Eusko Jaurlaritzak 2023ko lan eskaintza publikoa onartu du, 3.000 plaza baino gehiagorekin

0

Plazak EAEko Administrazio Orokorrari eta haren erakunde autonomoei, Hezkuntzari, Osakidetzari eta Segurtasun Administrazioari dagozkie

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eskatuta, Gobernu Kontseiluak 2023ko lan eskaintza publikoa (LEP) onartu du gaur, EAEko Administrazio Orokorrerako eta haren erakunde autonomoetarako, eta EAEko Hezkuntza Administraziorako. Gainera, Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak eta Segurtasun Sailak onartutako eskaintzen berri  ere eman dio Gobernu Kontseiluari.

Eskaintza 3.010 plazatakoa da guztira, eta aurrerapauso handia da Jaurlaritzak euskal sektore publikoan enplegu publikoa sustatzeko duen helburuan. Kopuru horretatik, 590 plaza EAEko Administrazio Orokorrari eta haren erakunde autonomoei dagozkie, 886 Hezkuntza Administrazioari, 1.434 Osakidetzari eta Administrazio instituzionaleko gainerako zuzenbide erakunde publikoei, eta 100 plaza Ertzaintzako agente kategorian sartzeko. Plaza horiek 2020-2024 Euskadiko ekonomia eta enplegua suspertzeko Berpiztu Programan sartzen dira.

Kalitatezko enplegua sortzeko eta hobetzeko konpromisoa duen erakundea den aldetik, euskal sektore publikoan enplegua sustatzea da lan eskaintza horien guztien helburua.

Ildo horretan, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, behin enplegu publikoa finkatzeko prozesuak amaituta, enplegu eskaintza berriak aldizka egiteko konpromisoari eusten dio, eta horrek enplegu publikorako deialdien dinamika ekarriko du berekin, gehienez ere hiru urteko epean.