euskal Behatokiak Euskadin bizi diren atzerritar nazionalitatea duten gazteen kopuruari buruzko datu eguneratuak aurkezten ditu. Datu horiek Eustaten Biztanleen Udal Estatistikatik datoz, Eustatek Gazteen Euskal Behatokiari 15-29 urteko pertsonei dagozkien zifrak eman baitizkio.

2023an, Euskadin 15-29 urteko 319.744 gazte bizi dira. Horietatik 66.626 atzerrian jaio ziren eta 49.389k atzerriko nazionalitatea dute. Azken hori da orain arte Euskadin erregistratu den atzerriko nazionalitatea duten gazteen kopururik handiena.

Atzerriko nazionalitatea duten pertsona horiek Euskadiko 15-29 urteko gazte guztien % 15,4 dira, eta proportzio hori, berriz ere, serieko handiena da.

Jarraian, atzerriko nazionalitatea duten gazteen barne-banaketa aurkeztuko dugu, sexuaren, adin-taldeen, bizilekuaren eta jatorrizko kontinentearen arabera, bai eta banaketa horiek azken hamabost urteetan izan duten bilakaera ere.

Azken hamabost urteetan atzerriko nazionalitatea duten gazteen osaerak sexuaren arabera izan duen bilakaerari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu atzerriko gizon eta emakume gazteen kopurua antzekoa izan dela seriean zehar, nahiz eta 2022an eta 2023an gizonen presentzia handiagoa izan den emakumeena baino (2.000 gizon inguru gehiago daude). Izan ere, 2023an % 52,1 gizonak dira eta % 47,9 emakumeak.

Bost urteko taldeen araberako banaketari dagokionez, serie osoan 25 eta 29 urte bitarteko pertsonen presentzia handiagoa izan da, eta 15 eta 19 urte bitartekoena, aldiz, txikiagoa, nahiz eta azken horien artean 10.000 pertsonako kopurua gainditu den.

2023an, % 20,8k 15 eta 19 urte artean zituen, % 32,9k 20 eta 24 urte artean, eta ia erdiak, % 46,2k, 25 eta 29 urte artean. Banaketa hori ez dator bat Euskadiko gazte guztien banaketarekin, gazteria osoan bost urteko hiru taldeek antzeko pisua baitute.

Lurralde-banaketari dagokionez, Bizkaian dago, oro har, biztanle gehien, eta, beraz, atzerritar nazionalitatea duten gazte gehien ere bai. Gainera, Bizkaiak, Gipuzkoak bezala, 2023an izan du serieko atzerriko nazionalitatea duten gazteen kopururik handiena; Araban, aldiz, atzerriko nazionalitatea duten gazteen presentzia handiagoa izan zen 2009 eta 2013 artean 2023an baino.

Gaur egun, atzerriko nazionalitatea duten gazteen % 51,3 Bizkaian bizi da, beste % 32,7 Gipuzkoan eta gainerako % 16,0 Araban. Lurralde-banaketa hori Euskadiko gazteria osoaren antzekoa da.

Atzerriko nazionalitatea duten gazteen kopuruen bilakaerak, jatorrizko kontinentearen arabera, argi eta garbi erakusten du Amerikatik etorritako pertsonen nagusitasuna serie osoan zehar, eta, gainera, azken urtean areagotu egin da. 2023an, Euskadi biz diren atzerriko gazteen erdia baino gehixeago Amerikatik etorri da ( % 52,7), horien barne banaketa oso desberdina bada ere: pertsona horietako gehienak Hego Amerikatik etorri dira (Euskadin bizi diren gazte amerikarren % 62,2), herenak baino gehixeago Erdialdeko Amerikatik edo Karibetik ( % 35,4), eta % 2,4 eskas Ipar Amerikatik.

Bestalde, 2023an, Euskadin bizi diren gazte atzerritarren % 24,3 Afrikatik etorri da, % 15,9 Europatik eta gainerako % 7,2 Asiatik edo Ozeaniatik. 2012tik 2023ra, Afrikatik Europatik baino gazte gehiago etorri da.

Euskadin bizi diren atzerriko nazionalitatea duten emakume gazte gehienak Amerikakoak dira. Eta hori aztertutako urte guztietan egiaztatu da. Gizonen artean, amerikarrek beste kontinenteetatik etorritakoek baino pisu handiagoa dute, baina ez dira gehiengo izatera iristen.

Atzerriko gizonen artean, afrikarren ehunekoa emakumeen artean osatzen dena baino handiagoa da. Izan ere, emakume gazte atzerritarren artean, afrikarrak baino europar gehiago daude, nahiz eta europarren pisua txikituz joan den urteen poderioz.

Hiru lurralde historikoetan, atzerriko nazionalitatea duten gazteen talde handiena Amerikatik etorritakoena da, baina Bizkaian pisu hori are handiagoa da gainerako lurraldeetan baino.

Kopuru absolutuetan Bizkaiak Afrikatik etorritako gazte gehiago dituen arren, horien garrantzi erlatiboa handiagoa da Araban, gaur egun lurralde horretan bizi diren atzerriko nazionalitatea duten gazte guztien ia herena osatzen baitute. Antzeko zerbait gertatzen da Gipuzkoan, Europako beste herrialde batzuetatik etorritako gazteen proportzio handiena baitu (kopuru absolutuetan Bizkaian gehiago bizi arren).

Euskadin bizi diren atzerritar nazionalitateko biztanle guztiei erreparatuz gero (adin guztietako 203.661 pertsona), ikusten da laurden bat 15 eta 29 urte bitarteko gazteak direla (% 24,3, zehazki). 2008an, Euskadin bizi ziren atzerritarren batez besteko adina txikiagoa zen, eta orduan % 34,4k 15 eta 29 urte artean zituen.

Eta atzerriko nazionalitatea duten gazteen jatorria Euskadin bizi diren atzerritarren kolektibo osoak jatorriaren arabera duen banaketarekin alderatzen badugu, ikusiko dugu gazteen artean Amerikatik etorritako pertsonen proportzio handiagoa eta europarren proportzio txikiagoa dagoela. Europatik Euskadira datozen gazteen fluxuak behera egin du apurka-apurka, eta, horren ondorioz, gazte europarrek garrantzia galdu dute gazteriaren kolektiboan, baina oraindik ere garrantzia dute atzerritar guztien artean; izan ere, gazteak ez diren arren, horietako askok Euskadin bizitzen jarraitzen dute.

2030 Agendaren lehentasunen euskal programak, 2021-2024 aldirako jarduera-planean, migrazioekin lotutako konpromiso batzuk ezartzen ditu, zehazki 12.4 atalean jasotakoak, gizarte-politiken eta gazteriaren arloan. Jarraian zehazten dira konpromiso horiek (87, 88, 89 eta 90). 87. konpromisoa da: «Migrazio-egitatearen aurreko harrera-, integrazio- eta erantzunkidetasun-kultura zibikoa sustatzea eta hedatzea»; 88. konpromisoa: «migratzaileak hartzeko estrategia global bat finkatzea»; 89. konpromisoa: «asilo-politikaren euskal eredu bat definitu eta sustatzea»; eta 90. konpromisoa: «zaurgarritasun-egoeran dauden migratzaileentzako babesa, estaldura eta laguntza».

Konpromiso horiek, era berean, 1. (pobreziaren amaiera) eta 10. (desberdintasunak murriztea) garapen iraunkorrerako helburuekin lotuta daude.